Gutxienez hamazazpi lagun hil dituzte Sidneyn, tiroketa batean

Festa judu batean parte hartzen ari zen zenbait jenderen aurkakoa izan da erasoa. Hildakoen artean dago erasotzaileetako bat, 50 urteko gizonezko bat; beste erasotzailea, haren 24 urteko semea, larri eraman dute erietxera.

Polizia, tiroketa izan den tokian, Sidneyn. MICK TSIKAS / EFE
Polizia, tiroketa izan den tokian, Sidneyn. MICK TSIKAS / EFE
arantxa elizegi egilegor
2025eko abenduaren 15a
09:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxienez hamazazpi lagun hil eta berrogei zauritu zituzten igande iluntzean Sidneyko Bondi hondartzan, tiroz. Hanukkah festa erlijioso judua ospatzen ari ziren tiroketa hasi zenean. 

Erasotzaileak bi gizonezko dira, aita-semeak: 50 urtekoa aita, eta 24 urtekoa semea; aita tiroz hil zuen Poliziak, eta semea larri eraman zuten erietxera. Anthony Albanese lehen ministroak Australiako «komunitate juduaren aurkako erasotzat» jo du oldarraldia.

Poliziaren arabera, 50 urteko gizonezkoak arma lizentzia zuen, eta sei armaren jabe zen. Poliziak bazuen haren berri lehendik ere, baina ez zuen «berehalako mehatxutzat» jo. 

Larrialdi zerbitzuek arratsaldeko zazpietan jaso zuten gertatzen ari zenaren berri, eta anbulantziak eta Polizia berehala bertaratu ziren. Ordubete geroago jakinarazi zuten erasoa amaitua zela. Bi lehergailu indargabetu zituzten tiroketa izan zen tokitik gertu.

Israelek Gazaren aurkako erasoaldia gogortu zuenetik igaro diren bi urte hauetan, Australian ugaritu egin dira sinagogen aurkako erasoak. Iazko urtearen bukaeran, Poliziak talde berezi bat sortu zuen komunitate juduaren aurkako eraso eta mehatxuak ikertzeko. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, halere, salatu du Australiako Gobernuak Palestina aitortu izanaren ondorio izan dela erasoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.