SDF Siriako Indar Demokratikoek kontrolatzen dituzten lurraldeak Siriako Estatuan integratzea adostu dute Ahmed al-Xaraa Siriako presidenteak eta Mazlum Abdi SDFren komandanteak. Integrazioa bururatzeak Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomo Demokratikoa desegitea ekarriko luke. Kurdistango burujabetzaren aldeko borrokarik ezagunenak Turkiako eta Irakeko aldeetan egin direnak izan dira historikoki, baina Siriakoen autonomia mugarri bat izan da.
Herri zapaldua
Siria 1946an bihurtu zen estatu independente, Frantziatik banatuta. Kurdistanen parte bat Siriaren menpe gelditu zen: Rojava —mendebaldea, kurdueraz—. 1957an sortu zen Siriako kurduen eskubide nazionalak defendatzen zituen lehenbiziko alderdia: KDPS Siriako Kurdistango Alderdi Demokratikoa. Milaka kide atxilotu zituzten lehenbiziko urteetan. 1960ko urteetan, berriz, bi gertakari garrantzitsu izan ziren Rojavan: alde batetik, 1962an, 120.000 kurdu inguru herritartasunik gabe utzi zituzten Al-Hasaka probintzian, argudiatuta ezin izan zutela frogatu Siria independizatu aitzinetik bertan jaiotakoak zirela. Bertzalde, 1963an Baath alderdi sozialista arabiarrak boterea hartu, eta arabiartze politikak ezarri zizkien kurduei. Nahiz eta menpean zituen kurduei eskubideak ukatu, 1970eko urteetatik 1990ekoetara Siriako Gobernuak babesa eman zion Kurdistango Langileen Alderdiari (PKK), zeina Turkiaren aurka borrokan ari baitzen. 1998an, gobernuak Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagia Siriatik bidali eta babesa kendu zion erakunde horri. 2003an, PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia sortu zen, PKKren ildo ideologikokoa. 2004an, futbol partida batean istiluak piztu ziren zale kurduen eta arabiarren artean, Qamixli hirian. Zazpi zale kurdu hil zituzten, eta Siriako kurduek ordura arte egindako protestarik handienak eragin zituen horrek. Denera, estatuko indarrek 32 manifestari hil zituzten, bi mila inguru atxilotu, eta gobernuak errepresioa areagotu zuen kurduen nortasunaren eta hizkuntzaren aldeko militanteen eta taldeen aurka.  Â
2011: estatuaren erretiratzea
2011ko martxoan hasi ziren Baxar al-Assad Siriako presidentearen kontrako protestak, herrialde arabiarretako matxinaden testuinguruan. Gobernuak gogor jo zuen mobilizazio horien kontra, eta, udaberrirako, gerra hasia zen Siriako zenbait eremutan. Al-Assadek keinu batzuk egin zizkien kurduei, matxinadari batu ez zitezen —Siriako herritartasuna eman zien hori ukatua zuten 220.000 kurdu ingururi—. 2012ko uztailean, armada Siriaren mendebaldeko eremuetan gerran murgildua zela, gobernuak erabaki zuen militarrak eta poliziak Rojavako eremu gehienetatik erretiratzea, eta kurduek, YPG Herriaren Babes Unitateak milizietan antolatuta, kontrolpean hartu zuten lurraldea. PYD alderdia indar hegemoniko bihurtu zen, eta Kurdistango Batzorde Gorena lurraldea administratzen hasi zen.Â
Islamisten erasoaldia eta autonomia
Siriako indarrak erretiratu eta gutxira, FSA Siriako Armada Askea, Al-Nusra Frontea —Al-Qaedaren adarra— eta bertzelako taldeak Rojava bereganatu nahian hasi ziren, baina YPGkoek eutsi egin zieten. Egoera horretan, 2013ko azaroan behin-behineko autonomia baten sorrera aldarrikatu zuten Rojavan. Siriako oposizioko plataforma nagusiak eta Turkiak ez zuten aitortu autonomia hori. Siriako Gobernuak ez ikusiarena egin zion, eta nazioartean ez zuen aitortza ofizialik izan. Hiru barrutik osatu zuten autonomia hori: Afrinek, Kobanek eta Jazirak.Â
Estatu Islamikoaren kontrako gerra
2014ko ekainean, EI Estatu Islamikoak kalifa herria aldarrikatu zuen Iraken eta Sirian menpean zituen lurraldeetan. Iparralderantz erasoaldi bat hasi zuen, Siriako kurduen autonomia deuseztatzeko. Lau hilabetez Kobane hiria setiatuta eduki zuen —Turkiaren menpeko Kurdistango mugan—, baina YPGkoek, AEBen aireko laguntzarekin, setioa hautsi eta kontraerasoa hasi zuten hegoalderantz. Bortz urte iraun zuen EIren kontrako gerrak: 2017an Raqqa hiritik bidali zuten —Sirian zuen hiriburutik—, eta, 2019an, Irakeko mugako azken gotorlekua kenduta, EIren gaineko garaipena aldarrikatu zuten.Â
SDF eta federazioa
YPGk AEBen laguntzarekin EIren aurka hegoalderantz egin ahala, miliziak Kurdistandik atera ziren, nagusiki populazio arabiarra zuten lurraldeetara. Hori dela eta, 2015ean, milizien federazio bat sortu zuten: SDF Siriako Indar Demokratikoak. Milizia gehienak etniaka antolatu ziren, eta kurduen YPG zen koalizioko indar nagusia. 2016an, arlo militarreko eredu hori arlo politikora eraman zuten, EI lurralde gehiagotatik kanporatu ahala. Horrela, autonomiak kurduentzako proiektu huts izateari utzi zion, eta Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomo Demokratikoa federazioa sortu zuten.  Â
Gerraosteko etorkizun zaila
EIren gaineko garaipena aldarrikatu baino urtebete lehenago, autonomiak kolpe handia hartu zuen: Turkiak Afrin barrutia konkistatu zuen, eta biztanle gehienek, kurduak horiek, ihes egin zuten. 2019an bertze erasoaldi bat egin zuen Turkiak, eta lurralde gehiago konkistatu zizkion autonomiari iparraldean. 2020an, Siriako aldeen nazioarteko hiru patroi handik —Errusiak, Turkiak eta Iranek— akordio bat egin zuten gerra fronteak hormatzeko. 2024ko abenduan ezustean aldatu zen hori, Turkiaren aliatu ziren matxino islamista sunitek egun gutxiren buruan armada garaitu eta Damaskon boterea hartzea lortu zutenean. SDFri lurrak kentzeko erasoaldia berpiztu zuen horrek. Iazko martxoan, Damaskoko aginte berriak eta SDFk akordio bat egin zuten, Siria iparraldeko eta ekialdeko miliziak estatu berrian integratzeko. Ez zen bete, eta, urte bukaeran, Siriako Gobernuak erasoaldiari berrekin zion. Orain, SDFk berriz onartu du estatuan integratuko dela, baina anitzez posizio ahulagoan egin behar izan du hori, Rojavako Kobane eta Jazira barrutiei baino ez baitie eusten.   Â