Nazioarteko laguntzaren finantzaketa apaldu dela eta, milioi bat emakumek oinarrizko zerbitzuak izateko eskubidea galdu dute azken urtean. NBEren txosten baten arabera, emakumeen alde lan egiten duten bost erakundetik bik itxi egin beharko dute, nazioarteko laguntzen finantzaketa murriztu dutelako. NBEko Emakumeen Sailak gaur Genevan (Suitza) aurkeztu duen txostenaren ondorio nagusia da hori. Azpimarratu dute azken laurogei urteetan gatazka armatuetan izan den goraldirik handienaren aldi berean apaldu dutela finantzaketa. Horrek behar humanitarioak dituztenen gorakada ekarri du, «inoiz ez bezalakoa».
Emakumeen aldeko erakundeak dira Afganistanen, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Haitin eta beste herrialde batzuetan laguntza eskaintzen duten bakarrak. NBEko Emakumeen Sailak, 52 herrialdetan lanean dauden 855 erakunderekin hitz egin ondoren, azaleratu du hamar erakundetik bederatzik ez daukatela ahalmenik behar den besteko laguntzarik eskaintzeko.
Erakunde gehienak itxaron-zerrendetara bidaltzen hasi dira emakumeak, edota batzuei laguntza ukatzen. Gainera, erakundeen %63k «urrutiko lekuetako» laguntza murriztea erabaki dute, eta horiek dira aukera gutxien dauzkaten lekuak, NBEko Emakumeen Sailaren ustez.
Munduan gatazka armatuak areagotu diren honetan, iaztik emakumeen aurkako sexu erasoen kopurua bikoiztu egin da halako gatazketan. Txostena egiteko kontsultatutako erakundeen %86k ziurtatu dute lan egiten duten herrialdeetan indarkeria matxistaren gorakada bat egon dela. Horrez gain, erakundeen %62k plazaratu dute emakumeentzako espazio seguruak esponentzialki gutxitu edota desagertu direla.
Murrizketen ondorioz, erakunde horiek lan egiteko duten ahalmena guztiz mugatu da. «Langileen ahalegin pertsonalari esker bizirauten dute erakundeek. Emakumeak buru dituzten erakundeen %65ek aitortu dute langileak soldatarik jaso gabe ari direla lanean», azaldu die hedabideei gaur NBEko Emakumeen Saileko Ekintza Humanitarioetako arduradunak, Sofia Calltorpek. Erakundeen sostenguaren garrantzia azpimarratu du: «Erakundeetara bidaltzen ez den dolar bakoitza sexu erasoak jasandako emakumeei, desplazatuei, eskoletatik bota dituztenei eta bizirauten saiatzen ari diren komunitateei kentzen zaien dolar bat da».
Potentzien jarrera
2025eko urtarrilera arte —Donald Trump Etxe Zurira itzuli zen arte—, AEBak ziren laguntza gehien eskaintzen zuten herrialdea. Ordutik, atzerrira bidalitako laguntzak milaka milioi dolar murriztu ditu. Ameriketako Estatu Batuetako Garapenerako Nazioarteko Agentzia desegin ondoren, Washingtonek bidaltzen duen laguntza %50 urritu da. Horrekin lotuta, beste potentzia batzuek —Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak, esaterako— laguntza murriztu dute, eta, aldi berean, gastu militarra handitu.

