Hamasek salatu du Israel «nahita» ari dela oztopatzen gatazka amaitzeko bidea

Netanyahuk adierazi du ez duela armada zerrendatik erretiratuko, talde islamista erabat armagabetu ezean. Hamasek, berriz, akordioarekiko «konpromiso irmoa» adierazi du.

Palestinar batzuk Israelek suntsitutako eraikin batzuen inguruan, Gaza hirian, larunbatean. MOHAMMED SABER / EFE
Palestinar batzuk Israelek suntsitutako eraikin batzuen inguruan, Gaza hirian, larunbatean. MOHAMMED SABER / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko abuztuaren 10a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk «bitartekarien ahaleginen aurka jo du», Gazako Gobernuaren prentsa bulegoak salatu duenez. Telegramen gaur argitaratutako ohar batean zabaldu du bulegoak adierazpen hori, eta gehitu du Israel «nahita» ari dela gatazka amaitzeko bidea oztopatzen, eta, ondorioz, krisi humanitarioa «nabarmen larriagotzen».

Gazako Gobernuak Netanyahuk atzo egindako adierazpenei erantzun die ohar horretan —Hamasen menpe dagoen Gazako administrazioa da hori, eta bake prozesuan adostu dute Gaza Administratzeko Batzorde Nazionalak ordezkatuko duela—. Izan ere, Israelgo lehen ministroak AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpen Bake Batzordeak proposatutako akordioa baztertu zuen atzo, astero egiten duten ministro kontseiluaren bileran.

Israelek orain arte ez zuen akordio horri buruzko adierazpen formalik egin. Aurreko astean Netanyahuk azaldu zuen «desadostasunak» zituela Trumpekin Gazako planaren inguruan, baina, atzo, AEBek duela bi aste aurkeztutako proposamenari zuzenean ezezkoa eman zion lehen ministroak, eta argi azaldu zuen arrazoi nagusia: Gazako bake prozesuan aurrera egin aurretik, Hamas Palestinako talde islamista armagabetu egin behar dela.

Netanyahuk, gainera, nabarmendu zuen armagabetzeak «benetakoa» izan behar duela, eta ez «fikziozkoa»: arma astunak ez ezik, arma arinak ere desagerrarazi behar dituztela, alegia. Era berean, iragarri zuen Israelgo armada ez dela Gazatik erretiratuko «Hamas zinez desarmatu arte».

Jarrera hori ez dator bat planean jasotakoarekin, ezta Bakearen Batzordeko ordezkari Nickolay Mladenovek Netanyahuri iragan astean azaldu zionarekin ere; izan ere, hitzarmenaren arabera, Hamasen armagabetzea eta Israelgo armadaren erretiratzea aldi berean egingo lirateke, modu paraleloan eta faseka.

Netanyahuk, gainera, beste bi arrazoirengatik ere baztertu zuen atzo AEBen proposamena. Batetik, Bake Batzordearen akordioak aurretik hartutako konpromisoak betetzera behartzen duelako Israel; besteak beste, «operazio militarrak bertan behera uztera». Atzo, ordea, Netanyahuk esan zuen Israelgo armadak «herrialdearen aurkako mehatxuak zapuzten» jarraituko duela, eta horretarako erasoei eusteko gaitasuna babestu zuen.

Bestetik, akordioan aurreikusten da «autodeterminazioa lortzeko eta Palestinako estatua sortzeko bide baterako baldintza egokiak» sortu behar direla. Atzoko adierazpenetan, ordea, Netanyahuk argi utzi zuen Israelgo lehen ministro den bitartean ez dela estaturik sortuko.

Beraz, ez dirudi Israelek asmorik duenik Trumpek proposatutako hitzarmena onartzeko. AEBen eta Israelen arteko harremanak tenkatu egin dira atzoko adierazpenen ostean. Trumpek «akordio historikotzat» jo zuen bake plana iragan astean, eta atzo, Netanyahuk, hitzarmena baztertzeaz gain, adierazi zuen badakiela noiz esan bai edo ez aliatuei. Gehitu zuenez, estatubatuarrek Gazako etorkizunari buruz dituzten ideia batzuk «onak» diren arren, beste batzuk «onartezinak» dira, eta horiei «tinko» eutsi behar zaie. 

Hamasek, bestalde, akordioarekiko «konpromiso irmoa» duela adierazi zuen atzo argitaratutako ohar batean. Azpimarratu zuenez, miliziaren lehentasuna «akordioa erabat ezarriko dela bermatzea» da, «fase eta baldintza guztietan»; nagusiki «erabateko su etena ezartzeko, erasoak amaitzeko, Israelgo armada erretiratzeko eta mugak irekitzeko».

Akordioa «modu arduratsuan» ezartzeko erabakia hartu dutela ere adierazi zuen Hamasek. Era berean, talde islamistak gaineratu zuen Trumpen planaren hurrengo fasean aurreikusita egon beharko lukeela laguntza humanitarioa eta lehengaiak sartzea, baita berreraikitze prozesua hastea eta Gaza Administratzeko Batzorde Nazionala gaitzea ere.

Teheranen arabera, ez dago Ormuzko pasabidea irekitzeko konponbide militarrik

 

Ez dago Ormuzko itsasartea gerra aurreko egoerara itzuliko duen konponbide militarrik. Hala adierazi dio Irango Parlamentuko presidenteorde Ali Nikzadek herrialdeko Mehr berri agentziari: «Irango islamiar errepublika saiatu da erasotzaileari jakinarazten Ormuzko itsasartea ez dela gerraren aurreko egoerara itzuliko gerrak irauten duen bitartean». 
Beraz, azken egunetan Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik adierazi duen bezala, Teheran ez dago prest Trumpen exijentziak entzuteko eta itsasartea irekitzeko. Hortaz, azken egunetan Omanekin negoziatzen ari diren itsasbide berriari buruzko akordioa itxita ere Ormuz Iranen kontrolpean egongo dela esan du Teheranek. 

 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA