Heriotza zigorra ezarri diote Kabila Kongoko Errepublika Demokratikoko presidente ohiari

M23 gerrillaren adar politikoko kide delakoan, traizioa eta gerra krimenak egotzi dizkiote. Hogei urtez izan zen presidente, eta erbestealdian egon da urtebete pasa.

Kabila Kongoko Errepublika Demokratikoko presidente ohia, Goman, maiatzean. MARIE JEANNE MUNYERENKANA / EFE
Kabila Kongoko Errepublika Demokratikoko presidente ohia, Goman, maiatzean. MARIE JEANNE MUNYERENKANA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko irailaren 30a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kongoko Errepublika Demokratikoko auzitegi militar batek heriotza zigorra ezarri dio gaur Joseph Kabila presidente ohiari (2001-2019), traizioa eta gerra krimenak egotzita, besteak beste. Ia hogei urtez izan zen presidente, eta senataria da 2019az geroztik. 2023 amaieran Hegoafrikara egin zuen ihes, eta erbestealdian egon da, harik eta joan den maiatzean M23 Martxoak 23 gerrillak kontrolatutako eremura itzuli zen arte.

Hainbat urtez gobernuaren eta gerrillaren arteko egoera bare egon ostean, M23k herrialdearen ekialdeko Goma hiria hartu zuen urtarrilean, eta herrialdeko armadaren eta matxino taldearen arteko gatazka areagotu egin zen. Bi aldeek gatazkari amaiera emateko bide orri bat adostu zuten uztailean, nahiz eta hura urratzea egotzi dion batak besteari.

Presidente ohiak apirilean iragarri zuen erbestealditik itzuliko zela herrialdeko gatazkari «konponbide» bat ematen saiatzeko, eta Goma hirira joan zen maiatzean. M23ren adar politikoko burua izatea leporatzen diote Kabilari, eta haren kontrako neurriak hartu izan dituzte: apirilean, gobernuak Kabilaren PPRD Berreraikuntzarako eta Demokraziarako Herriaren Alderdia legez kanpo utzi zuen; maiatzean, senataria izateagatik berez zuen immunitatea kendu zion herrialdeko senatuak, fiskaltzaren eskariz; eta horren ondoren hasi zuten presidente ohiaren kontrako auzibidea. Kabilak «autoritarismoa» eta «instituzioen kolapsoa» salatu zituen ordu horretan. 

2001ean, Kabilak presidente karguaren lekukoa hartu zion bere aitari, Laurent-Desire Kabilari. Kongoko bigarren gerraren garaian (1998-2003) hil zuten hura, eta semeak hamar egun geroago hartu zuen kargua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.