Hogei pertsona hil dituzte Kolonbian, bi atentatutan

Petro presidenteak FARCeko disidenteei leporatu dizkie erasoak, eta «talde terrorista» izendatuko dituela iragarri du. Bi pertsona atxilotu dituzte atentatuekin zerikusia dutelakoan.

Leherketak hondatutako auto bat, Marco Fidel Suarez Abiazio Eskola Militarraren inguruan, Calin, atzo. ERNESTO GUZMAN / EFE
Leherketak hondatutako auto bat, Marco Fidel Suarez Abiazio Eskola Militarraren inguruan, Calin, atzo. ERNESTO GUZMAN / EFE
2025eko abuztuaren 22a
18:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi atentatuk Kolonbia astindu zuten atzo gauean. Gutxienez, hogei pertsona hil dira, eta 70 baino gehiago zauritu, Poliziaren helikoptero baten eta armadako aire base baten aurka egindako erasoetan. Oraingoz, inork ez ditu bere gain hartu atentatuak, baina Kolonbiako presidente Gustavo Petrok esan du zein izan litekeen erantzulea: EMC Estatu Nagusi Zentrala, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak gerrillako disidentzia nagusia.

Lehen erasoa Antioquiako landa eremu batean gertatu zen, herrialdearen ipar-mendebaldean —Medellin hiritik gertu—. Droga trafikoaren kontrako lanean ari diren hamahiru polizia hil ziren. Iturri ofizialen arabera, agenteak helikoptero batean zihoazen, eta beste batek «berariaz» talka egin zuen haiekin.

Ordu batzuk geroago, lehergailuz betetako kamioi batek eztanda egin zuen Calin, Valle del Cauca departamenduko hiriburuan, Marco Fidel Suarez Abiazio Eskola Militarraren inguruan. Azken datu ofizialen arabera, zazpi pertsona hil zituen leherketak, eta 65 zauritu; biktima guztiak zibilak ziren. Eztandak, gainera, kalte handiak eragin ditu hirian.

Prentsaurreko batean, Caliko alkate Alejandro Ederrek esan du «narkoen atentatu terrorista» izan dela erasoaldia. Petrok bat egin du adierazpen horiekin, eta adierazi erasoa «atentatu terrorista bat» izan dela. Presidenteak Carlos Patiño fronteari leporatu dio operazioa gidatu izana; nagusiki Cauca departamentuan jarduten du fronte horrek, eta EMC disidentzian parte hartzen du. 

Horren harira, Petrok iragarri du EMC gerrilla talde «terrorista» izendatuko duela, Bigarren Marketaliarekin —FARCen disidentziarekin— eta Golkoko Klanarekin —herrialdeko talde kriminal nagusiarekin— batera. Horren guztiaren harira, Kolonbiako fiskalburu Gregorio Eljachek belarrietatik tira egin dio presidenteari. Adierazpen batean azpimarratu du «zilegi» dela bakea bilatzea, baina hori ezin dela «nazioaren segurtasunaren bizkar» egin.

Hala, Kolonbiako gatazka politikoaren tentsioak gora egin du azken orduetan, eta, hortaz, atentatuek arriskuan jarri dute bake prozesua. Kolonbian, azken bost hamarkadetan, ekintza armatuak areagotu egin dira bolada batzuetan, hala nola 1990eko hamarkadaren hasieran, Pablo Escobarrek estatuaren aurka egindako gerran, eta, mendearen hasieran, FARCek hiri nagusiak inguratu zituenean. 2016ko Bake Akordioaren ondorioz, FARC gerrillak armak utzi zituen, baina talde disidente gutxi batzuek erasoak egiten jarraitu dute azken urteotan.

Gaitzespena

Horiek horrela, Kolonbiako Gobernuak argi adierazi du ez zaiela «terroristei makurtuko». EFE berri agentziak lekuko prentsa aipatuz kaleratu duenez, Petro dekretu bat prestatzen ari da «salbuespen egoera» ezartzeko, eta gobernuak dagoeneko neurriak hartu ditu erasoaldiei aurre egiteko; esaterako, presidenteak atzo azaldu zuen Caliko sarrera guztietan kontrolak ezartzeko agindu ziola hiriko Poliziako komandanteari. Bestalde, Petrok gaur jakinarazi du bi pertsona atxilotu dituztela Caliko leherketekin zerikusia dutelakoan.

Venezuela, zeina Kolonbiako herrialde mugakidea den, bi erasoen aurka agertu da, eta «atentatu terroristak» izan direla adierazi du, ohar baten bidez. «Venezuelak guztiz gaitzesten du era guztietako indarkeria, eta, bereziki, gure herrien bakearen eta segurtasunaren aurka egiten duten ekintza terroristak», gaineratu du Yvan Gil Atzerri ministroak sare sozialetan. Kontinenteko beste herrialde batzuek ere erasoak kondenatu dituzte. Ekuadorko Gobernuak elkartasuna adierazi die Kolonbiako estatu indarrei ohar batean, eta Uruguaikoak ere komunikatu bat kaleratu du, zeinean salatzen duen atentatuek «herritarrak izutzea» eta «estatuaren bake ahaleginak ahultzea» dutela helburu. 

Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren Kolonbiako Bulegoak ere erasoak gaitzetsi ditu. «Giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzeko» eskatu die bulegoak talde armatuei, «bereziki bereizketaren printzipioa», gatazkarekin zerikusirik ez dutenen aurkako erasorik izan ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.