Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du Myanmarrek rohingyen aurkako genozidioa egin zuela 2017an, Rakhine estatuan. Hori dela eta, NBE Nazio Batuen Erakundearen justizia instantzia gorenak Myanmarri agindu dio berma dezala modu «seguruan, borondatezkoan eta duinean» itzuli ahal izatea 2017ko erasoaldi militarraren ondorioz ihes egin behar izan zuten rohingyak. Horrekin batera, epaimahaiak Myanmarri eskatu dio suntsitu edo kaltetu zituen etxebizitzak jabeei itzultzeko edo ordezkatzeko, desagertutako pertsonak bilatzeko, eta kalte mentalak jasan zituztenen errehabilitazio psikologikoa bermatzeko. Bederatzi epaimahaikidek alde bozkatu dute, eta seik kontra. Epaia behin betikoa da, eta ezin zaio helegiterik jarri.
Hagan (Herbehereak), auzitegiaren egoitzan, eman du epaiaren berri Iwasawa Yuji horren presidenteak, eta adierazi du Myanmarrek «muturreko indarkeria» erabili zuela gutxiengo musulman horretako kideen aurka, eta hori erakusten duten ebidentziak daudela azaldu du. Horrez gain, esan du guztira 10.000 rohingya inguru hil zituztela 2017an, eta, gainera, Myanmarren «kooperazio falta» nabarmendu du: «Uko egin dio eskatutako informazioa eta frogak emateari, baita lekukoengana iristea errazteari ere». Besteak beste, epaileak adierazi du Myanmarrek frogak «ahal bezala» suntsitu dituela, gorpuak errez edo beste modu batera desagerraraziz.
Besteak beste, epaileak nabarmendu du rohingyak Myanmarren egon direla urte luzez, eta gobernuak historikoki haien eskubideak «urratu» dituela haien aurkako legeen eta murrizketen bidez: «Baztertuak eta egoera zaurgarrian egon izan dira, eta armadak zuzendutako gorroto diskurtsoak haien aurkako jarrera elikatu du hainbat urtez».

Orain, Nazioarteko Justizia Auzitegiak komunitate horren eskubideak aintzatetsi ditu, eta lehen pausoa eman du gutxiengo musulman horretako kideak etxera itzul daitezen.
Gutxiengo musulman hori jazarria izan da hainbat urtez, eta ehunka mila lagunek ihes egitea beste irtenbiderik ez dute izan. Milioi erdi rohingya inguru geratzen dira Myanmarren, baina mugitzeko askatasun txikia dute. Milioi bat pasatxo Bangladesh mugakideko Cox’s Bazarreko errefuxiatu eremuan daude, kanpalekuetan. Horietako asko 2017an iritsi ziren hara, 700.000 lagun inguru, Myanmarko armadatik ihesi.
Malaysian ere badaude 130.000 rohingya inguru —Myanmartik gertu dago—, eta uztailean aberriratze akordio bat sinatu zuten bi herrialde horietako gobernuek, bertan zeuden 5.000 iheslari inguru Myanmarrera itzularazteko.
Gambiak 2019ko azaroan aurkeztu zuen Myanmarren aurkako salaketa —Afrika mendebaldeko herrialde horretan musulmanak dira nagusi—. 1948ko Genozidioaren gaineko Konbentzioa bortxatzea leporatu zion, «hilketa masiboen, suteen, bortxaketen eta sexu indarkeriaren bidez». Myanmarrek, ordea, beti ukatu du genozidioa gauzatu izana, eta esan izan du armadaren operazio militarrak «matxinoen aurkakoak» izan zirela.
Horrekin lotuta, kontuan hartu behar da Nazioarteko Justizia Auzitegiak ez dituela pertsonak epaitzen, estatuek zerbaiten gainean daukaten erantzukizuna baizik. Eta, Myanmarren kasuan, estatuaren menpe dagoen armadak egin zituen gehiegikeriak. Are, junta militar batek agintzen du 2021eko otsailetik, estatu kolpe bat eman zuenetik, eta tokiko hainbat talde armaturekin gerran dago.
Aste honetan egin dute ASEAN Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoaren 49. goi bilera, Filipinetan, eta NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek kezka adierazi du rohingyek Myanmarren duten «krisi larria» dela eta. Haren hitzetan, eskualdeko gutxiengo musulman horren sufrimendua «neurri epiko» batera iritsi da.
Hainbat rohingyak zuzenean ikusi dute epaia. Gutxi batzuk Hagan bertan egon dira, epaitegiaren kanpoaldean, eta beste milaka pertsona bildu dira errefuxiatuen kanpalekuetan, epaia kideekin batera ikusteko.