Hautagaitza guztiak parte hartzeari begira

Alderdi independentistek prozesu subiranistari segida emateko, eta alderdi unionistek hura geldiarazteko, gehiengoa nahi dute Kataluniako Parlamentuan. Parte hartzea erabakigarria izango da balantzak alde batera edo bestera egin dezan, eta hautagaiek bozkatzera animatu dituzte herritarrak goizeko adierazpenetan.

Herritarrak hauiagaitzen boto paperak aukeratzen, Bartzelonako Unibertsitate Plazako hautesleku batean. JAVIER ETXEZARRETA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko abenduaren 21a
00:26
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidente eta Junts per Catalunyako zerrendaburuak Bruselatik egin du deia. "Indar erakustaldia" egiteko eguna jo du gaurkoa. Herritarrei eskatu die frogatzeko "herri garaiezina" dela Kataluniakoa. "Urriaren 1eko izpirituak gidatu gaitzala beti", gaineratu du.

Oriol Junqueras presidenteorde eta ERCko zerrendaburuak, berriz, kutsu pertsonaleko mezua zabaltzea erabaki du hauteskunde egunari lotuta. Estremerako epetxetik, emazteari mintzatu zaio publikoki, Twitter bidez: "Neus maitea, gaur zurekin eta haurrekin egon nahiko nuke inoiz baino arrazoi gehigorekin. Kasualitateak nahi izan du gaur lau urte betetzea elkarrekin ezkondu ginela, lau urte bizi, baina lau urte zoriontsu. Sinetsita nago hemendik gutxira irtengo naizela eta hirurok besarkatu ahalko zaituztedala. Maite zaituztet!".

Ciudadanos alderdiko presidente Albert Riverak "askatasuna, elkarbizitza, itxaropena eta batasuna" defendatzeko eskatu die herritarrei eman dezatela botoa. Bozkatu ondoren egin dituen adierazpenetan ohartarazi duenez, indar independentistek irabaziz gero, "independentzia deklarazioak eta gizarte banaketa" itzuliko dira.

Katalunia "ekonomikoki abertasa eta sozialki justua" lortzeko bozkatzera deitu du Mique Iceta PSCko zerrendaburuak.

Xavier Domenech Catalunya en Comu hautagaitzako buruak "blokeak gainditu eta irteera positibo bat" lortzeko eskatu du botoa. Koalizioak prozesu subiranista bultzatu nahi eta 155aren aplikazioa defendatzen dutenen arteko indar harremanean giltza izango dela iragarri du. Domenechen esanetan, "eskubide sozialak erdigunean" jarriko dituen garaia behar du Kataluniak.

Xavier Garcia Albiol Kataluniako PPko hautagaiaren arabera, "oso albiste ona da lan egun batean parte hartzea altua izatea". Albiolek ere bozkatzera animatu ditu herritarrak. Prozesu subiranistari amaiera emateko eskatu du botoa.

CUPeko zerrendaburu Carles Rierak, aldiz, adierazi du Kataluniako Errepublikarengatik, eskubide sozialengatik eta prozesu konstituziogilearengatik eman duela botoa.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.