Turkiako eta Armeniako gobernuburuek aurrez aurreko bilera ofizial bat egin dute lehen aldiz

Erdogan Turkiako presidentea eta Paxinian Armeniako lehen ministroa Istanbulen bildu dira. Bi estatuen arteko harremanak normaltzeko aurrerapausotzat daukate.

Paxinian Armeniako lehen ministroa eta Erdogan Turkiako presidentea, gaur, Istanbulen. TURKIAKO PRESIDENTETZA
Paxinian Armeniako lehen ministroa eta Erdogan Turkiako presidentea, gaur, Istanbulen. TURKIAKO PRESIDENTETZA
Igor Susaeta.
2025eko ekainaren 20a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak eta Nikol Paxinian Armeniako lehen ministroak bilera egin dute gaur Istanbulen. Arrazoi historikoak direla medio, bi herrialdeek inoiz ez dute harreman diplomatikorik eduki; hortaz, gaurkoak esan nahi du erlazio horiek normaltzeko bidean beste aurrerapauso bat eman dutela, bi herrialdeetako ezein gobernuburuk inoiz elkarrekin egindako lehenbiziko batzar ofiziala izan baita gaurkoa.

Aurreko asteartean, iturri ofizialek bilkura baieztatu zutenean, Alen Simonian Armeniako Parlamentuko presidenteak ohar batean adierazi zuen «urrats historiko» bat zela. Sobietar Batasuneko errepubliketako bat izan zen Armenia, eta blokea desegin zenean, 1991n, Turkia izan zen Armenia estatu gisa aitortu zuten aurrenekoetako bat. Baina bi aldeak ez ziren gai izan erlazio diplomatiko bat ezartzeko, eta, are, haien arteko muga —300 kilometro inguru—, itxita dago 1993tik. Mende bat pasa daramate etsaituta bi aldeek, 1915ean hasi eta hainbat urtez Otomandar Inperioak armeniarren aurkako genozidio bat egin zuenetik. Armeniaren arabera, 1,5 milioi armeniar inguru hil zituzten sarraski hartan; Turkiak, baina, ez du erantzukizuna bere gain hartzen.

Nolanahi ere, Turkia eta Armenia duela hiru urte hasi ziren azkenekoz pausoak ematen gaur egonkortu nahi duten bidean. Elkarri baldintzarik jarri gabe hitz egiten segitzeko asmoa agertu zuten. Azken hiru urteotan ez dute horretarako bide orririk zehaztu, baina keinu batzuk esanguratsuak izan dira. Esaterako, Erdogan eta Paxinian jendaurrean elkarrekin agertu izan dira nazioarteko zenbait goi bileratan, eta Armeniako lehen ministroa Erdoganek kargua hartu zueneko ekitaldira joan zen Ankarara, 2023ko ekainean.

Keinu horiei gehitu behar zaie ohiz kanpoko egoera batzuetan muga ireki izan dutela. Lehen aldiz, 2023ko otsailean, Ekialde Hurbila astindu zuen lurrikararen ondorioz kaltetutako eremuetara laguntza humanitarioa eramateko. Bigarren aldiz, iazko martxoan, Siriara laguntza humanitarioa eramateko; eta, gainera, iazko uztailetik, akordio batzuek modua ematen diete beste herrialde batzuetako diplomazialariei eta herritarrei muga hori zeharkatzeko.

Hori guztia gorabehera, ikusteko dago zer bide egingo duten oraingo ahaleginek. Izan ere, bi aldeek elkar ulertzeko saio bat egin zuten 2009an, baina gerora ez zituzten berretsi orduko akordioak. Orduan ere izan ziren keinu batzuk. Esaterako, 2008an, Turkiako orduko presidente Abdullah Gul Erevanera joan zen, bere homologo Serzh Sargsyanekin batera futbol partida bat ikustera; urtebete geroago, biak beste futbol partida batean elkartu ziren,  Bursan (Turkia).

Azerbaijanen rola

Erdoganek Paxinian hartu du gaur, eta atzo, berriz, Azerbaijango presidente Ilham Aliyevekin batzartu zen Ankaran. Bi herrialdeen arteko harremanak sendotzeko baliatu zuten batzarra. Izan ere, bai arrazoi kulturalengatik —azerbaijandarrek turkiar hizkuntza darabilte—, baita arrazoi geoestrategikoengatik ere, erlazio estua dute biek ala biek.

Kontuan hartu behar da, gainera, Turkiak Azerbaijani emandako laguntza militarra ezinbestekoa izan zela Baku Erevani nagusitzeko 2020an, Karabakh Garaiko bigarren gerran —lehenengoa (1988-1994) Armeniak irabazi zuen—; baita 2023ko iraileko erasoaldian ere, Azerbaijanek lortu zuenean armeniarrak errepublika hartatik kanporatzea eta haren kontrola hartzea.

Eta urte eta erdi geroago, aurtengo martxoan, bake akordio bat adostu zutela iragarri zuten Armeniak eta Azerbaijanek. Nork bere kabuz eman zuen horren berri, eta, Erevanen arabera, onartu egin zituen zirriborroan jasota ez zeuden Bakuren bi eskaera. Batetik, bi herrialdeen arteko mugan ez hedatzea beste herrialde bateko troparik; eta, bestetik, bi aldeek uko egitea nazioarteko erakundeetan egindako aldarrikapenei. Iragarpena egin zuten, baina oraindik ez dute ituna sinatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.