Gutxienez hamasei adingabe hil dira gaur Kenyan, neskentzako barnetegi batean piztutako sutean. Gainera, beste zazpi ospitaleratu behar izan dituzte, iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Azken urteetan gisa horretako hainbat sute gertatu dira Kenyako eskoletan, eta zerk eragin duen ikertzen ari dira.
Gilgil herrian gertatu da sutea, Nairobi hiriburutik 120 kilometro ingurura. Poliziaren arabera, han 01:00 inguru zirela piztu da, eta logelaz osatutako barnetegiko bloke bat erraustu du; 220 ikasle inguru zeuden ostatu hartuta.
William Ruto Kenyako presidenteak doluminak eman dizkie hildakoen senideei. «Ez dago hitzik gertatutakoak eragin duen mina arinduko duenik», idatzi du X sare sozialean. Kipchumba Murkomen Barne ministroa sutea izan den lekura joan da, eta han zeudenei, senideei, kazetariei-eta eskatu die pazientzia edukitzeko eta ez espekulatzeko.
Izan ere, azken urteetan halako hainbat sute gertatu dira herrialdean. Gerora jakin izan da batzuk ikasleek berek piztu zituztela, ez zeudelako pozik —ezarritako diziplinarekin bat egiten ez zutelako, edo barnetegietako bizi baldintzengatik—. Beste sute batzuk, ordea, piztu dira instalazioek ez zituztelako betetzen segurtasun neurri gutxienekoak.
Larriena 2001ean gertatu zen: 67 ikasle hil ziren aldirietako ikastetxe batean —nahita piztu zuten—. 2024an, gutxienez 21 hil ziren beste batean, eta antzera gertatu zen 2017 eta 2021 artean ere. Horregatik, 2021eko azaroan, Kenyako Hezkuntza Ministerioak erantzun zion Parlamentuko batzorde bati informazioa eskatu zuela eskoletan nahita piztutako suteei buruz; azpimarratu zuen 2020 urtarriletik azarora 126 erregistratu zituztela.