Sute larria piztu da Andaluziako Los Gallardos herrian, eta gutxienez hamabi pertsona hil dira. Zortzi lagun eraman behar izan dituzte erietxera suak eragindako erredurak direla eta, haietako lau larri. Iturri ofizialen arabera, argindar kable bat erortzearen ondorioz piztu da sua, eta azkar zabaldu da, haizeak lagunduta. Dagoeneko 3.000 hektareatik gora erre dira.
Bedar herrian izan dira hildakoak. Andaluziako Gobernuak azaldu duenez, herria husten hasi ziren bart, baina sua azkar gerturatzen ari zela ikusita, etxean geratzeko eskatu zieten herritarrei. Hildakoetatik lau Erresuma Batutik oporretara joandako turistak ziren; autoan harrapatu zituen suak, herritik ateratzeko ahaleginean. Beste zortzi hildakoak ihesean zihoazela harrapatuta geratu ziren. Orotara mila lagun inguru atera dituzte etxetik. Gainera, Espainiako Gobernuak Almerian duen delegazioak jakinarazi du hemeretzi lagun desagertuta daudela.
Malkartsua da oso sua piztu den ingurua, eta horrek zaildu egin ditu hura itzaltzeko lanak.