Londresera iristekoa zen Air India konpainiaren hegazkin bat erori da gaur Indian, barruan 242 pertsona zeramatzala. Ahmadabad hiriko aireportuan —herrialdeko mendebaldean— aireratu eta gutxira amildu da Boeing 787 hegazkina. Indiako Gobernuak baieztatu du 242 lagunetatik bakarra atera dela bizirik. Reuters agentziak Poliziaren iturriak aipatuz kaleratu duenez, gutxienez 290 lagun hil dira istripuan. Izan ere, kontrola galtzean eta lurra jo baino lehen, ikasleen egoitza bat jo du hegazkinak. Hegazkinetik berreskuratutako gorpu gehienak kiskalita zeuden.
242 pertsona horietatik 230 bidaiariak ziren, eta hamabi, eskifaiko kideak. Air Indiak jakinarazi duenez, 169 Indiakoak ziren; 53, Erresuma Batukoak; zazpi, Portugalgoak; eta bat, Kanadakoa. Aireko kontrolatzaileen txostenaren arabera, Ahmadabaden 13:38 zirenean —Euskal Herrian baino hiru ordu gehiago— aireratu da abioia, eta kapitainak «mayday» larrialdi seinalea eman du. Aireko kontrolatzaileak harekin harremanetan jartzen ahalegindu dira, baina ez dute erantzunik jaso. Handik gutxira jo du lurra.
Iturri ofizialek adierazi dutenez, Sumeet Sabharwal kapitaina pilotu eskarmentuduna zen, eta bere ibilbidean 8.200 ordu zituen pilatuak; Clive Kundar lehen ofizialak ere bazuen esperientzia, 1.100 ordu zituen-eta eginak. Air Indiak ohar bat kaleratu du, eta doluminak eman dizkie biktimen senideei.
Indiako Gobernuak, Amit Shah Barne ministroaren bidez, iragarri du estatuko indarrak mobilizatuko dituztela erreskate lanetarako. Hegazkina Londresera zihoan, eta, horrenbestez, Erresuma Batuko bidaiari asko zeramatzan. PA berri agentziak jaso duenez, Keir Starmer lehen ministroak adierazi du bidaiariak eta haien senideak dituela gogoan orain.