Palestina Libre eguna eginen dute berriz Makean, azaroaren 15ean, «bake prozesu kolonialaren» garai betean

Bost hitzaldik eta bost kontzertuk osatuko dute «Israel eta haren konplizeen kontra borrokatzeko» antolatu duten egun horren egitaraua. Batez ere, Frantziako Estatuaren «hipokrisia» salatu dute antolatzaileek.

Iparraldea Palestinarekin kolektiboaren prentsaurrekoa, gaur goizean, Makean. GUILLAUME FAUVEAU
Iparraldea Palestinarekin kolektiboaren prentsaurrekoa, gaur goizean, Makean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
MAKEA
2025eko urriaren 13a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iparraldea Palestinarekin kolektibokoek Palestina Libre eguna aurkeztu dute goizean, noiz-eta Donald Trumpen «bake planaren» lehen fasea betetzen ari den eta «bake prozesu koloniala» abian den honetan, haien erranetan. Azaroaren 15ean iraganen da ekitaldi hori, Makean (Lapurdi), iaz bezalaxe: eragileen merkatua egonen da egun osoan, hitzaldi nagusia goizean, bazkaria, lau hitzaldi arratsaldean, eta kontzertu gaualdia. Palestina Libre egunaren bigarren aldian ere, «palestinarren erresistentzia sostengatu eta Israelen zein haren konplizeen kontra borrokatzera» deitu nahi dute, eta, horretarako, hitza emanen diete «sionismoak bere baitan dakarren garbiketa etnikoa eta kolonialismoa» bertatik bertara jasaten ari direnei.

Makearaino helduko da palestinar herriaren erresistentziaren oihartzuna, goizeko hitzaldi nagusian Salah Hamurik, Sarah Katzek eta Mays Qaisirek parte hartuko baitute, «Israelen proiektu kolonial eta genozidari aurre egiteko borrokak» aipatzeko. Hamuri Jerusalemen sortu zen: abokatu franko-palestinar bat da, giza eskubideen aldeko ekintzailea, Israelek «behin baino gehiagotan» eta «frogarik gabe» preso sartua; 2022an, Frantziara kanporatu zuten, eta, geroztik, debekatua du herrira itzultzea . Katz UJFP Bakearen Aldeko Frantziako Juduen Batasuneko kidea da: 2011tik 2016ra bitarte, egonaldiak egin izan ditu Gazan, eta 2018ko Askatasunaren Aldeko Flotillan parte hartu zuen; Palestinako laborantzaren sektorean inplikatua da. Qaisi, azkenik, Zisjordaniako Balata errefuxiatu gunean sortua da, Nablusen: 2019an, Frantziara iritsi zen familiarekin, ihesi, eta Pauen (Okzitania) bizi da gaur egun; gainerako senideak Nablusen ditu oraino.

Hirurek beren erresistentzia ibilbidea kontatuko dute, eta elkarrizketarako tartea ere izanen da bukaeran. Gaur goizeko prentsaurrekoan, Iparraldea Palestinarekin kolektibokoak palestinarren erresistentziaz mintzatu dira, hain zuzen: «Bortizkeria handi horrekin ere, palestinarrek erresistentziari eusten diote: Israelen mehatxuari, sarraskiari eta jardun terroristari ez diote amore eman. [Benjamin] Netanyahuk Gazatik joaten ikusi nahi lituzke, horretara behartu nahi ditu, baina horrelakorik ez dute onartzen palestinarrek: Sumudean oinarritzen dira, hau da, edozer gerta, beren lurretan iraun, eta han biziko dira».

Gogoeta politikoa «armatu»

Kuia salda, tabulea, hummusa, barazki gordin entsalada, ekialdeko bixkotxak, arnoa eta kafea: 13 euro gostako da bazkaria, eta erreserbarik ez dute hartuko aitzinetik. Sabela beterik, hitzaldiei berriz ekinen diete gero: bi oren tarte izanen dira, 15:30etik eta 17:00etara bat, eta 17:30etik 19:00etara bestea; oren tarte bakoitzean, bi hitzaldiren artean hautatzen ahalko da. Lehen tartean, laborari palestinarren erresistentzia eta Palestinarekiko elkartasunaren kontrako errepresioa izanen dira ardatz; bigarren tartean, berriz, kolonialismo sionistaren aurpegiez eta Euskal Herriko boikotaz ariko dira.

Elkartasuna adierazteko eta «Israelen proiektua desegiteko» tresna izateaz beste, Palestina Libre «gogoeta politikoa armatzeko» eguna izatea ere nahi dute antolatzaileek; arratsean kontzertuak izanen dira (Mikel Urdangarin, Skalpel, Gailu, On eta AKts), baina, horren gainetik, garrantzia eman diete bost hitzaldiei. Hala, adierazi dute Palestinako gatazkaren erroa politikoa dela, eta, beraz, «aterabideak halabeharrez politikoa» izan behar duela.

Europaren hipokrisia ere salatu dute delako aterabideak atzemateko tenorean hartu izan dituen posizioengatik. Batez ere, Frantzia aipatu dute, ezin ulertua baitzaie «Palestinako Estatua hitz ederrekin aitortu» eta denbora berean «Israelgoari 27,1 milioi euroren arma salmentak egin izana 2024an». Gero, galdera bat egin dute: «Zer hipokrisia klase da Palestina aitortu eta aldi berean Palestinaren banderak debekatzea herriko etxeetan eta karriketan?». Funtsean, «sinbologia hutsari» so egitea gaitzetsi dute.

Esan dutenez, «munduko potentzia inperialista handien interesak Israelen interesekin estrukturalki lotuak» dira; beraz, azaroaren 15ean mobilizatzera deitu dute, Makean. Egun berean, Palestinaren aldeko elkartasun martxa eginen dute Bilbon, Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partida dela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.