Gutxienez hamazazpi lagun hil dira asteburuan Yemengo matxino huthiek Riadeko aireportuaren aurka egindako bonbardaketetan. Ostiralean, hiru pertsona hil zituzten huthiek Riadeko Khalid Erregea aireportuan, baina larunbatean izan zen erasorik bortitzena: huthiek hainbat misil jaurti zituzten, eta hamahiru pertsona hil eta 309 zauritu zituzten.
Atzo, hirugarrenez bonbardatu zuten aireportua, eta beste pertsona bat hil. GACA Saudi Arabiako Abiazio Zibileko Agintaritza Nagusiaren arabera, misil batek 4. terminala jo zuen, eta, lagun bat hiltzeaz gain, 11 pertsona zauritu zituzten.
Saudi Arabiak erantzun egin die erasoei, eta areagotu egin ditu Yemengo huthien aurkako bonbardaketak Sana hiriburuan eta Yemengo hego-mendebaldean.
Matxino huthiek bere gain hartu dituzte Riaden aurkako bonbardaketak, eta argudiatu dute Saudi Arabiak aurrez egindako erasoen erantzuna direla.
Hainbat erakundek huthien erasoak gaitzetsi dituzte, eta babesa eman diote Saudi Arabiari, tartean Arabiar Liga. Saudi Arabiak eta haren aliatuek salatu dute bonbardaketak «gerra krimena» izan direla.
NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariek ere arbuiatu dute erasoa. Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak adierazi du azpiegitura zibilen aurkako bonbardaketak «nazioarteko zuzenbidearen urraketa» direla.
Hegaldirik ez
Asteburuko bonbardaketak direla medio, Saudi Arabiak bertan behera utzi ditu Khalid Erregea aireportuko hegaldiak, eta auzokide diren estatuek ohartarazi dute huthien erantzunak arriskuan jartzen duela «golkoko segurtasuna». Hala, Arabiar Emirerri Batuetako presidentearen aholkulari batek batzera deitu ditu golkoko estatuak, «segurtasuna bermatzeko».
Bien bitartean, Yemengo armadak matxino huthien aurka borrokan jarraitzen du, matxinoek kontrolpean dituzten eremuak berreskuratu nahian. Gobernuaren arabera, herrialdearen hego-mendebaldeko Taiz eskualdea bonbardatu dute azken orduetan.
Sana hiriburua matxinoen esku dago, eta Yemengo Gobernua hura berreskuratu nahian ari da Saudi Arabiaren eta beste hainbat herrialderen laguntzarekin. Huthiek, baina, xiitak izaki, Iranen babesa dute —xiita da herrialde hartako gobernua ere—.
AEBen eta Iranen aurkako gerran, Teheranen alde egin dute huthiek, eta Washingtonek Ormuzen dituen indarrei eraso egin diete behin baino gehiagotan, baita Israeli ere. Matxinoek indarrak atzerrira begira jarri izana baliatu nahi izan du Yemengo Gobernuak haien aurkako kontraerasorako.