Herrialde arabiarrak eta islamiarrak prest dira Israeli erantzun bateratua emateko

Arabiar Ligak eta Kooperazio Islamikorako Erakundeak deituta, igandean eta astelehenean goi bilera egingo dute Qatarren. Europako Parlamentuak babestu egin du Bruselak partzialki etetea Israelekin duen merkataritza akordioa.

Gaza hiria itsasotik ikusita, atzo. MOHAMMED SABER / EFE
Gaza hiria itsasotik ikusita, atzo. MOHAMMED SABER / EFE
Igor Susaeta.
2025eko irailaren 11
14:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteartean Israelek eraso egin zion Hamasi Qatarren, eta eraso horrek erantzun diplomatiko bat merezi duela iruditzen zaie herrialde arabiarrei eta islamiarrei. Horregatik, nola erantzun koordinatzeko, Arabiar Ligak eta OIC Kooperazio Islamikorako Erakundeak bilera bat egingo dute igandean eta astelehenean Dohan, Qatarko hiriburuan, QNA hango albiste agentziak jakinarazi duenez.

Arabiar Liga osatzen duten 22 herrialdeek, oro har, elkartasuna adierazi diote Qatarri, eta uste dute Israelen erasoak herrialdearen subiranotasuna urratu duela. Tel Avivek Dohako eraikin bat bonbardatu zuen hamar misil erabiliz, eta talde islamistako bost kide hil zituen; ez zuen helburua lortu, ordea: Gazan su eten bat ezartzeko AEBen azken planteamendua aztertzen ari ziren Hamaseko buruzagiak hiltzea, alegia. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi du ez duela baztertzen Doha berriro bonbardatzea.

Eta azken urteotan Israelekin harreman diplomatikoak normalizatzeko akordioak sinatu dituzten herrialde arabiarrek ere tira egin diote belarrietatik Netanyahuri; kasurako, Egiptok eta Arabiar Emirerri Batuek. 

Bien bitartean, Egiptoko Atzerri ministro Badr Abdelatty Qatarrera joan da gaur. Hain zuzen, Egipto da Gazan menia bat ezartzeko ahaleginean Hamasen eta Israelen artean bitartekari ari den herrialdeetako bat, Qatarrekin berarekin eta AEBekin batera. Eta, horren guztiaren harira, ezkor mintzatu da Qatarko lehen ministro eta Atzerri ministro Mohammed bin Abdulrahman Al-Thani. AEBetako CNN telebista kateari elkarrizketa bat eman zion atzo gauean, eta adierazi zuen Israelen erasoak zapuztu egin duela Hamasen bahituek eduki zezaketen «itxaropen apurra». Are, Al-Thaniri iruditzen zaio Israelek «traizio» egin diola eta erasoa «estatu terrorismoa» dela. Gaineratu du AEBekin ere hitz egiten ari direla, erabakitzeko nola jarraitu elkarrizketekin. 

Funtsean, Donald Trump AEBetako presidenteak zera planteatu zuen aurreko astean, Gazako erasoaldia amaitzeko: talde islamistak gatibu guztiak aske uztea —48 direla diote gatibuen senideek—, Israelek preso palestinarrak aske uztea —ez dute zehaztu zenbat—, eta Israelek zerrendaren setioa amaitzea. Horrekin lotuta, bahituen senideek berriro adierazi dute haserre daudela Netanyahurekin. Armadaren irratian elkarrizketatu dute horietako baten ama, eta azpimarratu du «argi» dagoela lehen ministroak ez duela «gerra» bukatzeko interesik, ez eta akordio bat lortzeko asmorik ere. Bide batez, Qatarren egindako erasoa kritikatu du: «Ematen zuenean Hamasen taldea akordio bat onartzear zegoela, haiek hiltzeko saiakera bat izan zen».

14

Israelek Zisjordanian atxilotu dituenak. Israelgo herritarrek segitzen dute lurralde okupatuetan palestinarrei jazartzen. Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, Israelgo estatu indarrek hamalau pertsona atxilotu dituzte gaur Zisjordanian.

Bien bitartean, Israelek segitzen du Gazari eraso egiten, eta, hango osasun iturrien arabera, gutxienez hamasei pertsona hil ditu. 2023ko urriaren 7an erasoaldia hasi zuenetik, 64.718 pertsona hil dituzte. Gaza hiria du orain jopuntuan Israelgo armadak, hura okupatzeko asmoa baitu, eta, The Times of Israel egunkariak armadaren iturriak aipatuz gaur kaleratu duenez, handik 200.000 pertsona inguruk alde egin dute azkeneko asteotan —larunbatean esan zuten 70.000 zirela—. NBE Nazio batuen Erakundearen arabera, zerrendan egun 2,1 milioi pertsona daude; horietatik milioi bat inguru, Gaza hirian.

Bestalde, Europako Parlamentuak babestu egin du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak atzo proposatutakoa: Bruselak partzialki etetea Israelekin duen merkataritza akordioa. 305 parlamentarik bozkatu dute alde, 151k kontra, eta 122 abstenitu egin dira. Ebazpena ez da loteslea.

Israelek eraso egin dio Libanori

Iazko azaroan Libanorekin sinatutako menia gorabehera, Israelek eraso egiten jarraitu du. Israelgo armadak ohar bat kaleratu du, eta horretan jakinarazi du Hezbollah milizia xiitaren azpiegiturak bonbardatu dituela Beirut hiriburutik gertu dagoen Bekaa haranean eta herrialdearen hegoaldeko Az-Zrariyah herrian. Bestalde, hegoaldeko Tiro distrituko errepide batean motozikletan zihoan lagun bat hil da Israelen erasoen ondorioz, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.