Gutxienez zortzi lagun hil eta 30 zauritu dituzte Thailandiako eskola batean izandako tiroketa batean

Susmagarriak, 15 urteko ikasle batek, bere buruaz beste egin du. Poliziak etxean hilda aurkitu ditu gaztearen aitona-amonak, eta uste du hor hasi dela erasoa.

Larrialdi zerbitzuak gaur, Thailandiako Debsirin Nonthaburi ikastetxetik gorpu bat ateratzen. RUNGROJ YONGRIT / EFE
Larrialdi zerbitzuak gaur, Thailandiako Debsirin Nonthaburi ikastetxetik gorpu bat ateratzen. RUNGROJ YONGRIT / EFE
2026ko abuztuaren 7a
15:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Thailandia astindu du berriro ere eskola inguruneko indarkeriak. Gaur gutxienez zortzi pertsona hil —susmagarria bera barne— eta beste 30 zauritu dira tiroketa batean, Nonthaburi probintziako Debsirin Nonthaburi bigarren hezkuntzako ikastetxean; Bangkok hiriburutik hamabost kilometro ingurura dago. Agintariek jakinarazi dutenez, baliteke erasoa aurrez susmagarriaren etxebizitzan hasi izana, ustezko erasotzailearen aitona-amonak hilda aurkitu baitituzte han. 

Anutin Charnvirakul Thailandiako lehen ministroaren arabera, biktimen artean bost irakasle daude, erasotzaileaz eta bere bi senideez gain. Zauritutako 30 pertsonetatik bederatzi egoera kritikoan daude oraindik.

Ikerketetako lehen hipotesien arabera, baliteke oldarraldia erasotzailearen etxean bertan hasi izana, hura eskolara abiatu aurretik. Polapee Suwunchwee Thailandiako Barne ministrordeak gaur ikastetxean bertan hedabideei egindako adierazpenen arabera, gaztea aitona-amonekin bizi zen, eta biak hilik aurkitu dituzte. Susmagarriaren aitona zenaren izenean erregistratuta zegoen pistola batekin hil dituzte; aitona irakasle aritutakoa zen, baina oraindik zehaztu gabe dagoen erasoa izan den ikastetxe berean lan egin zuen ala ez. 

Eskolako tiroketa 10:00ak aldera izan da —03:00ak Euskal Herrian—, erasotzailea ordenagailu gela batean sartu denean. Hango hainbat hedabidek, hala nola Thai PBS telebista publikoak, ziurtatu dute ustezko egilea 15 urteko ikasle bat dela, nahiz eta Poliziak oraindik ez duen datu hori berretsi. Komunikabideek adierazi dutenez, susmagarriak bere buruaz beste egin du ikastetxean bertan. Poliziak eta Hezkuntza Ministerioko langileek berehala hutsarazi eta kontrolatu dute ikastetxea. 

Legeria eztabaidagai

Aldian-aldian gertatu dira zibilen kontrako tiroketak Thailandian. Aintzat hartzekoa da gutxi gorabehera hamar herritarretik batek su arma bat duela, eta legeria malgua dela armak erosteari dagokionez. Anutin Charnvirakul Thailandiako lehen ministroak gaur kazetariei adierazi die lege bat aurkezteko asmoa duela, espazio publikoan estatu indarretako kideek soilik eraman ahal izan ditzaten armak; ez du zehaztu, ordea, lege horren bidez herritarrek armak eskuratzeko baldintzak zorroztuko ote dituzten.

Debsirin Nonthaburi ikastetxeko tiroketa ez da kasu bakana. Joan den otsailean bertan, Hat Yai hiriko eskola bateko zuzendaria hil zuten beste tiroketa batean, gizon batek eraso egin eta hainbat irakasle eta ikasle bahitu ondoren. Gaurko oldarraldia dela eta, Thailandian berriro ere bilakatu da hizpide armen kontrolari eta ikastetxeetako segurtasunari buruzko eztabaida.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA