Bretxa Mugen Behatokiko presidentea da Ainhoa Ruiz Benedicto (Gasteiz, 1983). Bakeari, gatazkari eta garapenari buruzko nazioarteko ikerketetan doktorea da eta harresien inguruko tesia egin du.
Munduan dauden harresien inguruko datu guztiak ez datoz bat. Zer dela eta?
Oso zaila da datu zehatzak izatea ez baitago iturri ofizialik, eta, gobernuek, normalean, ez baitute informazio gardena ematen. Hungaria salbuespena izan daiteke. Victor Orbanek harrotasunez hitz egiten du murruaz. Erabat popularra edo inpopularra izan daiteke harresiak altxatzea.
Metodologiak berak ere baldintzatu dezake kopuru osoa; ikerketa batzuetan garai jakin bat aztertu dute, eta, beste batzuetan, beste bat. Guk 1968tik 2023ra bitarte eraikitako harresiak ikertu ditugu. Berlingo Harresia suntsitu zutenetik hogei urte atzera egin genuen; horregatik hartu genuen abiapuntu 1968. urtea.
Epe horretan 79 harresi zenbatu zenituzten…
Bai, baina gehiago dira. Esan bezala, ez ditugu sartu aurretik egindakoak, eta gerora gehiago altxatu dira. Eguneratu egin behar dugu ikerketa. Litekeena da orain, nonbait, murruren bat altxatzen aritzea eta inork ez izatea horren berri…
Berlingo Harresiari lotsaren harresia deitu zioten, baina, egun, harresiz bete da Europa.
Hemezortzi harresi dauzkagu zenbatuta. Espainia izan zen Europako lehenengo herrialdea harresiak eraikitzen. 80ko hamarkadan, bi harresi bakarrik zeuden: Ceutakoa eta Melillakoa. 2015az geroztik, izugarri ugaritu dira harresiak, migrazio krisia izendatu duten hori gertatu ostean. Norvegiak ere harresi bat altxatu zuen. Balkanetako zeharkaldia itxi zuten. Zeharkaldiak gero eta luzeagoak eta arriskutsuagoak bilakatu ziren.
«Argi dago migrazioen erronkari ez zaiola ikuspuntu humanitario batetik begiratzen, baizik eta mehatxu bat balitz bezala»
Schengen eremuaz ari zara...
85ekoa da ustez zirkulazio askea baimentzen duen hitzarmena, eta, ordurako, kanpo mugak indartzeko eskatzen zieten eremu horrekin bat egin nahi zuten estatuei; beraz, sorreratik bazegoen kontraesan bat, murruak eraikitzea sustatzen baitzen. Frontex hortik etorri zen.
Ikerketa sakona egin duzue agentzia horren inguruan.
Schengen eremuko mugak kudeatzeko agentzia zen sortu zenean, 2004an. Egun, Frontex mugak militarizatzeko politikaren armada bilakatzeko bidean da, erakunde polizial bat bilakatzeko bidean. Gero eta botere handiagoa eta gero eta gardentasun txikiagoa dauka. Haren aurrekontua izugarri handitu da. Iaz, ia mila milioi eurokoa izan zen; 997 milioikoa, zehazki. Argi dago migrazioen erronkari ez zaiola ikuspuntu humanitario batetik begiratzen, baizik eta mehatxu bat balitz bezala.
Ikusi gehiago
Agerian geratu da agentzia horrek erreskateak oztopatu eta galarazi izan dituela...
Bai. Eta orain, Mediterraneoan, itsasontzien ordez droneak erabiltzen dituzte pertsonen mugimenduak kontrolatzeko, eta, horrela, erreskateak egin daitezen eragotzi. Mediterraneoan, 2014tik gutxienez 32.341 lagun hil dira. Europako Batasunak adierazten du bere betebeharrak betetzen dituela, baina ez da hala; gero eta modu intentsiboagoan ari da mugak kanporatzeko politikak aplikatzen, estatu kide ez diren herrialdeekin akordioak eginez.
Helburu jakin batekin...
Beste herrialde horiekin egindako akordioen bidez, giza eskubideak beste batek urratzen ditu; izan ere, herrialde horietako atxikitze zentroak EBren diruarekin finantzatzen dira, eta jakina da gune horietan giza eskubideak urratzen direla. Libiakoa da adibiderik ankerrena. Migrazio ibilbideetako ziega handi bat bilakatu da. Laborategi handi bat da, Mauritania eta Senegalekin batera. Esklaboen merkatuak sortu dira, eta jendeak hilabeteak ematen ditu giltzapetuta, oso egoera zaurgarrian, eta, gero, deportatu egiten dituzte; batzuetan, haien ez den herrialde batera.
«Mugen militarizazioa negozio hutsa da. Mafien negozio ilegala dago tartean, eta gero, industria militarraren negozio legala»
Merkantziek, aldiz, arazorik gabe zeharkatzen dituzte mugak.
Kontraesan liberala da. Mugimenduak kontrolatzeko neurri bortitz eta oldarkor horiek behar handiena dutenei eragiten diete. Mugetan jatorriaren araberako politikak aplikatzen dira, zeharo diskriminatzaileak. Apartheid bat da. Nazionalitatearen arabera, batzuei oso zaila egiten zaie beren herrialdetik irtetea, gerratik edo gosetik ihesi badoaz ere.
Mugak negozio bilakatu dira.
Mugetako industriaren merkatua asko hazi da. Aurreikusten da 2033. urtera arte %6,7 egingo duela gora; sektoreak 60.890 milioi dolarren irabaziak izango ditu. Mugen militarizazioa negozio hutsa da. Mafien negozio ilegala dago tartean, eta gero, industria militarraren negozio legala. Israel punta-puntako herrialdea da enpresa teknologikoen alorrean; kamerak, sentsoreak, droneak... Palestinarren kontra probatzen dute teknologia hori. Orain, adimen artifizialarekin mugak kontrolatzeko lehen sistema garatu du. AEBetan ere oso aurreratuta daude. Enpresa horiek, gainera, erabakiguneetan daude, administrazioarekin batera. Horrek prozesu demokratikoak higatzen ditu; izan ere, konpainia horiek iritzia emateko gaitasuna dute, eta etekina ateratzen dute hortik.
Nola jokatu beharko litzateke erronka honi aurre egiteko?
Baliabide naturalak xahutu dizkiegun herrialdeen garapena sustatu beharko litzateke, eta pobrezia arintzeko neurriak ezarri. Paradoxikoena da estatuek urratu egiten dituztela sinatuak dituzten nazioarteko akordioak. Migrazioaren egiturazko arrazoiei heltzea da irtenbidea. Ez ikusi egiten badugu, arazoari izkin egiten zaio, eta, bitartean, dena okertuz doa. Drama honek ez dio handitzeari utziko. Joan-etorriek gora egingo dute. Harresiak erronka berrietarako konponbide zaharrak dira.