Hagak ebatzi du Israelek «onartu eta sustatu» egin behar duela Gazan laguntza humanitarioa sartzea

Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ebazpena ez da loteslea; horko presidente Yuji Iwasawak Israeli ohartarazi dio ezin duela gosetea «gerra tresna gisa» erabili, eta gogorarazi dio «desplazamendu masiboa» eragitea legez kanpokoa dela.

NBEren kamioi humanitario batzuk Gaza hegoaldean, atzo. HAITHAM IMAD / EFE
NBEren kamioi humanitario batzuk Gaza hegoaldean, atzo. HAITHAM IMAD / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urriaren 22a
15:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argi esan du Nazioarteko Justizia Auzitegiak: potentzia okupatzaile bat den heinean, Israelek obligazioa du erakunde humanitarioei Zisjordanian eta Gazan jarduten uzteko; are, Tel Avivek zerrendan laguntza sartzea «onartu eta sustatu» behar du. NBE Nazio Batuen Erakundearen organo judizial nagusia da Nazioarteko Justizia Auzitegia. Horren presidente Yuji Iwasawak irakurri du ebazpena, eta nabarmendu du orain arte Israelek ez dituela betebehar horiek bete; kontrara: «Gazako biztanleei ez zaie nahikoa laguntza eman, eta blokeoak ondorio katastrofikoak izan ditu».

AEBek proposatutako eta Israelek eta Hamasek onartutako meniaren lehen fasearen arabera, itun hori indarrean dagoen bitartean egunean seiehun kamioi humanitario sartu beharko lirateke Gazan. Halere, urriaren 10ean tregoa hasi zenetik, apenas sartu diren zerrendan bederatziehunetik gora kamioi. Israelek gatibuen eta preso palestinarren trukea egin ondoren ireki behar zituen pasabideak, baina talde islamistak hildako bahituen gorpu guztiak entregatu ez dituela argudiatuta, Tel Avivek pasabide horiek itxita izan ditu hainbat egunez, edo ez ditu guztiak ireki. Bada, horrekin lotuta, Iwasawak ohartarazi dio Israeli ez lukeela gosetea Gazako zibilak akabatzeko «gerra tresna gisa» erabili behar, eta gogorarazi dio «desplazamendu masiboa» eragitea ere legez kanpokoa dela, «indarkeriaren bidez» gauzatzen delako eta pertsona horiek ez dutelako non babes hartu. 

Hagan (Herbehereak) egoitza duen auzitegi horrek iazko abenduan ekin zion Israelek arlo humanitarioan zer betebehar dituen zehazteko lanari, NBEko Batzar Nagusiak ebazpen baten bidez hala egiteko eskatu ondoren. Bi zalantza argitzea galdegin zion Nazioarteko Justizia Auzitegiari: batetik, Israelek UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari ezarritako debekuak NBEren agentzien independentzia urratzen ote duen; eta, bestetik, Israelek Gazako pasabideetan ezarritako mugek eta blokeoek nazioarteko zuzenbide humanitarioaren aurka egiten ote duten. 

Israelek duela ia urtebete erabaki zuen UNRWAri Gazan, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean lan egitea debekatzea; iazko urriaren 28an Israelgo Parlamentuan onartutako bi legeren bidez gauzatu zuen asmoa, eta, ordutik, lurralde horietatik kanpo jardun behar izan du NBEren agentzia horrek. Tel Avivek esan zuen UNRWA «mehatxu hutsa» dela herrialdearen segurtasunarentzat, argudiatuta agentzia horretako hainbat langile humanitariok parte hartu zutela 2023ko urriaren 7ko erasoan, eta lotura estua zutela Hamasekin.

Horren ondorioz, UNRWAri emandako laguntza ekonomikoa eten zuten Mendebaldeko zenbait herrialdek, harik eta NBEko batzorde batek akusazio horiek ikertu eta jakinarazi zuen arte Israelen salaketak ez zuela oinarri sendorik. Horixe bera berretsi du Hagak gaur, esan baitu Israelek ez dituela «berariaz frogatu» agentzia horretako langileen aurka egindako akusazioak, eta UNRWAren lana goraipatu du: «Funtsezkoa izan da Gazako biztanleei oinarrizko laguntza humanitarioa helarazteko». Hartutako erabakiagatik eskerrak eman dizkio auzitegi horri Philippe Lazzarini UNRWAko zuzendari nagusiak, sare sozialen bidez. 

Ebazpenaren berri izan baino lehen, akusazio oro gezurtatu izan ditu Israelek, argudiatuta Hamasek «lapurtu» egiten duela Gazara sartzen den laguntza humanitarioa eta gero garesti saltzen dituela ostutako produktuak, «taldea finantzatzeko» eta «indartsu» mantentzeko. Are, Nazioarteko Justizia Auzitegiari leporatu izan dio «botere gehiegikeria» eta justiziaren «instrumentalizazioa» baliatzea Tel Avivi kalte egiteko. Bada, gaur arratsaldean, ebazpenaren aurka agertu da Israelgo Atzerri Ministerioa, sare sozialen bidez: «Nazioarteko zuzenbidea aitzakia gisa erabilita Israelen aurkako neurri politikoak inposatzeko beste saiakera bat da». Kritika sorta horri ere erantzun dio Iwasawak: «Nazioarteko Justizia Auzitegiak badauka eskumen juridikoa modu koherentean Israelek potentzia okupatzaile gisa dituen betebeharren inguruan ebazteko».

Hagako auzitegi horrek 2023ko urriaren 7az geroztik hirugarrenez hartu dio kargu Tel Avivi, nahiz eta, aurreko bien antzera, azken ebazpen hau ere ez den loteslea. Hegoafrikak 2023ko abenduan auzitegi horretan genozidioagatik Israelen aurka jarritako salaketaren harira, Gazan genozidio bat eragozteko «premiazko neurriak» hartzeko dei egin zion nazioarteari 2024ko urtarrilean; handik sei hilabetera, iazko uztailean, Israelen okupazioa «legez kanpokoa» dela ebatzi zuen, eta kokagune juduen hedapena geldiarazteko exijitu zion Tel Avivi. 

Zisjordaniaren anexioa helburu

Hagak errieta egin arren, bereari eutsi dio Israelek. Zisjordania anexionatzeko modua emango liokeen lege proposamen bat bozkatu dute gaur Knessetean, Israelgo Parlamentuan, eta baiezkoa gailendu da: 25 boto izan ditu alde, eta 24 aurka. Parlamentuak berak eman du erabaki horren berri, sare sozialen bidez, eta jakinarazi du legeak beste hiru bozketa gainditu beharko dituela indarrean sartzeko. «Aurrera egiten badu, Israelgo Estatuak bere legeak eta subiranotasuna jarriko ditu indarrean Judea eta Samariako kokaguneetan, eremu horiek Israelgo estatu subiranoaren zati banaezin gisa izendatzeko», gehitu dute. 

Komunikatu baten bidez, urrats hori salatu eta gaitzetsi du Palestinako talde islamistak, iritzita Zisjordaniaren anexioa «legez kanpokoa» dela, eta ez dela «zilegi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.