Hong Kongeko Auzitegi Gorenak hamar urteko kartzela zigorra ezarri dio gaur Joshua Wong ekintzaileari. Atzerriko indarrekin konspiratzea eta Txinaren eta Hong Kongen aurkako zigorrak eskatzea leporatu dio William Tam epaileak. Egotzitako delituaren izaera «larria» dela ebatzi du magistratuak, eta hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri nahi izan dio. Halere, kontuan hartu du aktibistak, orain urte batzuk Hong Kongen agintarien aurka egindako protesten liderretako batek, delitu horiek egin izana aitortu duela, eta, azkenean, hamar urtekoa izango da zigorra.
Pekinek Hong Kongerako egindako Segurtasun Legearen pean zigortzen duten bigarren aldia da —Hong Kong Txinaren menpeko eskualde administratibo berezia da—. 2020ko azarotik espetxeratuta dago eta, 30 urte bete berritan, beste hamar urteko zigorra ezarri diote. Hainbat delitu leporatuta, haren zigorra luzatzen aritu dira azken urteetan. 2024an zigortu zuten lehen aldiz Segurtasun Legea aplikatuta. Subertsioa egotzi zioten, eta datorren urtarrilean zen haren zigorra amaitzekoa. Espetxetik atera baino bi hilabete lehenago, ordea, Gorenak hamar urte gehiagorako zigortu du.
Wong 2014ko Aterkien Mugimenduan egin zen ezagun, 17 urterekin ikasle protesta horien liderretako bat izan baitzen. Dozenaka mila herritarrek Hong Kongeko kaleak hartu zituzten bi hilabete baino gehiagoz hauteskunde «erabat demokratikoak» exijitzeko. Orduan atxilotu zuten lehen aldiz; bi hilabete igaro zituen kartzelan. Geroztik, «demokraziaren» aldeko oihartzun handieneko ekintzaileetako bat izan da Hong Kongen. Besteak beste, 2016an Demosisto alderdia sortu zuen beste hainbat ekintzailerekin batera.
2019an Hong Kongek lege proiektu bat onartu zuen delituren bat egotzitako herritarrak Txinara estraditatu ahal izateko. Neurri horren aurka piztutako protestetan, Wongek nazioarteko bozeramaile lanak egin zituen. Manifestazio horiei erantzunez, Pekinek Hong Kongerako Segurtasun Legea indarrean jarri zuen 2020ko ekainean.
Aurtengo irailean Wongek aitortu du, Nathan Law ekintzailearekin batera —Erresuma Batuan dago, erbesteratuta—, «erruduna» dela konspirazioagatik eta atzerriko gobernuei eta erakundeei Txina eta Hong Kong zigortzea eskatzeagatik. Epaitutako ekintza horiek 2020ko uztailaren eta azaroaren artean geratu ziren; hain justu, Segurtasun Legea indarrean sartu berritan.
«Disidentzia zigortzeko tresna»
AI Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak salatu du gaurko epaia «beste gogorarazpen ilun bat» dela, eta erakusten duela Segurtasun Legea «disidentzia zigortzeko tresna bat» dela. Sarah Brooks AIren Asiako zuzendariordeak ohar batean adierazi du «krudela» dela Wongi beste zigor bat ezartzea espetxetik ateratzeko gutxi falta zitzaionean: «Joshua Wongek egia esan du eta goraipatu egin beharko litzateke, baina Hong Kongen kriminala da hori egiteagatik».
Pekinek, bestalde, epaia ontzat jo du, eta salatu du atzerritik «eskua sartu» nahian ari direla Hong Kongeko sistema judizialean. Guo Jiakun Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak esan du Wongek segurtasun nazionalaren aurka egindako delituak «larriak» direla, eta epaia kritikatu dutenei eskatu die uzteko albo batera «adierazpen arduragabeak».