Haize aldaketa Guatemalan

Arevalo aise gailendu zaio Torresi presidentetzarako bozen bigarren itzulian, botoen %58 lortuta. Semilla mugimenduko hautagai aurrerakoiak ozen helarazi du ustelkeriaren aurkako mezua

Guatemalako presidenteordegai Karin Herrera eta presidentegai Bernardo Arevalo, garaipena ospatzen, atzo, Guatemalako Hirian. ESTEBAN BIBA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Presidente kontserbadoreak eta eskuindarrak izan ditu Guatemalak oro har, 1986an demokrazia ezarri zutenetik. Bada, Erdialdeko Amerikako herrialde horrek eskuinetik ezkerrerantz biratuko du, Semilla mugimenduko hautagai Bernardo Arevalo aise nagusitu baitzitzaion UNE Itxaropenaren Nazio Batasuna alderdiko buru Sandra Torres kontserbadoreari, herenegun, presidentetzarako bozen bigarren itzulian. Arevalok botoen %58 lortu zituen; Torresek, %37,2 —botoen %95 izan ziren baliodunak—. Horrenbestez, UNEko hautagaiak ez du lortu hirugarren saiakeran ere presidente izatea.

«Apal-apal onartzen dugu Guatemalako herriak eman digun garaipena. Hautetsontziek argi hitz egin dute, [...] eta herriak argi esan du: 'Nahikoa da ustelkeriaz'», esan zuen Arevalok, presidente hautetsi gisa egin zituen lehen adierazpenetan, hiriburuan, hauteskunde promesa nagusia gogoratuta: «Guatemalan dagoen ustelkeriaren aurka borrokatzea». 64 urteko soziologoak eskerrak eman zizkien bere aldeko botoa eman zuten guatemalarrei: «Hautatu duten aukera edozein dela ere, parte hartzea demokrazia babesteko ekintza bat da, eta une historiko honetan jarduera ausarta izan da hori».

Bestalde, presidenteorde izateko hautagaiak, Karin Herrera irakasle eta zientzialariak, esan zuen lana «gogor» egingo dutela guatemalar guztientzako gobernu bat izan dadin, «Guatemalako familia guztiak zaintzeko». Arevalok ere hitzeman zuen hori, Torres lehiakideari aipamena eginez: «Hark eginiko lana aitortzen dut. Politikan ikuspegi desberdinak ditugu, baina hari eta haren hautesleei bermatzen diegu herritar gisa dituzten eskubideak sustatu eta babestuko ditugula».

Arevalok erdietsitako garaipenak, hain zuzen, ekainaren 25eko lehen itzulian emandako ezustekoa sendotu du. Semilla mugimenduko hautagaia bigarren postuan geratu zen ustekabean—Torresen atzetik—, hauteskundeetako inkesta bakar batean ere agertzen ez bazen ere. 2015eaneratu zen mugimendua, ustelkeriaren aurkako protesten harira, eta sistemaren aurkako alderdi horren sorrerak ilusioa piztu zien Guatemalako boto emaile gehienei, herrialdeak azken urteetan izan duen autoritarismoaren gorakada geldiarazteko itxaropenez.

Txanponaren beste aldean, UNEko hautagaiak egoitza nagusian hitzaldi bat emateko asmoa zuen, baina emaitzak jakin berritan bertan behera utzi zuen. Mutu zegoen UNEren egoitza nagusia. Hautetsontziak itxi aurretik egin zuen Torresek azken agerraldia, jendaurrean. «Botoa defendatuko dugu; lehen itzulitik gertatu den guztiak kezkatzen gaitu eta», esan zuen prentsaurrekoan, eta nabarmendu zuen Guatemalako Fiskaltzak Semilla mugimenduarekin lotutako ustezko irregulartasunak ikertu behar dituela; Torresek, ordea, ez du afera horren inguruko froga bakar bat ere plazaratu.

Hain justu, lehen itzuliko bozak egin ostean, eskuineko alderdiek Semilla mugimenduaren aurkako kanpaina egin zuten, hauteskundeetan iruzurra egitea egotzita, eta fiskaltzak eskatu zuen Semilla legez kanpo uzteko, epaile baten eskariari erantzunez. Hauteskunde batzordeari 24 ordu eman zizkion ebazpena betetzeko, eta batzordeak berak baieztatu zuen Arevalo eta Torres bozen bigarren itzulian lehiatuko zirela. Hautagai ezkertiarrak bozak irabazi dituen arren, alderdia legez kanpo uzteko saiakerek jarraipena izan lezakete.

%45eko parte hartzea

9,3 milioi guatemalar zeuden bozkatzera deituta, eta lau milioi inguruk eman zuten boza —erroldaren %45ek—. Arevalok 2,4 milioi boz lortu zituen; Torresek, 1,5 milioi. Herenegun, 20:00etan—Euskal Herrian 04:00ak zirela—, Hauteskunde Auzitegi Goreneko magistratu Gabriel Aguilerak dei egin zien alderdiei «heldutasun politikoz» onar zitzaten hauteskundeen emaitzak. «Merezi du demokraziaren alde borrokatzea», erantsi zuen Aguilerak, eta, gainera, nabarmendu zuen Guatemalak herenegun erakutsi zuela «sendotzen ari den herrialde demokratiko bat» dela.

Guatemalako jarduneko presidente Alejando Giammatteik zoriondu egin zuen Arevalo, bozetan nagusitzeagatik, baita herritarrak ere, X sare sozialean, eta agindutako gobernu trantsizio «ordenatua» abiatzeko gonbita egin zion irabazleari, hauteskundeetako emaitzak ofizial egin bezain pronto. Guatemalatik kanpo ere erreakzio soka eragin zuen hautagai ezkertiarraren garaipenak; besteak beste, Mexikoko presidente Manuel Lopez Obradorrek, El Salvadorko estatuburu Nayib Bukelek, Brasilgo Luiz Inacio da Silva Lula-k eta Venezuelako Gobernuak zoriondu zuten Arevalo.

Montevideon jaiotako soziologoak agenda politiko aurrerakoia du, sozialdemokrata, eta LGTB kolektiboaren aldeko eta ustelkeriaren aurkako borroka bultzatzen saiatuko da. Zehazki, hautagai ezkertiarrak sexu askatasuna eta naturaren defentsa landu ditu hauteskunde kanpainan, baita desnutrizioaren aurkako neurriak eta osasun sistemaren hobekuntza ere. «Narkotrafikoaren kontrako borroka» ere hizpide izan du, herrialdeko alkate eta politikari asko «kartelen menpe» daudela salatuz.

Guztiek, ordea, ez dituzte begi onez ikusi Semillak eginiko proposamenak; hain zuzen, asmo horiei uko egin nahi diete estatuko indar armatuko sektore garrantzitsu batek, ebanjelistek, burgesia nazionalaren parte handi batek eta lur jabeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.