Haurren kontrako sexu indarkeriako 85.000 salaketa zenbatu dituzte Frantzian

Uztailaren 14ra arte emana zien tartea Darmanin Justizia ministroak magistratuei haurren kontrako sexu indarkeriako kasu guziak berrikus zitzaten: horien artean, mila bat afera «lehentasunezko» gisa identifikatu dituzte.

Gerald Darmanin Frantziako Justizia ministroa, artxiboko irudi batean. TERESA SUAREZ / EFE
Gerald Darmanin Frantziako Justizia ministroa, artxiboko irudi batean. TERESA SUAREZ / EFE
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko uztailaren 15a
18:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo arte izan dute Frantziako eta Ipar Euskal Herriko magistratuek haurren kontrako sexu indarkeriako kasuen berrikuspen osoa egiteko. Gerald Darmanin Frantziako Justizia ministroak urgentzian agindutako operazio horren ondorioen berri eman du arratsaldean: Frantzian, 85.000 salaketa dira haurren kontrako sexu indarkeriari lotutakoak, horietarik mila bat «lehentasunezkoak».

Ekain hasieran, aurreikusi zuten 70.000 kasu zirela dilindan, eta, azkenenean, hori baino hamabost mila gehiago izan dira, azterketa zain baitziren. Zehazki, 1.350 ikerketa abiatu ditu epaileak, «lehentasunezko» kasuak aitzinarazteko: jadanik identifikatutako erasotzaileak sartzen dira afera horietan, aurrekari judizialak dituztenak eta biktimak oraino ere adingabeak zirela eraso egin zietenak; ikerketa horien harira, 675 pertsona atxilotu dituzte.

Lyhannaren aferak eraman zuen, maluruski, adingabeen kontrako sexu indarkeriako kasuen berrikuspen osoa egiteko agindua ematera. 11 urteko neskatila hori maiatz bukaeran desagertu zen, Okzitaniako Fleurance herrian, haren gorpua aurkitu zuten arte. Susmagarri nagusia Jerome Barella da, 41 urteko gizona, hildako neskatila ikusi zuen azkenengo pertsona. Atxilotu, eta akusaziopean ezarri dute, bahiketa eta hilketa leporatuta.

Eta zabaldu zen berria: iazko udan, gizonaren kontrako salaketa jarri zuen emazte batek, urtebete lehenago haren alaba bortxatzea leporatuta; baina ordutik Barella ez dute behin ere galdekatu. Informazio horiek behin hedaturik, Gerald Darmanin Frantziako Justizia ministroak hitza hartu zuen: «Estatuaren eta justiziaren porrot ikaragarria» onartuta, magistratuen «erabateko mobilizazioa» galdegin zuen tokian-tokian fiskaltzaren bulegoetara iritsi diren eta oraindik segidarik izan ez duten salaketa guziak berrikus ditzaten. 

BAIONAN 550 KASU

BERRIA Baionako auzitegiarekin harremanetan sartzen entseatu da tokiko aferen berrikuspenen gaineko informazioak ukaiteko, baina, momentuko, ez du erantzunik jaso. Hala eta guztiz ere, Mariel Garrigos Baionako prokuradoreak eta Florence Bouvier Baionako auzitegiko lehendakariak bilkura publikoa egin zuten ekainaren 16an, eta, adierazi zutenez, Baionako Auzitegiak adingabeen kontrako sexu indarkeriaren 208 kasu zituen aztertzeko; Nafarroa Behereko eta Lapurdiko komisaria eta jendarmerien artean, berriz, —Baionako Auzitegiari lotuak dira— 350 bat. Denak bateraturik, 550 salaketa inguru ziren haurren kontrako sexu indarkeriako kasuei lotutakoak.

Bilkura egunean, Garrigosek segurtatu zuen «behar dena eginen» dutela Darmaninek galdetutakoa betetzeko, hots, afera horiek guziak berrikusteko eta neurriak hartzeko. Berririk ez badute eman mementoko, litekeena da datozen egunetan ematea azterketa prozesuaren berri.    

 

Halere, Zuberoa datu horietarik kanpo geratzen da, Paueko Auzitegiari (Okzitania) lotua delako.

.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA