Herritarren %98k babestu dute Marokoko erregearen konstituzioa

Mohamed VI.ak erreferendumaren emaitzak faltsutu dituela salatu dute oposizioko ekintzaileek

Erredakzioa
2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Marokoarren gehiengo zabal batek onartu du Mohamed VI.aren konstituzio berria. Gobernuaren datuen arabera, parte hartzea %73 ingurukoa izan zen, eta horietatik %98k bozkatu zuten alde. Baina emaitza horiek behin-behinekoak dira, oraindik Marokotik kanpo bizi diren herritarren botoak kontatzea falta delako. Dena dela, oposizioko ekintzaileek salatu dute bozetan «tranpa» ugari egon zirela eta Mohamed VI.aren erregimenak emaitzak faltsutu dituela.

Marokoko Gobernuak atzerrian dauden herritarrek bozkatu ahal izateko 520 bulego ireki ditu, eta bi egunez irekiak egongo dira. Emaitza aldatuko ez duten arren, behin betiko datuak uztailaren 8an ezagutzera emango direla jakinarazi du Hassan Aghmari Barne Ministerioko hauteskundeetako arduradunak.

Erregearen «iruzurra»

Marokoko giza eskubideen aldeko hainbat erakundek salatu dute erreferendumaren emaitza faltsua dela. Otsailaren 20ko Mugimenduaren arabera, emaitzak aurretik prestatuak zeuden. Haien hitzetan, bozak eta aurretik eginiko kanpaina «iruzurrez» beterik egon da.

Transparency Maroc erakundeko ordezkari Aziz Masudik ohartarazi du hauteskunde mahai askotan ez zituztela kontrolatzen bozkatzen zutenak. Horrekin lotuta, Iman Chafi herriko mahaiko presidente Duar Txafik adierazi du berarekin zeuden hiru lagunetatik bik ez zekitela irakurtzen, eta horregatik ez zeukatela bozkatzaileen zerrendarik.

Konstituzio berriak herrialdearen egoera ez duela gehiegi aldatuko ere salatu dute. Erregeak armada eta erlijioaren buru izaten jarraituko du. Horrez gain, sortuko den segurtasun kontseiluko buru ere bilakatuko da. Lehen ministroa presidente izango da aurrerantzean. Hauteskundeetan garaipena lortzen duen alderditik aterako da, baina Mohamed VI.ak onartu beharko du izendapena. Gainera, presidentearen erabaki guztiek ere erregearen onespena beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.