Luizi batek Sudan mendebaldeko Tarsin herrixka azpian hartu du, eta bertako biztanle guztiak hil dira, bat izan ezik. Gutxienez mila hildako eragin ditu lur jausiak, gune hori kontrolatzen duen SLM Sudan Askatzeko Mugimenduaren arabera. Ezbeharra igandean gertatu zen, aurreko egunetan eurite bortitzak izan ostean.
Marra mendietan dago Tarsin, Darfur eskualdean. SLMk kontrolatzen du gune hori, eta gaur zabaldutako oharrean jakinarazi du pertsona bakarra atera dela bizirik. Talde matxinoak NBE Nazio Batuen Erakundeari laguntza eskatu dio lurpean geratutako gorpuak berreskuratu ahal izateko. «Orain bertan herrixka osoa lurpean dago», azaldu dute oharrean.
Sudan gerran dago 2023ko apiriletik. RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarraren eta herrialdeko armadaren arteko gatazkak «munduko krisi humanitariorik handiena» eragin du, NBEren arabera: 40.000 pertsona baino gehiago hil dituzte gerran, eta hamahiru milioi pertsonak desplazatu behar izan dute. Armadak kontrolpean ditu Khartum hiriburua, herrialdearen erdialdearen zatirik handiena eta ekialdea; mendebaldea, berriz, paramilitarren kontrolpean dago, Ipar Kordofan eta Darfur barne.
Halere, Marra mendiguneko zenbait gune SLMk kontrolatzen ditu. Talde matxino hori ez da sartu paramilitarren eta armadaren arteko gatazkan; horregatik, gatazkaren ondorioz desplazatutako herritar askok Marra mendigunera egin dute ihes.