Hamas prest dago AEBen menia proposamena onartzeko, baina Israelgo armada Gazatik irteteko eskatu du

Palestinako erakunde islamistak esan du hirurogei eguneko su etena onartuko lukeela, baita hamar bahitu askatzea ere, baina baldintzak gehitu ditu; tartean, Israelgo tropek Gaza uztea. Israelgo armadak gutxienez hamalau pertsona hil ditu gaur zerrendan.

Palestinarrak laguntza humanitarioaren zain, atzo, Khan Yunisen, Gaza hegoaldean. HAITHAM IMAD / EFE
Palestinarrak laguntza humanitarioaren zain, atzo, Khan Yunisen, Gaza hegoaldean. HAITHAM IMAD / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko maiatzaren 31
19:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamas Gazako erakunde islamista prest agertu da AEB Ameriketako Estatu Batuek egindako azken su-eten proposamena onartzeko, baina zenbait baldintza gehitu dizkio. Talde palestinarrak ohar batean azaldu duenez, gaur erantzun dio Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkariak asteazkenean egindako proposamenari. Talde palestinarrak onartu egin ditu Etxe Zuriko ordezkariak mahai gainean jarritako trukerako txanponak, hau da, prest agertu da hirurogei eguneko menia onartzeko, hamar gatibu askatzeko, eta beste hemezortzi bahituren gorpuak entregatzeko —Israelen arabera, denera 58 ditu bahituak gaur egun—. Horretarako, baina, proposamenak hiru helburu izan behar dituela gehitu du: su eten iraunkorra lortzea, tropak zerrendatik ateratzea, eta laguntza humanitarioaren sarbidea bermatzea.

Witkoffek asteazkenean eman zuen proposamenaren berri; eta, herenegun, Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavittek jakinarazi zuen Israelek onartu egin zuela. Gaur arte, talde islamistak ez du erantzun, baina atzo aurreratu zuen proposamenak ez duela taldearen eskakizun «bakar bat bera ere»; hala adierazi zuen Basem Naimek, Hamaseko kide batek, ohar batean. Nazioarteko hedabideek kaleratu zutenez, Hamasek askatutako bahituen truk, Israelek 1.236 preso palestinar askatuko lituzke, eta palestinarren 180 gorpu itzuli ere bai.

Azken orduetan, Israelek erasoak egiten jarraitu du zerrendan. Gazako Defentsa Zibileko bozeramaile Mahmoud Basalen arabera, azken bi egunetan hirurogei etxebizitza eraikin suntsitu ditu Israelek Gaza iparraldean. Gaurko erasoetan gutxienez hamalau palestinar hil dituztela kaleratu du Al-Jazeera hedabideak.

Bestalde, Israelgo armadak ohar batean baieztatu du Hamaseko buru Mohammed Sinwar hil zutela maiatzaren 13an. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak asteazkenean eman zuen berria, eta armadak gaur baieztatu du. Haren anaia Yahya Sinwar izan zen talde islamistako burua, baina iazko urrian Tel Avivek hura hil zuela jakinarazi zuen. Hamasek ez du baieztatu Sinwar hila denik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.