Zagros Endergarik, PJAK Kurdistanen Libre Bizitzearen Aldeko Alderdiko nazioarteko batzordeko kideak, BERRIArekin hitz egin du Rojhilat-eko egoerari, eta bere alderdiaren eta kurduen jarrerari buruz —Rojhilatek ekialdea esan nahi du kurdueraz, eta Iranen mendeko Kurdistani ematen dioten izena da—.
Nola dago Rojhilat orain?
Orain arte, aire erasoak izan dira nagusiki. Israelek eta AEBek Irango eta Rojhilateko zenbait zentro militar eta politikori eraso diete, baita zerbitzu sekretuen zentro batzuei ere, misilak jaurtiz eta bonbardatuz. Bigarren egunetik aurrera, erasoak asko ugaritu ziren Rojhilaten. Gobernuaren eta militarren gune ia guztiei eraso diete, baita Poliziaren komisaria batzuei ere. Egoera oso zaila da. Internet eta telefono zerbitzuak erabat etenda daude ia, eta hiri batzuetan argindarrik ere ez dute. Gobernuak hirietan dituen egoitza batzuk bonbardatu dituztenez, zenbait auzo ia hutsik geratu dira. Herritarrek zailtasunak dituzte oinarrizko beharrak asetzeko, eta bizimodu normala geldiarazita dago. Berriz erasoko dieten beldur dira nonahi.
Zer deritzezu Irango erregimenaren erasoei? Eta Israel eta AEBen erasoei? Zer diozu alderdi kurduak tartean sartuko direla dioten zurrumurruen inguruan?
Gerra bat dago, eta, gerra honetan, kurduek beste bide bat izango dute ardatz, «hirugarren bidea», beren interes propioetan oinarritua. Ahal duten guztia egingo dute beren herria babesteko, beren eskubideak defendatzeko eta sarraskirik izatea eragozteko. Horrek ez du esan nahi ezinbestean beste batzuentzat lan egingo dutenik. Gerra garaian, badagoen hori kudeatzea izan ohi da asmoa, eta, beharrezkoa balitz, eskubideak eta segurtasun propioa defendatzea. Urteak dira horretan dabiltzala, AEBak gabe ere. Badira zehazki 60 urte botere erreakzionario eta kolonial baten kontra borrokan ari direla.
Ez dago argi erregimena erortzen bada zerekin ordezkatuko duten. Datorrena okerragoa izango da agian. Hala bada, sarraski are handiagoak izango dira. Datorrena hobea bada, demokraziaren alde egingo dute, eta indar horiekin adiskidetzearen alde. Baina baliteke okerragoa izatea, eta neurriak hartu behar dira lehenbailehen. Prest egon behar dugu gure interesak defendatzeko eta edozer gertatuta ere herriaren interesen alde egiteko, baita Iran demokratikoago baten alde ere. Helburua zera da, Iran demokratikoa izatea eta Kurdistan libre izatea. Horrek ez du esan nahi ezinbestean gerran parte hartuko dugunik.
Berriz esango dut: Kurdistanen Libre Bizitzearen Aldeko Alderdikook ez dugu uste gerra honen parte garenik. Baina saiatzen gara babesa ematen Kurdistango herriari eta, ahal den neurrian, Irangoari, gatazka honek dakartzan arriskuei aurre egiteko. Gerra honetan, bi aldeek —AEBek eta Israelek, batetik, eta Irango erregimenak, bestetik— eskualdeko potentzia nagusi bilakatu nahi dute, eta beren hegemonia ezarri. Ez dugu uste demokraziaren edo herritarren eskubideen aldeko gerra bat denik.
Zenbait albistetan, esan dute herritarrek kontrolpean hartu dituztela hiri kurdu batzuk. Egia da?
Hiri batzuetan, gobernuaren egoitzak bonbardatu dituztela eta, nabarmen apaldu da indar militarren eta segurtasun indarren presentzia. Indar horietako batzuk ezkutatu egin dira, edo alde egin dute hirietatik. Dena den, horrek ez du esan nahi hiri horiek libre daudenik.
«Kurduek beste bide bat izango dute ardatz, 'hirugarren bidea', beren interes propioetan oinarritua»
Zer dakizue kartzelei buruz?
Hiri txikietako espetxeetan, delitu txikiengatik kondenatutako jendea egoten da, eta, atzotik, preso asko libre utzi dituzte behin betiko edo aldi baterako. Preso politiko gehienak, ordea, hiri handietako eta probintzia hiriburuetako kartzeletan daude, eta haiek berdin segitzen dute. Zerbitzu sekretuen egoitza batzuk guztiz suntsitu zituzten erasoetan, eta litekeena da berriki protestetan atxilotutako zenbait han egotea; oraindik ez dute informaziorik eman haien inguruan.
Irango erregimenak alderdi batzuei eraso die Rojhilaten. Zer diozu horri buruz?
Erabat gaitzesten ditugu alderdi kurduen kontrako erasoak, eta Kurdistango herri osoaren eta Kurdistango eta Irango demokraziaren kontrako erasotzat dauzkagu. Urteetan, demokraziaren alde egin eta herritarrentzako eskubide gehiago lortu beharrean, erregimenak mehatxuen eta gerraren hizkera erabili du. Etengabe uko egin diote demokrazia garatzeari eta Iranen bizi diren nazio guztien eskubideak aitortzeari, eta horren emaitza da gaur egungo egoera.
Berriki, alderdien arteko aliantza bat bultzatu duzue Kurdistanen, elkarrekin Irango erregimenaren kontrako erresistentzia osatzeko eta Iran demokratikoa izatea bultzatzeko. AEBek eta Israelek eraso egin eta gero, martxan al dago aliantza hori? Zer esaten diezue herritarrei?
Rojhilateko bost alderdi nagusik osatzen dute gure aliantza, eta hango behar sozial eta politikoei erantzuteko sortu zen. Gure asmoa da elkarlanean aritzea eta lidergoa denona izatea hiru arlo hauetan: arlo politikoan, diplomatikoan eta militarrean. Gaur egun, helburu hori lortzeko ari gara lanean, eta aurrera egitea lortu dugu. Gerra honek aukerak eta mehatxuak ekarri dizkie Kurdistango herritar kurduei. Aukera horiek baliatzen ahalegintzen gara, eta arriskuei ihes egiten, ahal den neurrian. Gerraren ondorioz bizkortu egin da gure lana.
Hau ez da Irango herriaren gerra. Gatazkaren parte diren aldeetako batek ere ez du pentsatzen irandarrengan. Aldi berean, irandar asko ez daude pozik agintean dagoen erregimenarekin. Litekeena da gerra honen ondorioz oso egun zailak pasatu behar izatea. Mundu guztiko jendearen ardura da Irango eta Kurdistango herriari elkartasuna adieraztea eta hari babesa ematea demokraziaren eta etorkizun hobe baten aldeko borrokan.