Bart gauean piztu zen sua Badalonako pabiloi batean. 150 lagunetik gora zeuden han lotan sutea hasi zenean. Inguruko bizilagunen arabera, migratzaileak bizi ziren han. Goizaldean, suhiltzaileek jakinarazi dute hiru gorpu aurkitu dituztela eraikinean, eta zaurituak gutxienez hamazazpi direla; haietako sei larri eraman behar izan dituzte erietxera. Hala ere, ohartarazi dute biktima kopuruak gora egin dezakeela datozen orduetan, besteak beste, ez dakitelako ziur zenbat jende zegoen eraikinean sua piztu zenean.
«Informaziorik gabe ari gara lanean, itsu-itsuan. Oraintxe ditugun datuak hipotesiak besterik ez dira. Inork ez digu jakinarazi barruan senide edo lagunik ote duen», azaldu du Miquel Samper Generalitateko Barne kontseilariak. Suhiltzaileek lanean jarraitzen dute sutea kontrolpean hartzeko, baina, lerro hauek idazteko unean, eraikina erortzea da arrisku nagusia. «Eraikinaren zati batzuk hasi dira erortzen», jakinarazi du Samperrek. Larrialdi zerbitzuetako kideak beldur dira eraikinaren barruan oraindik jende gehiago egongo ote den harrapatuta.
Continuem amb una trentena de dotacions #bomberscat a l'incendi de la nau industrial de #Badalona
— Bombers (@bomberscat) December 9, 2020
Treballem intensament, però queden moltes hores de feina fins a poder controlar i apagar el foc i poder entrar a l'interior. L'incendi està completament desenvolupat. pic.twitter.com/t3nwltv85A
Badalonako alkate Xavier Garcia Albiolen esanetan, badira «zazpi edo zortzi urte» eraikina «okupatuta» dagoela. «Bizilagunek salaketa bat baino gehiago jarri izan dituzte, baina gaur arte Udaltzaingoak ezin izan du barrura sartu, horretarako epaile baten agindua behar zutelako, eta ez geneukalako halakorik. Beraz, ez dakigu zehazki zenbat jende bizi zen bertan».