Errepublikanoen artean arrakalak zabaltzen hasi dira. Agintaldi erdiko bozetan jasandako porrotaren atzean Irango gerra dagoela esan dute azken egunetan AEBetako Alderdi Errepublikanoko zenbait kidek, besteak beste, JD Vance presidenteordeak. Horren harira, Pete Hegseth Gerra idazkariak azalpenak eman ditu gaur, eta esan du bere aurkako kanpaina «espektakulu politiko» bat baino ez dela. Atzo Thomas Massie kongresista errepublikanoak Hegsethen aurkako epaiketa politiko bat abiarazteko prozesua bultzatu zuen Ordezkarien Ganberan.
Pentagonoan egin du agerraldia Gerra idazkariak. Adierazi du Massiek ez duela nahi Defentsa Departamentuak kontuak ematea; Hegsethen hitzetan, kongresista errepublikanoarenak «egoak eta erresuminak bultzatutako adierazpenak» baino ez dira. Eta gaineratu du Massie Donald Trump presidenteari, AEBetako armadari eta herrialdeari berari «mina egin nahian» ari dela, Kongresuan geratzen zaizkion azken egunetan.
Izan ere, Massiek, hamalau urteren ostean, Ordezkarien Ganberako eserlekua utziko du urtarrilean. Haren lekua Ed Gallreinek hartuko du. Gallrein errepublikanoa nagusitu da aurten Kentucky estatuko laugarren hautesbarrutian; orain arte Massie izan da bertako ordezkaria.
Irango gerra ere defendatu du Hegsethek. Esan du presidenteordea errespetatzen duela eta ez duela harekin eztabaidarik izan nahi, baina Iranen aurkako erasoaldia «beharrezkoa» zela gehitu du. Gainera, Trumpek egin moduan, berriz ere erabaki bera hartuko lukeela ziurtatu du. AEBetako presidenteak, ordea, aitortu zuen «hein handi batean» gatazka hori dela errepubulikanoek hauteskundeentan izandako emaitza txarren arrazoia.
Halere, Trumpek sutsuki babestu du Gerra idazkaria. Truth Social bere sare sozialean idatzitako mezu batean esan du Hegseth «bikain» aritu dela gaurko agerraldian, eta Massie «galtzaile totala» dela. Atzo, kongresista errepublikanoak Hegsethen aurkako epaiketa abiarazteko prozesua aurkeztu ostean, Trumpek esan zuen Gerra idazkaria «goratu» egin behar dela, ez kargugabetu: «Bi garaipen lortu ditugu —Venezuelan eta Iranen—. Kongresua, defendatu ezazu Pete!».
Massiek irailean bultzatu zuen lehengoz Hegseth kargutik kentzeko ekimena, baina Ordezkarien Ganberak agintaldi erdiko bozengatik bere jarduna gelditu zuen orduan. Orain, bozak igaro ostean, Massiek berriz aurkeztu du ekimena argudiatuta «legez kanpo eta Kongresuaren onarpenik gabe» egin dituztela, besteak beste, Iranen kontrako gerra eta Venezuelako presidente Nicolas Madureren aurkako erasoa.
Ordezkarien Ganberak bihar arte du epaiketa politikoaren inguruan bozkatzeko. Prozesuak aurrera eginez gero, Senatuak epaituko luke Gerra idazkaria. Halere, gaur-gaurkoz zaila da impeachment-a onartzea. Izan ere, urtarrilean ikasturte berria hasi arte, errepublikanoek gehiengoa dute Kongresuko bi ganberetan. Massiez gain, gutxienez beste bi kongresista errepublikanok babestu beharko lukete Gerra idazkariaren aurkako ekimena. Urtarriletik aurrera, aldiz, demokratek gehiengoa edukiko dute bi ganberetan.