Errusiaren aire eraso batek gutxienez hamazazpi pertsona hil ditu gaur Zaporizhia hirian, Ukraina hegoaldean. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen esanetan, Moskuk aireko bost bonba erabili ditu erasoa egiteko, eta horiek etxebizitza blokeak jo dituzte. Ukrainako larrialdi zerbitzuen esanetan, hildakoen artean hiru adingabe daude, eta zaurituak hamabostetik gora dira. Errusiak Zaporizhia eskualdearen %75 inguru dauka kontrolpean; ez, ordea, hango hiriburua.
Zelenskik sare sozialetan idatzitako mezu batean nabarmendu duenez, Errusiak bonbak jaurtiz «eskertu» du AEBek atzo Kremlini egindako «oparia». Izan ere, atzo iluntzean, Donald Trump AEBetako presidenteak jakinarazi zuen Vladimir Putin Errusiako presidentearekin «elkarrizketa arrakastatsu bat» eduki zuela telefonoz, eta iragarri Errusiak «berehala» esportatuko duela diesel erregaia «AEBetako eta munduko merkatuetara». Kremlinek azpimarratu zuen ondoren, ohar batean, Errusia prest dagoela AEBetako eta munduko merkatuak petrolioz eta petroliotik eratorritako produktuz hornitzeko.
Ukrainako presidentearen esanetan, Errusiak gerra finantzatzen jarraitzeko baliatuko du esportazio horietatik lortutako dirua. Horren harira, antzera mintzatu da Kaja Kallas EBren diplomaziaburua, sare sozialetan idatzitako mezu batean: «Errusiako dieselari ezarritako zigorrak indargabetzearen ondorioz, diru sarrera gehiago edukiko ditu Moskuk gerrarako. Ez da presioa arintzeko ordua; Europak ez du halakorik egingo».Â
Trumpek Truth Social bere sare sozialean eman zuen adostutakoaren berri, eta esan zuen modu horretan dieselaren prezioa «ziztu bizian» jaitsiko dela mundu guztian. Azaroaren 3an agintaldi erdiko bozak egitekoak dira AEBetan.