Hamabi orduko badaezpadako atxiloaldiak onartu ditu Italiako Gobernuak

Manifestazio baten aurretik «pertsona arriskutsutzat» jo daitezkeenak hartu ahal izango ditu atxilo, betiere epaile baten oniritzia izanez gero.

Giorgia Meloni Italiako Lehen Ministroa. FILIPPO ATTILI / CHIGI JAUREGIKO PRENTSA BULEGOA / EFE
Giorgia Meloni Italiako Lehen Ministroa. FILIPPO ATTILI / CHIGI JAUREGIKO PRENTSA BULEGOA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko otsailaren 6a
09:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Italiako Gobernuak segurtasun neurriak are gehiago zorroztuz erantzun die azken astean herrialdean izan diren istiluei eta oihartzun mediatiko handia jaso duten zenbait delituri. Giorgia Meloni lehen ministroak segurtasuna jarri du bere mezu politikoaren ardatzean; izan ere, iragan astean Turingo (Italia) manifestazio batean izandako istiluek bere irudia kaltetu zuten. Horri erantzunez hainbat neurri onartu ditu lege dekretu bidez, tartean, badaezpadako atxiloketak egiteko aukera.

Baina nola egin daitezke atxiloketak horiek? Oraindik arauaren testua ez da publiko egin, baina gobernuak emaniko azalpenetan antzematen da Turingo istiluei emaniko erantzuna dela. Gauzak horrela, Poliziak «pertsona arriskutsutzat» jotzen dituenak atxilotu ahal izango ditu hamabi orduz, manifestazio deialdi baten aurretik. Atxiloketa hori epaile batek agindu beharko du, eta atxilotuak aurrekari penalak izan beharko ditu ordena publikoaren aurkako delitu larriengatik.

Hori da neurri deigarriena, baina dekretuak beste 28 ditu. Esaterako, orain poliziek egoera gehiagotan erabil ditzakete armak, eta, gainera, erabilera horrek izan dezakeen legezko bermea zabaldu du. Kale lapurrei ezarri dakizkien zigorrak ere gogortu ditu.

Oposizioak gogor kritikatu ditu neurriak. Autoritario eta atzerakoitzat jo ditu, manifestazio eskubidearen aurkakoak, eta salatu du ez dutela segurtasun handiagoa bermatzen. Halaber, salatu du Italiako Konstituzioaren aurkakoak direla, eta ez dute baztertu auzitara jotzea neurri sorta dela eta.

Labana eramatea debekatuta

Labanen erabilera ere mugatu nahi dute araudi berriaren bidez. Iragan astean, La Spezian, Italiako iparraldeko hiri batean, labana bidezko eraso bat gertatu zen eskola batean, eta haren aurrean izandako erreakzioa da. Neurri berriaren bitartez, besteak beste, adin txikikoei labanak saltzea debekatu dute, baita Internetez ere, eta debekatuta dago kalean labana eramatea ere. Adingabeetan, haien guraso edo legezko tutoreentzako zigorrak ere aurreikusi dituzte. Labanatzat jotzen dituzte zortzi zentimetrotik gorako ahoa duten aizto edo antzekoak, eta zigorra sei hilabete eta hiru urte artekoa izan daiteke.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.