Hego Korea liburu ezkertiarren beldur

Ezkerreko ideologia duten liburuak laneko atsedenetan irakurtzeko ohitura duten soldaduak zigortuko ditu Hego Koreako Gobernuak, armadako tropen «adorea eta irmotasuna» ziurtu nahi dutelako.

2008ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ipar Koreako estatu ereduaren izaera ezkertiarrak soldaduengan izan dezakeen eraginaz kezkatuta dago Hego Koreako Defentsa Ministerioa. Horregatik, eta militarren «irmotasuna eta adorea» arriskuan ez jartzeko, arau bat gizarteratu du: atseden uneetan, Gobernuaren aburuz oso ezkertiarrak diren liburuak irakurtzen dituzten soldaduak auzipetu ahal izango dituzte aurrerantzean delitua egin duten gaizkileak izango balira bezala. Won Tae Jae Ministerioko bozeramailearen arabera, ikerketa talde bat osatuko dute atzemandako kasu bakoitza aztertzeko xedez.

Seulgo gobernuak «oso ezkertiartzat» jotzen zituen 23 liburu irakurtzea debekatu zien militarrei urte hasieran. Horien artean, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Noam Chomsky hizkuntzalariaren obrak ageri ziren, baita Chang Ha Joon Hego Koreako irakasleak idatzitako Bad Samaritans (Samariar maltzurrak) bestseller liburua ere. Gobernuaren erabakiak hautsak harrotu ditu, hainbatek Ipar Koreako eraginaren arriskua ez baitute inondik hautematen. Bi lurraldeak gerran daude funtsean, eta hegoko estatuak 670.000 soldadu gertu dauzka, Piongiangek inbasioa egitea erabakiko balu jarkitzeko.

Hainbat ofizialek helegitea jarri dute Konstituzio Auzitegian arauaren aurka, lege bilduma gorenak zehaztutako oinarrizko eskubideak urratzen dituela iritzita. Soldaduak liburuak irakurtzeko askeak baldin badira, laneko kokaguneetara ere emateko eskubidea izan behar dutela argudiatu dute. Nolanahi ere, Lee Sang Defentsa ministroaren hitzetan, soldaduek hankasartzen dute arau militarraren aurkako saioa eginda, iparraldeko arerioari aurre egiteko adimenez ongi prestatuta daudela ziurtatu nahi baitu legeak, eta haiek defendatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.