Hamas «pozik» dago su eten proposameneko bermeekin

Palestinako beste fakzioekin hitz egiten ari da talde islamista. Israelek beste 41 pertsona hil ditu Gazan.

Gizon bat bizikletaren gainean Gazan, atzo. HAITHAM IMAD / EFE
Gizon bat bizikletaren gainean Gazan, atzo. HAITHAM IMAD / EFE
2025eko uztailaren 4a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Washingtonek egindako su eten proposamenari buruzko erabakia hurrengo 24 orduetan jakinaraziko du Hamasek, Donald Trump AEBetako presidenteak Etxe Zurian adierazi duenez. Talde islamistak ohar batean esan du Palestinako beste fakzioekin eztabaidatzen ari dela proposamena. Planteamenduko bermeekin «pozik» dago Hamas, haren gertuko iturriak aipatuz Efe berri agentziak kaleratu duenez.

Su etenak gerraren amaiera ekarriko duela bermatu nahi du erakunde islamistak, Al-Jazeerak taldearen gertuko iturrietan oinarrituta zabaldu dutenez. Trumpek kazetariei azpimarratu die AEBek proposatutako menia izanda «ziurtatuta» dagoela gatazka behin betiko amaitzea. Hala ere, Hamasek zalantzak azaldu ditu, aurreko menia Israelen erasoengatik amaitu baitzen, martxo erdialdean.

Azken egunetan egindako adierazpenetan, talde islamistak adierazi du ezinbestekoa dela Israelek tropak zerrendatik ateratzea eta laguntza humanitarioa sartzen uztea tregoa indarrean sar dadin. Dena den, AEBetako hedabideek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, baldintza horiek ez dira su eten proposamenean agertzen. 60 eguneko menia onartzeak zera ekarriko luke, Hamasek hamar bahitu askatzea eta hemezortzi gorpu itzultzea. Israelek, berriz, hainbat preso palestinar askatuko lituzke. Epe horretan, ez Israelek eta ez Hamasek ez liokete elkarri eraso egingo.

Trumpek esan duen arren Israelek meniarako baldintzak onartu dituela, oraindik ez da iritsi Israelen baieztapena. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan zuen atzo, Nir Oz kibbutzera egindako bisitan, «erabateko konpromisoa»  duela bahitu israeldar guztiak askatzeko: «Denak bueltan ekarriko ditugu». 

50

Beduinoen zenbat familia desplazatu dituzten Zisjordanian. Beduinoz osatutako 50 bat familiak beren bizilekuetatik ihes egin behar izan dute gaur goizaldean, Israelgo kolonoen erasoen ondorioz. Hori salatu du beduinoen eskubideen defentsan lan egiten duen Israelgo talde batek.

Gazan su eten bat lortzeko negoziazioak hasi dira berriro, Israelen eta Iranen arteko hamabi eguneko gatazka amaitu ostean. Hala ere, Israelek Gazan egindako erasoak ez dira eten: Israelgo armadak gutxienez 41 pertsona hil ditu gaur Gazan, hango osasun iturrien arabera.

Zein rol jokatu aztertzen ari da Hezbollah

Hezbollahk berrikuspen estrategiko bat hasi du, iaz Israelekin izandako azken gerraren ondoren. Barne azterketa horretan, eztabaidatzen ari da erabat desarmatu gabe mugimendu armatu gisa duen egitekoa murriztea, Reuters berri agentziak Libanoko milizia xiitaren gertuko iturriak aipatuz kaleratu duenez. Azaroaren amaieran su etena indarrean sartu zenetik Hezbollah jasaten ari den «presioa» islatzen dute elkarrizketek, iturri horiek diotenez. Izan ere, Israelekin izandako gerraren ostean, erronka ugari ditu Libanoko milizia horrek. Menia indarrean dagoen arren, Israelek Libano hegoaldeari erasotzen dio tarteka.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.