Hauteskundeen emaitzak zalantzan jartzea «benetako arriskua» dela ohartarazi du Israelgo Hauteskunde Batzordeak

Bozetan ez dela iruzurrik egon frogatu dute ikerketek. Israelgo presidentea gaur eta bihar bilduko da alderdiekin, erabakitzeko nori eman gobernua osatzeko ardura.

Hauteskudende batzordeko presidente Noam Sohlbergek eta Israelgo presidente Isaac Herzog, bozen emaitzak aurkezten, gaur, Jerusalemen. ABRIR SULTAN / EFE
Hauteskudende batzordeko presidente Noam Sohlbergek eta Israelgo presidente Isaac Herzog, bozen emaitzak aurkezten, gaur, Jerusalemen. ABRIR SULTAN / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko azaroaren 4a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk irregulartasunak salatu zituen urriaren 27ko bozetan, baina halakorik ez dela egon nabarmendu du gaur Israelgo Hauteskunde Batzordeak. Batzordeko presidente Noam Sohlbergek legebiltzarrerako bozetako behin betiko emaitzak aurkeztu dizkio gaur Isaac Herzog presidenteari, eta ohartarazi du horiek zalantzan jartzea «benetako arriskua» dela herrialdeko demokraziarentzat. 

Sohlbergek azaldu duenez, azken egunetan «emaitzen zilegitasuna ahultzen saiatu dira hainbat ahots», eta horrek eragin dezakeen arriskua aipatu ondoren zera azpimarratu du: «Hautesleek erabakitzen dituzte emaitzak beren botoen bidez. Batzordeak ezin du herritarren erabakia baztertu». Eta ohartarazi du gobernuaren botere transferentzia ezin dela «aurreko gobernuko ordezkarien nahiaren menpe» egon.

Izan ere, Netanyahuren Likud alderdiak hauteskundeak «lapurtu» dituztela salatu du azken egunetan, eta ustezko iruzurrak ikertzeko eskatu. Alderdiak «iruzurra egon zela erakusten duten» ehunka froga aurkeztu dituela adierazi du, eta besteak beste, alderdi arabiarren botoekin lotutako ustezko irregulartasunak salatu ditu. 

Libano «atzerriko interesen aldeko gerra batean» ez sartzeko eskatu du gobernuak Hezbollahri

Libanoko lehen ministro Nawaf Salam Hezbollah milizia xiitari mintzatu zaio gaur, eta eskatu dio herrialdea «atzerriko interesen aldeko beste gerra batean» ez sartzeko. 

Gerraren eta bakearen gaineko erabakiak «estatuarenak soilik» direla azpimarratu du lehen ministroak, eta esan du erabaki horiek «herrialdearen interesak» beste edozeren gainetik ipintzea eskatzen dutela. 

«Eskualdean beste gerra bat pizteko arriskuen aurrean» egin ditu adierazpenak Salamek, Joseph Aoun presidentearekin bildu ondoren. Izan ere, Beirut beldur da Hezbollahk berriro Israelen aurkako erasoak egingo ote dituen, horrek Libano Tel Avivekin beste gerra batean murgil dezake eta. Hala, Salamek azpimarratu du ez dutela onartuko herrialdea berriro «besteen gatazken antzoki» bihurtzea.

Horiek horrela, hauteskunde batzordeak hauteslekuen hiru laurden ingururen aktak aztertu ditu, guztira 9.069. Batzordearen arabera, aurkeztutako salaketa guztiak banan-banan aztertu dituzte, eta beharrezko zuzenketak egin dituzte.

Dena den, Sohlbergek adierazi du ikerketetan ez dutela aurkitu emaitzak zalantzan jarri dituen irregulartasunik. Are gehiago, ustezko iruzurra egiaztatuko balitz ere haren eragina mugatua litzatekeela azaldu du, eta ez lukeela emaitzetan eragingo. 

Gobernua osatzea

Beraz, berretsitako emaitzen arabera, Netanyahuren blokeak 53 eserleku eskuratu ditu, gehiengo osorako behar diren 61etatik urrun. Oposizioak, bestalde, 48, eta alderdi arabiarrek —Zerrenda Batuak eta Raamek— 19 ordezkari lortu dituzte. Hala, azken horien babesa erabakigarria izan daiteke gobernua osatzeko negoziazioetan.

Emaitzak ofizialki jasota, Herzogek gaur eta bihar egingo ditu kontsultak legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten alderdiekin; eserleku gutxien eskuratu dituen alderdiarekin bilduko da aurrena, eta gero, banan-banan, gainontzekoekin, bihar iluntzean Likudekin, gehien lortu dituenarekin, batzartu arte. Azaroaren 11ra arteko epea edukiko du erabakitzeko nori eman gobernua osatzeko ardura —legebiltzar berria hilaren 10ean osatuko dute—, eta hautagaiak, ondoren, 28 egun izango ditu alderdiekin negoziatu eta gehiengoa lortzeko —beste hamalau eguneko luzapena eska dezake—. 

Oposizioa, baina, dagoeneko agertu da gobernua osatzeko asmoarekin. Hain zuzen, Yair Lapid lehen ministro ohiak zera adierai zuen atzo: «Orain gobernu bat osatzeko lanean hasi behar dugu. Azken egunetako gertakariak gogoraratu digute Netanyahu eta haren laguntzaileak lehen ministroaren bulegotik kendu behar ditugula. Israeli eta bere herritarrei kalte izugarriak eragin dizkiete».

Arabiarrak, presioaren jomuga

Iruzurraren inguruko salaketek, dena den, gobernua osatzeko negoziazioak tenkatu dituzte. Izan ere, Israelgo herritar arabiarren aurkako presioa areagotu egin dute. Atzo, Shin Bet Israelgo barne zerbitzu sekretuek alderdi arabiarretako lau buruzagi ikertzeko baimena eskatu zion Fiskaltza Nagusiari; baina honek eskaera baztertu zuen, behar adina frogarik ez zegoela argudiatuta.

Gaur, Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroak harago jo du, eta zerbitzu sekretuari eskatu dio Israelgo alderdi arabiarretako buruzagi guztiak atxilotzeko, Fiskaltzaren baimenik gabe bada ere. Horrez gain, hauteskundeen emaitzen berrespena eta gobernua osatzeko prozesua eteteko ere eskatu du.

Horren harira, Israelgo presidenteak arabiar komunitate osoa susmopean ez jartzeko eskatu du, eta azken egunetan haien aurka egindako adierazpen «gordinak eta arrazistak» gaitzetsi ditu. Sohlbergek, gainera, azpimarratu du herritar horien parte hartze handia «ospatzekoa» dela, «ez susmopean jartzekoa».

Dena den, Zerrenda Batua koalizioak gaur jakinarazi du, goizaldean Poliziak eta Israelgo barne inteligentzia agentziak Abed Abu Shehadeh kazetari eta koalizioko Balad alderdiko burua atxilotu dutela, bere Tel Aviveko etxean zegoela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA