Gutxienez zortzi pertsona, tartean bi haur, hil dira gaur goizaldean Errusiako armadak Ukrainako hainbat eskualderen aurka egindako aire erasoen ondorioz. Ukrainako agintariek jakinarazi dutenez, Moskuk 70 misil eta 280 drone baino gehiago jaurti ditu besteak beste Kieven eta Lviv, Poltava eta Dnipropetrovsk hirien aurka egindako erasoaldi batean. Gaur bertan, misil bat Poloniako aire eremuan sartu, eta bertako lurretan erori da; ondorioz, gora egin du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen kideen arteko tentsioak.Â
Ukrainako Gobernuak adierazi du «sarraskirik handiena» herrialdearen erdialdeko Krivi Rig hiritik gertu izan dela, industriagune batean. Bertan, misil balistiko batek zuzenean jo du etxebizitza bat. Gutxienez sei pertsona hil dira, horien artean bi haur, bata 5 urtekoa eta bestea 12koa. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak sare sozialetan azaldutakoaren arabera, beste bi haur bizirik atera dituzte hondakinen azpitik, eta dozenaka zauritu dira.Â
Gainera, pertsona bat hil da Kieven eta beste bat Poltava eskualdean, eta mendebaldeko Lviv hirian ere kalteak izan dira. Poloniako mugatik gertu dagoen eremu horretan etxebizitza blokeak eta azpiegiturak bonbardatu dituzte, eta gutxienez sei pertsona zauritu.
Tentsioa Poloniako mugan
Ukrainako Atzerri ministroak, Andri Sibihak, salatu du Errusiaren misil batek Poloniako aire eremua zeharkatu duela. Poloniako Gobernuak albistea berretsi du ordu gutxi batzuk geroago. Wladyslaw Kosiniak-Kamysz Defentsa ministroaren eta Donald Tusk lehen ministroaren arabera, ikerketa irekita dagoen arren, hipotesi nagusia da Errusiarena dela jaurtigaia.
Poloniako armadaren gerra hegazkin batek misilari jarraitu dio harik eta biztanlerik gabeko eremu batean erori den arte. Nahiz eta kalte pertsonalik edo materialik ez den izan Polonian, Tuskek «egoera larria» dela azpimarratu du, eta segurtasun kontseilua «presaz» bildu du NATOko aliatuekin harremanetan jartzeko. Gatazka hasi zenetik bigarren aldia da misil bat Polonian erori dena. 2022ko azaroan misil batek eztanda egin zuen Poloniako Prezewodow herrian, Ukrainako mugatik gertu, eta bi pertsona hil ziren.
Zelenskik adierazi du gertakari horrek Ukrainako «aireko defentsaren gabeziak» agerian utzi dituela berriro ere, Ukrainako armadak gaur 260 drone eta misil ugari suntsitzea lortu badu ere: «Mendebaldeko laguntza berandu iristearen eta armen hornidura atzeratzearen ondorio dira gaur ikusten ari garen suntsipena eta biktima kopurua».
Erasoaldiak Zelenski eta Donald Trump AEBetako presidentea bildu ondoren gertatu dira; herenegun bildu ziren, Washingtonen. Trumpek berak «positiboki» baloratu zuen bilera atzo, bere bulegoan egindako agerraldian, eta berriro azpimarratu zuen gatazkari lehenbailehen amaiera emateko beharra —iazko urtarrilean kargua hatu zuenean, adierazi zuen egun baten buruan amaiaraziko zuela, baina oraindik ez du bete bere hitza—. Zelenskik, berriz, AEBen Patriot misil sistemak Ukrainan bertan ekoizteko baimena eskatu zion Trumpi, aireko defentsak sendotzeko asmoz.