Vancek esan dio Netanyahuri Hamasen armagabetzea dutela erronka

Palestinako talde islamistak entregatutako azken bi bahituen gorpuak identifikatu ditu Israelek.

Vance eta Netanyahu gaur, Jerusalemen. MARC ISRAEL SELLEM / EFE
Vance eta Netanyahu gaur, Jerusalemen. MARC ISRAEL SELLEM / EFE
Igor Susaeta.
2025eko urriaren 22a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamasen armagabetzea da Donald Trump AEBetako presidenteak Gazarako planteatutako planaren puntu arantzatsuenetako bat. Testuaren arabera, Palestinako talde islamistak armak utzi beharko lituzke. Dohan bitartekariekin zerrendarako menia bat negoziatzen aritu den Hamasen buruetako batek Reuters berri agentziari joan den astean esan zionez, baina, trantsizio epean ezin du hartu «erabat armagabetzeko konpromisoa». Washingtonek Israel lasaitu nahi du, ordea. JD Vance AEBetako presidenteordea Benjamin Netanyahurekin bildu da gaur Jerusalemen, eta esan dio Hamas armagabetzea dutela erronka.

Tregoa, hala moduzkoa den arren, indarrean dago zerrendan —Israelek eraso batzuk egin ditu, eta ehun pertsona inguru hil; gainera, laguntza humanitarioa sartzea eragozten du—, eta atzo heldu zen Vance Israelera, hain justu ere su etena indarrean sartu zenetik bi aste betetzear direnean. Netanyahuren bulegoak plazaratutako ohar baten arabera, Vancek bileran esan du «ziurtatu» nahi dutela Hamas ez dela «mehatxu bat Israelgo lagunentzat». AEBetako presidenteordeak talde islamistari mehatxu egin zion atzo, buruzagi militarrekin egindako bilera baten ondorengo agerraldi batean: «Hamasek ez badu akordioa betetzen, gauza oso txarrak gertatuko dira». Trumpen esanetan, ez dago epe jakin bat talde islamistak armak utz ditzan.

Bien bitartean, Hamasek beste bi gorpu itzuli zizkion atzo azken orduan Israeli, eta Tel Avivek gaur goizaldean jakinarazi du identifikatu dituela: zibil baten eta soldadu baten gorpuak dira. Zerrendarako Trumpen plana indarrean sartu zenetik, talde islamistak dagoeneko entregatu dizkio Israeli bizirik zeuden azken hogei gatibuak eta beste hamabosten gorpuak.

Gazarako planean jasotakoa eskuan, oraindik ere beste hamahiru bahituren gorpuak edo gorpuzkiak eman behar dizkio Hamasek Israeli. Dena den, kontuan hartuta zerrenda txikituta dagoela Israelek azkeneko bi urteotan ia egunero egindako bonbardaketen ondorioz, eta gorpuak edo gorpuzkiak hondakinen artean edo horien azpian lurperatuta daudela, Hamasek ohartarazi du denbora behar duela horiek aurkitzeko. 

ISRAELEK PERTSONA BAT HIL DU LIBANON

Su etena indarrean dago Libanon iazko azarotik, baina Israelek herrialde horri, iparraldeko bizilagunari, eraso egiten jarraitzen du. Gaur, esaterako, moto batean zihoan pertsona bat hil du, drone batekin egindako eraso batean. Horixe jakinarazi du Libanoko Osasun Ministerioak, ohar batean. Israelek erasoak justifikatu izan ditu, eta esan Hezbollahren edo milizia horrek dituen armategien kontra egiten duela; hain zuzen, Israelgo armadak ohar batean esan du gaur hildakoa Hezbollahren komandante bat zela.

Vancek berak atzo azpimarratu zuen «inork» ez dakiela horietako batzuk non dauden, eta ez dituztela «egun batetik bestera» aurkituko. AEBek esan dute azken egunetan nazioarteko bitartekariekin lanean ari direla, zeregin horretan laguntza logistikoa emateko. Hamasek 251 pertsona bahitu zituen 2023ko urriaren 7an, eta horietatik 168 itzuli ditu; gehienak urtarrila eta martxoa arteko su etenean, eta azkeneko hogeiak indarrean dagoen meniako lehen egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.