Gutxienez hamazazpi lagun hil dira Errusiak Ukrainako espetxe baten aurka egindako eraso batean

Gaueko erasoetan, 22 ukrainar baino gehiago hil ditu Moskuk. Azken hilabeteetako egunik odoltsuenetako bat izan da.

Bilenkeko espetxea bonbardaketen ondoren, Zaporizhia eskualdean, Ukrainan, gaur. EFE
Bilenkeko espetxea bonbardaketen ondoren, Zaporizhia eskualdean, Ukrainan, gaur. EFE
2025eko uztailaren 29a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Errusiak Zaporizhia eskualdeko Bilenkeko espetxeari eraso egin dio gerraren 1.251. egunean. Ukrainako iturri ofizialek sare sozialetan kaleratu dutenez, bart Errusiak herrialdeko hego-ekialdean dagoen kartzela bonbardatu du, eta hamazazpi preso hil ditu, eta 43 zauritu. 

Ivan Fedorov Zaporizhiako gobernadoreak bere Telegrameko kanalean adierazi duenez, atzo gauean Errusiak zortzi aldiz egin zion eraso eskualdeari, eta, besteak beste, Bilenkeko espetxea jo zuen. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik atzoko erasoen inguruan adierazpen batzuk egin ditu bere sare sozialetan, eta, horiek gaitzetsi ez ezik, kartzelako azpiegiturak eta inguruko etxeak suntsitu zituztela ere azaldu du. Bestalde, Ukrainako giza eskubideen ordezkariak adierazi du espetxe bati eraso egitea nazioarteko zuzenbide humanitarioaren «urraketa larria» dela.

Ukraina hegoaldean Errusiak partzialki okupatuak dituen eskualdeetako bat da Zaporizhia, eta gerrako fronteak zeharkatu egiten du. 2022an gatazka hasi zenetik, Errusiak anexionatua duela adierazi du. Hala ere, Zaporizhiako lurraldearen gehiengoa gaur egun Ukrainaren kontrolpean dago, eta Moskuk maiz egiten dio eraso; droneen eta misilen bitartez.

Zelenskik, kaleratutako oharrean, gehitu du Errusiak erasoak egin zituela herrialdeko beste eremu batzuetan ere. Esate baterako, Dnipron Moskuko aire armadak ospitale bat jo zuen misilekin, eta hiru pertsona hil zituen. Bestalde, Kieveko eraikin bat jo zuten droneen bidez, eta zortzi lagun zauritu zituen. Ukrainako armadak jakinarazi duenez, gaueko erasoetan 324 drone, lau gurutzaldi misil eta hiru misil balistiko erabili zituen Errusiak —gehienak eraistea lortu zuen Ukrainak—. Hildakoen kopurua aintzat hartuta, Ukrainaren aurkako azken hilabeteetako erasorik odoltsuenetako bat izan da atzokoa.

Ukrainak ere Errusiari eraso egin zion bart. Hala, herrialdeko hego-mendebaldeko Rostov eskualdeko tren azpiegitura jo zuen, Ukrainako Segurtasun Nazionalerako eta Defentsarako Kontseiluak zabaldutako mezu batean iragarri duenez. Azaldutakoaren arabera, azpiegitura hori Errusiako armadaren «funtsezko» gune logistiko bat zen; erregaiak, munizioa eta bestelakoak bertatik banatzen baitzituzten. «Trenbideak gerraren arteriak dira. Logistikarik gabe, Errusiako armadaren ekintzak geldiarazten ari gara» adierazi du Andrii Kovalenko ofizialak Telegramen. 

Trumpen «ultimatuma»

AEBetako presidente Donald Trumpek Errusiako presidente Vladimir Putini su eten bat adosteko emandako 50 eguneko epea hamar edo hamabi egunera murriztu ondoren egin ditu Errusiak gaueko erasoak. Trumpek atzo iragarri zuen Errusiari emandako epemuga berria, eta, Kremlinek «bakerako bidean» aurrerapausorik eman ez duela argudiatuta, gehiago itxaroteko arrazoirik ez dagoela adierazi zuen. Zelenski «pozik» agertu da berriarekin. Errusiak, berriz, gogor kritikatu du neurria, eta Trumpi «ultimatumetan jolasten aritzea» leporatu dio. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.