Egipton dira Hamaseko eta Palestinako beste hainbat fakziotako liderrak, herrialde bitartekariekin —Egipto, Qatar eta Turkia— Gazarako bake planaren bigarren faseari buruz hitz egiteko. Taher al-Nunu Hamaseko goi karguak Al-Jazeera hedabideari adierazi dio Kairoko elkarrizketek bi ardatz dituztela bigarren faseari begira: batetik, Rafahko pasabideak irekitzea, mugaren Egiptoko aldean pilatuta dagoen laguntza sar dadin; eta bestetik, Israel Gazatik erretiratu dadila ziurtatzea.
Atzo iragarri zuen Steve Witkoff AEB Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariak X sare sozialean Gazarako AEBen planaren bigarren fasea hasiko zela. Hain zuzen, «desmilitarizazioari, gobernantza teknokratikoari eta berreraikuntzari» ekingo diote Gazan, Donald Trump AEBetako presidenteak urrian plazaratutako hogei puntuko planari erreparatuz.
Baina lehen fasean bete beharrekoak ez dira bete. 2025eko urriaren 10ean sartu zen lehen fasea indarrean, eta su etena ezarriko zela zioen planean. Gazako Gobernuaren arabera, gutxienez 1.193 aldiz urratu du Israelek tregoa akordioa. Israelek aire bidezko erasoak, artilleria bidezkoak eta eraso zuzenak egin dituela salatu du gobernuak, eta adierazi 450 palestinar inguru hil dituela su etena indarrean denetik. Gainera, jakinarazi du ez dela laguntza humanitario nahikoa sartu zerrendan, eta Israelgo indar militarrek Gazaren %50 okupatzen dutela oraindik. Bestalde, Hamasi bahitu baten gorpua itzultzea falta zaio lehen faseko betebeharrak amaitzeko.
Hala ere, begi onez ikusi dute bigarren fasera igarotzea Hamasek, fakzio palestinarrek eta bitartekariek. Egiptok, Turkiak eta Qatarrek, ohar bateratu batean, iragarpena «aurrerapauso garrantzitsua» dela adierazi zuten atzo: «Gazako zerrendan egonkortasuna sendotzeko eta egoera humanitarioa hobetzeko». Al-Nunuk goraipatu egin ditu adostutakoa ezartzeko egiten ari diren «esfortzu handiak», eta Hussein al-Xeikh Palestinako presidenteordeak ere pozez hartu du planean aurrera egiteko erabakia. Eskatu du Gazako instituzioak Zisjordaniako PAN Palestinako Aginte Nazionalaren esku geratu beharko liratekeela, «'sistema bat, lege bat eta arma legitimo bat' printzipioa defendatuz».
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, aldiz, adierazi zuen ez dituela bigarren faserako elkarrizketak hasiko Hamasek falta den gorpua itzuli arte. Witkoffek iragarri zuen AEBek espero dutela Hamasek obligazio hori betetzea: «Bete ezean, ondorio larriak izango dira», ohartarazi zuen.
Gobernu teknokratikoa
Bigarren fasea ezartzearekin batera, Gazan aginduko duen gobernu teknokrata bat sortuko zutela iragarri zuten herrialde bitartekariek. Esan zuten gobernu hori Ali Xaath PANeko ministrorde ohiak gidatuko duela; ez zuten adierazi norekin. Gazako herritarrei zerbitzuak eta bermeak eskaintzea da gobernu horren betebeharra, baita zerrenda berreraikitzea ere. NBE Nazio Batuen Erakundeak kalkulatu du berreraikitze lanek 50.000 milioi dolarreko kostua izango dutela —43.000 euro ingurukoa—.
Gazarako gobernu berriaren inguruan, Witkoffek atzo adierazi zuen helburua «Hamasen alternatiba bat eratzea» dela, «bakea lortzea nahi duen» alternatiba bat. Gehitu zuen gobernu berria eratutakoan hasiko direla AEBak bi aldeekin biltzen: «Hamasekin hurrengo faseari buruz, hau da, taldearen desmilitarizazioari buruz, eta hori onartzen badute, Israelekin, Hamasi eman diezaiokeen amnistia programari buruz».
Witkoffek ez zuen ezer adierazi Israelgo tropak Gazatik erretiratzearen eta Gazara laguntza humanitarioa sartzearen inguruan, nahiz eta Trumpek proposaturiko hogei puntuko planean bi kontu horiek jasoak dauden: «Behin akordioa onartutakoan, Gazara laguntza bidaliko da», batetik; eta «laguntza sartzea eta banatzea Nazio Batuen Erakundearen eta haren organoen ardura izango da, eta bi aldeetako inork ez du oztopatuko», bestetik.
Palestinako gobernuak herrialdeko hamalau leku MunduKO Ondare izendatzea proposatu du
PAN Palestinako Aginte Nazionalak proposamen formala egin dio Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeari. Eskatu dio Gazako eta Zisjordaniako hamalau toki Munduko Ondareen zerrendan sartzea, nola kulturalak hala naturalak. Palestinako Turismo eta Antzinatasun ministerioak egin du proposamena. Horrela, monumentu historikoei dagokionez, nazioarteko aitortza jaso nahi du Palestinak, Israelek okupatutako eta suntsitutako eremuetan. Adituek diotenez, berrehun gune historiko baino gehiago suntsitu dituzte Israelen bonbardaketek.Â
Â