Gazarako adostutako planaren harira hitzemandakoa bete du Hamasek: Israelekin erdietsitako meniaren lehen fasea indarrean sartu eta 72 orduko epean hasi da gatibuak aske uzten. Gaur goizean ekin diote lanari, eta, Israelgo armadak jakinarazi duenez, Palestinako erakunde islamistak jada entregatu dizkio bizirik zeuden hogei gatibuak; lehenengo zazpi bahituak 07:00etan (Euskal Herriko ordua) geratu dira aske, Gaza iparraldean, eta besteak, berriz, 11:00etan, Khan Yunis inguruan, Gaza hegoaldean.
Miliziak ere onartu zuen hildako gatibuen gorpuak entregatzea; nolanahi ere, ez ditu horiek guztiak aldi berean emango. Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak jakinarazi du Hamas horietako lau bakarrik entregatzekoa dela gaur. Palestinako talde islamistak 2023ko urriaren 7an hartu zituen gatibuak; hau da, 737 egun igaro dituzte Gazan.
Hamasek bete du hartutako konpromisoa, eta gero Israelek egin du horixe bera. Itunean adostutakoaren arabera, Israelek 1.966 preso palestinar askatu behar zituen, bizirik dauden bahituak aske geratu ondoren. Bada, Preso Palestinarren Bulegoak jakinarazi duenez, dagoeneko Ramallahra iritsi dira Israelgo Ofer kartzelan zeuden preso batzuk. Tel Avivek espetxe zigorra ezarri zieten 250 preso utziko ditu aske, eta, ondoren, 2023ko urriaren 7az geroztik atxilotutako 1.700.

Hamasek Gurutze Gorriari entregatu dizkio bahituak, Gazan, eta erakunde horrek Israelgo armadaren esku utzi ditu gero. Hark, berriz, Gazako mugaren ondoko Reim kibbutzeko base militarrera eraman ditu, Israelgo lurraldera. Han osasun arreta eman diete, eta familiekin bildu dira. Osasun egoera kaskarra duten gatibuak helikopteroz eraman dituzte Tel Aviveko ospitaleetara.
Gazako agintariek, halaber, 7.000 funtzionario mobilizatu dituzte preso palestinarrei harrera egiteko, sare sozialen bidez gaur azaldu dutenez. «Presoak besoak zabalik agurtzea betebehar nazional eta moral bat da», gaineratu dute oharrean. Iturri ofizial bat aipatuz EFE albiste agentziak aurreratu duenez, 95 preso Ramallahra eramango dituzte, eta 1.700 baino gehiago zerrendara, han hartu baitzituzten atxilo. Horrez gain, PAN Palestinako Aginte Nazionalak jakinarazi du bizi osoko kartzela zigorra zuten eta aske utziko dituzten 154 preso deportatu egingo dituztela.

Hamasek eta Israelek ostegun goizean eman zioten oniritzia AEBek Gazarako ondutako planari. Etxe Zuriko maizter Donald Trumpek eman zuen horren berri; gero, ostegun arratsaldean, erabakia berretsi zuen Israelgo Gobernuak, gauerdira arte luzatu zen bozketa baten bidez. Hala, ostiralean sartu zen akordioa indarrean, eta orduan erretiratu zen Israelgo armada lerro horira; dena den, Israelek Gazako lurraldeen %53ren kontrola izaten jarraituko du. Ordutik, Israelen sarraskiaren ondorioz etxea utzi behar izan duten gazatarrak sorlekura itzultzen hasi dira; hots, ostiraletik larunbatera 500.000 desplazatu itzuli ziren Gaza hirira.
Lehen fasea indarrean sartuta, erasoak eteteko betebeharra dauka Israelek; halere, Gazako Osasun Ministerioak salatu du gaur hiru pertsona hil direla Israelgo soldaduek «berariaz» egindako eraso batean. Are, 60 pertsonaren gorpuak aurkitu dituzte birrindutako eraikinen hondakinen azpian. Horrez gain, lehergailu batek eztanda egin du Gaza hiriko al-Xifa ospitalearen kanpoaldean, iturri ofizialak aipatuz Al Jazeera hedabideak esan duenez. Gazako Babes Zibilaren arabera, Israelgo armadak utzi zuen lehergailua, eremu horretatik erretiratu baino lehen; hiru haur zauritu dira eztandaren ondorioz. Horiek horrela, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi du Israelek 67.869 pertsona hil dituela 2023ko urriaren 7az geroztik.
EB, pauso bat atzera
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek uste du «goizegi» dela esateko Israelen aurkako zigorrak bertan behera utziko ote dituzten, aintzat hartuta aurreko astean aldeek Gazarako adostutako ituna. Joan den irailean, talde komunitarioak mahai gainean jarri zuen Israeli muga zergak areagotzea, eta Israelgo Gobernuko bi ministro ultraeskuindarri —Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvir eta Finantza ministro Bezalel Smotrich— zigor ekonomikoak ezartzea. «Neurri horiek testuinguru zehatz batean planteatu ziren; hortaz, testuingurua aldatzen bada, baliteke gure erantzuna ere aldatzea», gaineratu du Von der Leyenek.
trukearen ondorengo pausoak
Israelek eta Hamasek bahituen eta presoen trukea egin ondoren, zer?
AEBek aurkeztutako Gazarako planaren arabera, behin akordio hori onartuta, laguntza humanitarioa Gazan sartzekoa litzateke. Bada, Israelgo armadak baieztatu zuen ostiralean egunean 600 kamioi humanitario sartuko direla zerrendan, eta NBE Nazio Batuen Erakundeko agintziak eta beste GKE gobernuz kanpoko erakunde batzuk arduratuko direla laguntza hori banatzeaz. Dena den, larunbatean dagoeneko hasi ziren sartzen kamioi humanitario batzuk.Hamasek entregatu ditu bizirik dauden gatibuak, baina zer gertatuko da hilik dauden bahituen gorpuekin?
Lehenengo faserako adostutako akordioan zehazten denez, Hamasek gaur bertan entregatu beharko lizkioke Israeli hilik dauden gatibuen gorpuak. Israelen etengabeko erasoak tarteko, baina, ez dago argi zer egoeratan dauden gorpu horiek, ezta guztiak aurkitzeko gai izango ote diren ere.
Zer gertatuko da bigarren fasean?
Oraindik ez dago argi. Hamasek, Israelek eta bitartekariek lehenengo fasea bukatu ondoren ekingo diete bigarren faseko baldintzak zehazteko negoziazioei. Edonola ere, espero da Hamasen armagabetzea eta haren azpiegitura militarren deuseztatzea negoziatzea; eztabaidatu beharko dute, halaber, zer forma hartuko duen Gazako gobernabidea ikuskatuko duen nazioarteko agintaritza taldeak.