Donald Trump AEBetako presidenteak hala esanda, igandetik energia arloko su eten bat indarrean dago Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerran. Hauskorra da menia hori, ordea. Atzo, ez batak ez besteak ez zituen bestearen energia azpiegiturak jo; gaur, ordea, bai. Errusiak jakinarazi du aire eraso «masibo bat» egin duela, eta Ukrainak esan du erasoaldi horren ondorioz 600.000 pertsona inguru behin-behinean argindarrik gabe geratu direla Kiev eta Kharkiv eskualdeetan, eta herrialdearen luze-zabalean hamabi pertsona hil direla. Kexu agertu da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea: «Eskatzen diegu AEBei eta mundu guztiari ez ditzatela begiak itxi, eta indarrez erantzun dezatela», idatzi du X sare sozialeko bere kontuan.
Halere, Errusiak pentsatzen du ezin dela esan tregoa betetzen ari ez dela, ez baitziren hori zehaztera iritsi. Hori azpimarratu du Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak gaur, eguneroko prentsaurrekoan. «Zer da energia arloko tregoa bat? Zehaztu da?», erantzun dio galdera gehiago formulatuz, horri buruz galdetu dion kazetari bati. Kazetariek ezetz erantzun du. «Beraz, norabide horretan jarraitzen dugu lanean», amaitu du Peskovek.
Bitartean, Andy Burnham Erresuma Batuko lehen ministroarekin bildu da Zelenski gaur Londresen. Ukrainako presidenteak kazetarien aurrean adierazi du Ukraina indartsua bada neurri handi batean bere aliatuen laguntzari esker dela, eta horien artean Erresuma Batua nabarmendu zuen: «Gure historiako aliatu sendoenetako bat da». Burnhamen kasuan, adierazi du Ukraina babesten jarraituko dutela. Hala ere, Zelenski haserre dago bere aliatuekin. Izan ere, azpimarratu du AEBen inteligentzia zerbitzuek ez dietela ohartarazpenik bidali Errusiak misilekin eta droneekin egindako erasoen inguruan. Gauza bera salatu zuen atzo ere. «Berriro gertatu da: gure azpiegitura suntsitzen dute, baina Ukrainari ez diote ohartarazten misilak jaurti dituztela bere kontra». Horren harira, baina, EB Europako Batasunak azpimarratu du ez dagoela zantzurik baieztatzeko informazio trukaketa eten dutela. Paula Pinho Europako Batzordeko bozeramaileari horri buruz galdetu diote gaur agerraldi batean, eta esan du ez dituztela azalpen gehiago emango, gertatutakoari buruzko informazio gehiago bildu arte.

Kontuak kontu, Trump ez dago pozik Zelenskirekin. Ostiralean iragarri zuen AEBek Errusiako dieselari ezarritako zigorrak indargabetu zituztela —modu horretan, erregai hori esportatzeko moduan da berriro Mosku—, eta hurrengo egunean Ukrainako presidentea kritikatu zuen gogor, Kievek Errusiako findegiak bonbardatu zituelako; are, azpimarratu zuen Ukrainak beste presidente bat edukitzeko garaia iritsi dela.Â
Burua makurtu zuen Zelenskik, eta planteatu bozetara deitzeko prest legokeela, bi hilabeteko su eten bat ezartzearen truke. Alde horretatik ez dute aurrerapausorik eman, baina.
Ukrainar BAT epaitzen hasi dira alemanian, nord stream gasbideari egindako erasoaren harira
2022ko irailaren 26an Nord Stream gasbideei egindako erasoak gerra krimentzat jota, Ukrainar bat epaitzen hasi dira gaur Hanburgoko (Alemania) auzitegi batean. Fiskaltzaren arabera, Serhii Kuznetsov zen Ukrainako armadako indar berezietako soldadu bat, eta, beste kide batzuen laguntzaz, Kieven aginduz lehergaiak leherrarazi zituzten Itsaso Baltikoaren azpitik pasatzen diren Nod Stream 1 eta Nord Stream 2 gasbideetan, eta horiei kalte egin. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak akusazioak ukatu izan ditu.
Errusia eta Alemania lotzen dituzte bi gasbideek, eta Alemaniak kontsumitzen zuen gasaren erdia horietatik iristen zen. Hortaz, Fiskaltzaren akusazioak dio atentatu bat egin zuela azpiegitura zibilaren kontra, eta horrek herrialdearen zerbitzu publiko bati eragin ziola. Dena den, gertakariak ez zuen eraginik izan Europarako gas horniduran, ordurako bi gasbideak ez baitzeuden martxan —Errusiak hilabete lehenago eten zuen Nord Stream 1 bidezko hornidura, eta Nord Stream 2 gasbidea, berriz, 2021ean bukatu zuten, baina inoiz ez zuten martxan jarri—. AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultrak eskatzen du gasbideak konpontzeko, Alemania has dadin berriro Errusiako gasa kontsumitzen.
Kuznetsov iazko abuztuan atxilotu zuten Italian, familiarekin oporretan zela. Italiako Poliziak orduan esan zuenez, ez zuen arazorik jarri atxilotu zutenean. Fiskaltzak dioenez, Kuznetsoven eta beste susmagarri batzuen hatz markak topatu dituzte ustez ekintza egiteko Alemanian alokatu zuten ontzian.Â
Ukrainako presidenteak adierazi du Errusiak 39 misil balistiko eta 120 drone jaurti dituela gaur, eta lau misil balistiko besterik ezin izan dutela erorarazi aireko defentsa sistemek —ia drone gehienak bota dituzte, ordea: 115—. Hain zuzen, Burnhamen asmoa da Zelenskiri esatea defentsa sistemetarako misilak ahalik eta azkarren emango dizkietela.
Ukrainaren erasoak
Errusiaren erasoek 30 energia azpiegitura hondatu dituzte. Hildakoei dagokienez, Kieven lau hil dira, Vitali Klitxko hiriburuko alkateak Telegramen esan duenez. Gainera, bonbardaketek bi pertsona hil dituzte Dnipropetrovsk eskualdean, herrialdearen erdialdean, beste bat Zaporizhian, hegoaldean, eta Errusiaren drone baten zatiek bost pertsona hil dituzte Lutskeko supermerkatu batean, ipar-mendebaldean.
Baina Ukrainak ere egin dio eraso Errusiari. Hango Defentsa Ministerioak ohar batean esan duenez, Kievek jaurtitako 900 drone erorarazi dituzte; horien erdiak Mosku hiriburuaren bueltan, hango alkate Sergei Sobianinek sare sozialetan esan duenez. Erasoaldiak Sberbank bankuaren egoitza bat jo du Saratov eskualdean, Kazakhstango mugatik gertu. Bankuak berak eman du horren berri ohar batean, eta nabarmendu sistema eta zerbitzu guztiek «normal» funtzionatzen dutela.