Hamalau jaioberri hil dira gaur Pakistango ospitale batean, eta gertakariak zalantzak piztu ditu suteen aurkako segurtasun neurrien inguruan. Iturri ofizialek adierazi dutenez, sutea goizeko ordu bata aldera piztu da, Islamabaden, airea girotzeko sistemaren konpresore batek eztanda egin ondoren. Larrialdi zerbitzuen eta ospitaleko zuzendaritzaren arabera, 01:45 zirela piztu da sua —06:45 Euskal Herrian—, haurren unitateko hirugarren solairuan. Leherketaren ondorioz, sugarrak azkar zabaldu dira jaioberrien atalean barrena. Orduan hamabost haur zeuden bertan, gehienak inkubagailuetan, oxigenoa jarrita zutela. Autoritateek adierazi dutenez, garrak azkar hedatu dira oxigenoaren eta gelako materialen ondorioz.
Mediku batek haur bat bizirik erreskatatzea lortu du. Gainerako hamalau jaioberriak hil egin dira. Sutearen intentsitate handiaren ondorioz, gorpuek kalte larriak jasan dituzte, eta Islamabadeko Poliziak jakinarazi du DNA azterketak egin beharko dituztela biktimak modu ofizialean identifikatu eta familiei eman ahal izateko.
Ezbeharraren ondoren, haurren senideek eta lekukoek auzitan jarri dituzte segurtasun prozedurak. Tokiko komunikabideek kaleratutako informazioaren arabera, inkubagailuen eremuan ez zegoen langilerik sutea piztu denean. Gainera, kaltetuek adierazi dute ebakuazio ateak blokeatuta zeudela eta, ondorioz, ezin izan zirela behar bezain azkar atera.
Pakistango Lehen Ministro Xehbaz Xarifek doluminak eman dizkie ohar ofizial baten bidez, eta «berehala» erantzungo dutela agindu. Gobernuak segituan hartu ditu neurriak: Aslam Ghauri eskualdeko Osasun zuzendaria kargutik kendu dute. Halaber, Xarifek goi mailako ikerketa batzorde bat sortzeko agindua eman du, gertatutakoaren erantzukizunak argitzeko.Â