Haitiko lehen ministroak dimisioa emango du trantsizio gobernu bat osatutakoan

Karibeko Komunitatearekin adostuta hartu du erabakia gobernuburuak. Horretaz, Henryk zera esan du: «Sakrifizio bakar bat ere ez da handiegia gure herrialdearentzat».

(FILE) USA HAITI POLITICS GOVERNMENT
Ariel Henry Haitiko lehen ministroa, iaz, NBEren Batzar Nagusian hitz egiten. SARAH YENESEL / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko martxoaren 12a
08:30
Entzun

Ariel Henry Haitiko lehen ministroa dimisioa aurkezteko prest agertu da, eta hori egitekoa da herrialdean trantsizio gobernu bat ezarri eta behin-behineko gobernuburu bat izendatu ostean. Hala adierazi du bart Irfaan Ali Caricom Karibeko Komunitateko eta Guyanako presidenteak. Caricomeko beste gobernuburu batzuez inguratuta, Alik azaldu du hori dela Henryrekin adostu dutena: trantsizioko gobernu kontseilu bat sortuko dute, eta boto eskubidedun zazpi kidek eta bi behatzailek osatuko dute. Erakundeak Kingstonen (Jamaika) egindako bileran izan dira NBE Nazio Batuen Erakundeko, AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Frantziako ordezkariak ere.

Henry, aldiz, ez da izan Kingstongo bileran; astebete darama Puerto Ricon. Izan ere, Haitiko egiturazko indarkeriak koska bat egin du gora azkenaldian. Joan den otsailaren 28an argitara atera zuten oraindik ere Haitiko lehen ministro denak konpromisoa hartua zuela datorren urteko abuztua baino lehen hauteskundeetara deitzeko, baina, iaz egindako akordio baten arabera, iragan otsailaren 7rako gobernua utzita izan behar zuen. Horrek liskar handiak eragin ditu —batez ere talde armatuekin—, eta, Haitin «segurtasuna ahuldu» dela argudiatuta, hango gobernuak larrialdi egoera eta etxeratze agindua ezarri zituen martxoaren 3an ia herrialde osoan.

Izan ere, gaizkile talde nagusiek osatutako koalizio bateko kideak Port-au-Prince hiriburuko bi kartzelatara sartu ziren bezperan, eta horietatik 3.600 preso inguruk alde egin zuten. Gaizkile taldeen arabera, oldarraldien helburua da Henry kargugabetzea. Areagotu egin dira, gainera, leku publikoetan egindako arpilatzeak eta piztutako suteak, eta, horien ondorioz, 15.000 pertsona inguruk desplazatu behar izan dute beren bizilekuetatik, IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak jakinarazi duenez.

Banden koalizioko liderra da Jimmy Cherizier Barbecue Poliziako agente ohia, eta joan den otsailaren 29an nabarmendu zuen «behar beste denboraz» borrokatuko direla Henryren aurka. «Gerra zibil baten» mehatxua ere egin zuen, lehen ministro karguan segituko balu.

«Trantsiziorako gobernantza akordioa adostu dugu. Bidea erraztuko dio boterearen trantsizio baketsu bati, gobernantzaren jarraitutasunari, epe laburreko segurtasun plan bat martxan jartzeari, eta hauteskunde libre eta bidezko batzuen bideari».

IRFAAN ALICaricomeko presidentea

Egoerari irtenbide bat bilatzeko borondatea adierazi du Caricomek, eta hala mintzatu da Ali, gaurko ordu txikietan: «Trantsiziorako gobernantza akordioa adostu dugu. Bidea erraztuko dio boterearen trantsizio baketsu bati, gobernantzaren jarraitutasunari, epe laburreko segurtasun plan bat martxan jartzeari, eta hauteskunde libre eta bidezko batzuen bideari».

Alik nabarmendu du berak izendatuko duela behin-behineko presidentea, baita gobernuko kideak ere; hautaketa «barneratzailea» izango dela adierazi du. Kideak Haitiko alderdi politiko nagusietakoak izango dira, eta behatzaileak gizarte zibileko eta komunitate erlijiosokoak izango dira, Caricomeko presidenteak zehaztu duenez. Kontseilu horrek «botere presidentzialak» izango ditu trantsizioak irauten duen bitartean, hau da, Haitiko herritarrek hauteskundeen bidez gobernu bat aukeratu arte. Haiti errepublika presidentzialista bat da, eta gobernuari kontseilu presidentziala deitzen diote; hori da behin-behinean ezarriko dutena.

Erabaki horiekin guztiekin, helburua da krisia amaitzen saiatzea. Hori iradoki du, behintzat, Henryk berak, gaur goizean sare sozialetan idatzi duenez: «Sakrifizio bakar bat ere ez da handiegia gure herrialdearentzat». Oraindik ere lehen ministro denaren iritziz, Haitik «bakea, egonkortasuna eta garapen iraunkorra behar» ditu, eta, datozen aldaketak aintzat harturik, herritarrei eskatu die lasai egoteko.

Moise eta Henry

Henryren agintaldia, berez, otsailaren 7an bukatu zen, baina lehen ministro karguan jarraitzea erabaki zuen, argudiatuta ezen azken hiru urteetan ez direla bete hauteskundeetara deitzeko baldintzak, gaizkile taldeen indarkeriagatik, beste hainbatetan ez bezala. Azkenekoz 2016an egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak, eta Jovenel Moise nagusitu zen. Moisek berak 2021eko uztailaren 5ean izendatu zuen Henry lehen ministro, eta bi egun geroago hil egin zuten, haren etxean.

Indarkeriak ez du etenik oraindik ere. Giza Eskubideen Defentsarako Abokatuen Kolektiboak emandako datuen arabera —Haitiko elkarte bat da—, hilaren hasieran Presondegi Nazionalean zeuden presoen %97k alde egin zuten.

Denbora asko da Haitiko indarkeria krisia piztu zela, baina 2010ean goia jo zuen. 7 graduko lurrikara baten ondorioz, 300.000 pertsona hil ziren, eta 1,5 milioi lagun lekualdatu zituzten. 2016an izandako urakan batek egoera okertu baino ez zuen egin. 1986an armadak Haitiko agintea bere gain hartu zuenetik, desegonkorra da oso Karibeko herrialdeko egoera.

Desegonkortasun politikoaz gain, herritarren bizi baldintzak makurrak dira. Baliabide falta dago, eta biztanleen %75 analfabetoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.