Gutxienez hamar hildako Austrian, eskola batean izandako tiroketan

Herrialdearen hegoaldean gertatu da tiroketa, Graz hirian. Alkatearen arabera, ikasleak dira hildako gehienak, eta erasotzailea ere hildakoen artean dago.

Polizia Graz hiriko Dreierschutzengasse kalean, tiroketa izan den ikastetxetik hurbil. ERWIN SCHERIAU / EFE
Polizia Graz hiriko Dreierschutzengasse kalean, tiroketa izan den ikastetxetik hurbil. ERWIN SCHERIAU / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko ekainaren 10a
12:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamar pertsona hil dira Graz hiriko eskola batean (Austria) gaur goizean izandako tiroketan. Elke Kahr alkateak eman dio hildako kopuruaren berri APA Austriako berri agentziari. Gaineratu duenez, hildakoen artean gehienak ikasleak dira, eta erasotzailea ere hildakoen artean dago. Austriako hedabideek zabaldu dutenez, 30 pertsona baino gehiago daude zaurituta; horietako zenbait, larri. Austriako bigarren hiri populatuena da Graz, herrialdearen hegoaldean dago, eta Estiria estatuko hiriburua da.

ORF Austriako hedabide nazionalak kaleratu duenez, lehen hipotesien arabera, tiroketaren egilea ikastetxeko ikasle ohi bat da, eta bi ikasgelatan aritu da tiroka. Hedabidearen arabera, Poliziak operazio handi bat du martxan Grazen, goizeko hamarretatik. Estiriako Poliziak sare sozialetan jakinarazi duenez, ikastetxea hustu dute, eta jada «egoera segurua» da. Gaineratu du ikasleak eta gurasoak laguntza psikologikoa jasotzen ari direla.

Bertan behera utzi dituzte gaur egitekoak ziren ekintza politiko gehienak. Eta Austriako hedabideek baieztatu dutenez, Grazera bidean dira herrialdeko kantziler Christian Stocker, Barne ministro Gerhard Karner eta Hezkuntza ministro Christoph Wiederkehr.

Stockerrek «tragedia nazional bat» izan dela adierazi du ohar bidez, eta gertakariak herrialde osoa «astindu» duela: «Oraintxe bertan ez dago hitzik austriarrok sentitzen dugun mina eta tristura adierazteko». Doluminak eman dizkie hildakoen senideei, eta larrialdi zerbitzuen lana eskertu du.

Austriako presidente Alexander Van der Bellenek ere komunikatu bat kaleratu du gertakaria gaitzesteko: «Gazteak ziren, bizitza osoa zuten aurretik. Eta haien irakasle bat. Oraintxe bertan ezinezkoa da hildakoen gurasoek, anai-arrebek, aitona-amonek eta lagunek duten mina arintzea».

EB Europako Batasuneko agintariek ere deitoratu dute Grazeko tiroketa, sare sozialetan. Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidentearen arabera, «eskolak gaztetasunaren, esperantzaren eta etorkizunaren sinbolo dira, eta jasangaitza da horiek heriotza eta indarkeria gune bihurtzen direnean». Antzera mintzatu da EBko diplomaziaburu Kaja Kallas: «Haur guztiek seguru sentitu beharko lukete eskolan», adierazi du sare sozialetan.

Hildako bat Frantziako eskola batean

Grazeko tiroketa gertatu den egun berean, 14 urteko ikasle batek ikastetxe bateko zaintzailea hil du Frantzia ipar-ekialdeko Nogent herrian. Frantziako hedabideen arabera, 31 urteko zaintzailea ikasleen motxilak ikuskatzen ari zenean egin dio eraso ikasleak, labana batekin. Biktima ospitalera eraman dute larri zaurituta, eta han hil da. Jendarmeek ikaslea atxilotu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.