Hezitzaileak murriztu, poliziak sustatu

Eskolen eta Hezkuntza Sailaren arteko tentsioak direla eta, Generalitateak plan pilotu bat ezarri du mossoak ikastetxeetan sartzeko. Neurri hori gatazkak murrizteko asmoz proposatu badu ere, familiek, hezitzaileek eta irakasleek gogor kritikatu dute.

Irakasleen eskakizunen aldeko manifestazio bat Bartzelonan, lehengo asteartean. ALBERT SALAME / VILAWEB
Irakasleen eskakizunen aldeko manifestazio bat Bartzelonan, lehengo asteartean. ALBERT SALAME / VILAWEB
Bartzelona
2026ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kaleko arropa jantzita, armarik gabe eta ikasgeletara sartu ezinik; Mossos d'Esquadra Kataluniako Polizia ikastetxeetan hala egotea proposatu du Kataluniako Generalitateak. Azken urteetan eskoletan geroz eta ohikoagoak dira gatazkak, eta haiei aurre egiteko tresna gisa aurkeztu zuen plana Kataluniako Gobernuko Hezkuntza Sailak apirilaren amaieran. Oraingoz, bigarren hezkuntzako 14 institututan ezarri dute proba pilotua. Kataluniako Gobernuak adierazi duenez, hainbat mosso «bizikidetza eragile» gisa ikastetxeetan sartzean datza plana, gatazketan bitartekari moduan jardun dezaten. Hezkuntzako langileen eta, oro har, herritarren gaitzespena nabarmena izan da.

Kataluniako Ikasleen Familien Elkarteen Federazioko (AFFAC) zuzendari Lidon Gasullek argi utzi du proposamenaren inguruan adierazitako arbuioa orokortua izan dela: «Plan hau aurkeztu zutenetik, kontrako iritziak nonahi entzun dira. Familiek, hezkuntzan giza eskubideen eta bakearen kulturaren arloan lan egiten duten erakundeek; erantzuna transbertsala izan da». Berrehun erakunde, sindikatu eta alderdi politikok baino gehiagok, ideologia eta esparru askotakoek, beren kezka erakutsi dute, hainbat eratako erantzunak emanez.

Alde batetik, ikastetxeetako irakasle eta ikasleak kalera atera dira azken asteetan Baliabide sozial gehiago eta polizia gutxiago zioten pankartekin, eta lau institututan —Viceko hiru eta L’Hospitalet de Llobregateko bat— plan pilotutik ateratzea bozkatu dute batzarretan. Bestetik, AFFACek eta Kataluniako Gizarte Hezitzaileen Elkargoak, besteak beste, komunikatuak argitaratu dituzte plana gaitzesteko, ondorio larriak izan ditzakeela argudiatuz eta erabakia «aldebakarrekoa» izan zela salatuz —ez zieten eragileei galdetu erabakia hartu aurretik—.

«Plan hau aurkeztu zutenetik, kontrako iritziak nonahi entzun dira»

LIDON GASULL Kataluniako Ikasleen Familien Elkarteen Federazioko zuzendaria

Horiek horrela, kezkak berehalako arbuiotik haratago doaz. Eztabaidaren erdigunean planak ikasleengan izan ditzakeen ondorioak daude; izan ere, zer eragin dezake eskola batean polizia une oro egoteak? Gasullek azaldu duenez, hautatutako ikastetxeek, hain zuzen ere, biltzen dute pobrezian bizi diren edo gizartean baztertuta dauden ikasle gehien. Horietako asko etorkinak dira, eta ez gutxik aurrez ere tentsio egoerak izan dituzte Poliziarekin, etxegabetzeen edo auzoko kontrol polizialen ondorioz. Hala, AFFACen zuzendariaren ustez, segurtasun indarrak eskoletan sartzeak toki horien esanahia bera aldatzen du, eta, beraz, «gune seguruak» izateari uzten diote, nahiz eta hala izan beharko luketen. Haren ustez, aldaketa horrek emaitza kaltegarriak izan ditzake gazteengan, «ordena publikoko arazo» gisa irudikatzen baititu, eta ez hezkuntza sistemaren ardurapean dauden ikasle gisa.

Ildo beretik mintzatu da Kataluniako Gizarte Hezitzaileen Elkargoko (CEESC) zuzendari Olga Giner, eta programa horrek estigmatizazioa bultzatu eta ikasleen ondoeza sortu dezakeela adierazi du. Nortasuna eta autoestimua garatzen ari diren adinean Poliziaren presentziak gazteei ekartzen dien onura «hutsala» dela argudiatu du: «Poliziaren egitekoa halako testuinguruetan euste lana da, baina horrek ez dio mesede egiten ez hezkuntzari eta ez prebentzioari».

Elkarrizketatutako bi zuzendariek argudiatu dutenez, liskarrak kudeatzeko edo saihesteko gakoa hezitzaileek ikasleekin sortzen duten harremana eta haiei transmititzen zaien konfiantza da. Hala, biek ala biek gizarte hezitzaileen lanaren garrantzia azpimarratu dute, eta «aniztasunak errespetatzen, bitartekaritza sustatzen eta justizia errestauratiboa lantzen» duten prestakuntza «sakona» nabarmendu. Ginerren esanetan, hezitzaileek «hurbiltasuna eta konfiantzazko harreman bat» eskaintzen dute, eta horrek ez du bat egiten «polizia baten nortasunarekin». Gasullek, gainera, nazioarteko ikerketak aipatu ditu arbuio hori justifikatzeko, eta, azaldu duenez, beste lurralde batzuetan antzeko programak jarri izan dituzte abian, eta argi geratu da halako ekimenek ez dutela balio gatazkak murrizteko.

Adierazitakoaren arabera, egoera hobetu baino, arazoa lekuz aldatzen dute programa horiek. Horrez gain, AFFACekoak gehitu du liskarrak segurtasunean eta kontrolean oinarritutako ereduen bidez konpontzen badira oso zaila dela gero joera horretatik ateratzea; «behin kontrolaren logika ezarrita, gogorra baita bestelako ikuspegiak berriro kontuan hartzea». Hala, luzera begira horrek kostu handia izan dezakeela ondorioztatu du.

«Poliziaren egitekoa halako testuinguruetan euste lana da, baina horrek ez dio ez hezkuntzari ez prebentzioari mesede egiten»

OLGA GINER Kataluniako Gizarte Hezitzaileen Elkargoko zuzendaria

Hala ere, kritikak kritika, probako plana martxan jarri izana defendatzen jarraitu du Generalitateak, besteak beste, beste herrialde batzuk eredutzat hartuta. Apirilean, Kataluniako presidente Salvador Illak parlamentuan adierazi zuen OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeen erdiek baino gehiagok halako agenteak dituztela eskoletan. Datu hori, ordea, ez da guztiz zuzena. Izan ere, OCDEko herrialde gehienetan eta Espainiako autonomia erkidegoetan Poliziaren eta hezkuntzaren arteko lankidetza badago, bai, baina zibersegurtasunari edo jazarpenari buruzko hitzaldi puntualetan, eta ez une oro. Kataluniako eredua, beraz, ez da ohikoa ez Espainiako estatuan, ez Europan.

Murrizketak eta beste

Neurria noiz proposatu zuten ere deigarria da, Generalitatearen eta Hezkuntza Saileko langileen arteko tentsioei erreparatuta. Izan ere, ikasturte hasieran bertan, Kataluniako Gobernuak hezkuntza arloko langileen postuak murriztu zituen, «aurrekontu arazoak» zirela eta. Hala, gizarte hezkuntzaren esparruko langile taldea %30 murriztu zen ikasturte bakarrean, eta 420 profesionaletik 300 baino gutxiagora igaro ziren. Guztira 128 lanpostu desagertu ziren; horien artean, 25 gizarte hezitzaile eta 103 gizarteratze teknikari.

Hilabete batzuk geroago, gainera, gobernuak plan hori aurkeztu zuen. AFFAC erakundeak dioenez, «hezkuntza eremuan inbertitu beharrean, ikastetxeetan Poliziaren presentzia eta beldurra indartu dituzte». Egoera honek, beraz, baliabideen kudeaketaren inguruan eztabaida argia piztu du, eta hezkuntzako langileen eta Generalitatearen arteko tentsioak areagotu egin ditu.

Eztabaida hori, beraz, ez da hutsetik sortu. Hezkuntzako langileen eta Generalitatearen arteko tentsio jarraituen beste atal bat da. Azken urteetan, irakasleek grebak eta manifestazioak antolatu dituzte soldata txikiak, gehiegizko lan karga eta baliabide falta salatzeko. Sindikatuek urteak daramatzate sisteman moldaketak eskatzen, eta azken urteetako grebek gero eta jarraipen eta indar handiagoa izan dute, egoera mugara iritsi den seinale. Martxoaren 21ean, esaterako, 35.000 irakasle bildu ziren Bartzelonan, azken hamarkadako hezkuntza esparruko mobilizaziorik jendetsuenean.

Plan pilotu berria eskaera horien erantzun gisa aurkeztu dute, baina, sindikatuek azaldu dutenez, sektoreak defendatzen duen norabidearen aurkakoa da. Proba fasea ikasturte amaieran ebaluatuko dute, hurrengo pausoak zeintzuk izango diren erabakitzeko. Bitartean, lau institutuk dagoeneko eskatu dute programatik ateratzea, eta auzia irekita dago oraindik: Kataluniako ikastetxeak hezitzaileez edo agenteez beteko ote diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA