Gerra Hotzaren sinboloa izan zen. Berlingo Harresia 155 kilometro luze zen, eta mundu ikuskera bi zatitzen zituen: ekialde komunista eta mendebalde kapitalista. Abuztuaren 12tik 13ra arteko gauean hasi ziren eraikitzen kontrako muturretan zeuden bi ideologia horiek bereizten zituen harresia. 1961ean apenas zegoen beste harresirik munduan. Berlingoa ez zen aitzindaria izan, zibilizazio zaharrek ere murruak egin baitzituzten inbasioei aurre egiteko; historia garaikidean ere egin zituzten beste hesi batzuk, baina harresi moderno hura ikonikoa da, eta hura 1989ko azaroaren 9an eraitsi zutenerako, sei bat ziren munduko hainbat bazterretan zutitutakoak: Ipar Korearen eta Hego Korearen artekoa; Hegoafrika, Zimbabwe eta Mozambike banatzen dituena; India eta Bangladesh bereiztekoa; Israelen eta Siriaren artekoa (Golango gainak); Zipreren iparraldea eta hegoaldea banatzekoa; Mendebaldeko Saharakoa... 65 urte geroago, hamaika murru eginak dituzte mundu zabalean; milaka eta milaka kilometro harresi.
Txile egiten ari den harresia de azkenetakoa. Jose Antonio Kast ultraeskuindarra boterera iritsi eta bost egunera ekin zion bostehun kilometro luze izango den murrua zutitzeari. Chacallutan bete zuen hauteskunde kanpainan egindako promesa: «migrazio irregularrari» aurre egiteko mugan «ezkutu» bat jarriko zuela hitzeman zuen. Esan eta egin. Txilek Boliviarekin eta Perurekin muga egiten duen eremuetan martxotik ari dira munduko enegarren harresia egiten.Â
Eskuin muturraren narratiba mundu zabalean hedatzen ari da, kolore guztietako agintarien artean. Iparralderago dago eredurik gertuena. AEBak Mexikoko mugetan altxatzen ari diren harresia demokraten ideia izan zen. Bill Clinton presidente zenean jarri zuten lehen hesia, eta orduz geroztik muga gero eta gotortuago dago.
Trumpen promesa
Donald Trumpek bere agintaldiaren ikur bilakatu du hesia. Aurreneko agintaldian 737 kilometroko harresia osatu zuten, eta bigarrenean, beste 370 kilometro luzatu nahi du murrua. Bost eta bederatzi metro arteko altuera du hormak, eta bi herrialdeak banatzen dituen mugaren 1.125 kilometro hartzen ditu dagoeneko —ia 3.200 kilometro luze da muga—. Etxe Zurira iritsi aurretik iragarri zuen hegoaldeko mugan «egundoko murru polit bat» eraiki nahi zuela. Mexikoren eta AEBen arteko harresia egiteko dekretua presidente kargua hartu eta egun batzuetara sinatu zuen.Â
Deportazio masiboak dira mandatariaren polemiketan polemikoenetakoak. Orain Arizonan eta Sonoran aspalditik bizi diren indigenak dira haren azken amesgaiztoa. Kumiai eta Tohono O’odham komunitateen lur sakratuetan ekin dio harresia eraikitzeari, eta, hala, zatitu egin du mugarik ezagutu ez duten bi herri indigena horien lurralde historikoa, baita labar artea eta monolitoak suntsitu ere. Indigenek, helegitea jarri, eta salatu dute administrazioak bertan behera utzi dituela lur horiek babesteko indarrean dauden legeak.

Ameriketan zalaparta piztu duen beste harresi bat ere eraikitzen ari dira. Dominikar Errepublikak Haitirekin egiten du muga, eta, iparraldetik hegoaldera, ia laurehun kilometroetatik erdiak harresituta daude dagoeneko. Hormak bi mundu bereizten ditu: aberatsak eta pobreak.
Makina bat dira munduan helburu bera lortzeko zutitutako murruak. Apartheidaren harresiak dira, eta kontinente zaharrean esponentzialki ugaritu dira azken urteotan, bereziki 2025etik aurrera: Austria, Bulgaria, Eslovenia, Estonia, Grezia, Hungaria, Letonia, Lituania, Polonia...
Ikusi gehiago
Txarrantxa zaharrena
Ceutako azken krisiaren ostean, estatu kideek argi adierazi dute kanpoko mugetako kontrolak gehiago gogortu behar direla. Ceutakoa izan zen, hain zuzen ere, kontinenteko aurreneko hesia. Afrikan badago ere, Europako txarrantxarik zaharrena da. Immigranteen iparralderako bidea oztopatzeko lehen hesiak hiri autonomoa inguratzen du, bi muturrak itsasoraino sartuta. Schengengo Ituna indarrean sartu zen urte berean ezarri zuten txarrantxa, 1995eko urrian. Europako estatu kideen arteko mugak ezabatu ziren, eta zirkulazio askea baimendu, baina hegoaldeko muga gotortu beharra zegoen. Orain itsasoan bostehun metroko hesi neumatiko bat ezarri dute, buiak lerrokatuz.

Israelek beste marka bat dauka: munduan harresi gehien dituen herrialdea da, sei orotara. Gaza hegoaldean hareazko barrera bat egiten ari da orain. Al-Mawasitik Khan Junisera doa, itsasertzetik ekialdera, eta hamabost metroko altuera dauka. Zisjordaniako eta Gazako harresiez gain, muga guztietan jarri ditu hesiak: Egiptoko, Siriako, Jordaniako eta Libanoko mugetan. Siria, berriz, uharte bat bilakatuta da. Herrialde horrekin muga egiten duten estatu guztiek altxatu dituzte murruak: Israelek, Irakek, Jordaniak eta Turkiak.
Ekialderago ere herrialdeak gotortzen ari dira. Txinak lau harresi ditu mugetan —Ipar Korea, Vietnam, Laos eta Myanmar— eta Indiak, hiru — Bangladesh, Birmania eta Pakistan—.Â
Kaxmirren, Balutxistanen, Kurdistanen, Mendebaldeko Saharan, Guatemalan, Finlandian... Gaur egun, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, munduko 51 estatutako mugetan daude murruak, lubakiak, txarrantxak, hesiak, kamerak, sentsoreak, droneak, radarrak... Saudi Arabia punta-puntako teknologia erabiltzen ari da Irakeko mugan harresia egiteko. Riadek eta Omanek Yemengo muga ere gotortu dute. Amaierarik ez duen joera bat da: gerratik, gosetik edo pobreziatik ihes egiten ari direnei bidea oztopatzea, nazioarteko hitzarmenei muzin eginez. Berlingoa bezala, horiek ere lotsaren harresiak dira.