Hollande ez da bigarrenez aurkeztuko Frantziako presidentetzarako bozetara

«Nazioaren interes gorenak» aipatu ditu erabakia justifikatzeko. Lehen aldia da V. Errepublikako presidente bat ez dela bigarrenez aurkeztuko

François Hollande Minbiziaren Nazioarteko Kongresuan, Parisen, joan den urrian. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
ander perez zala
2016ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Frantziako presidente François Hollande ez da bigarrenez aurkeztuko presidentetzarako bozetara. Azken hilabeteotako zurrumurruak amaitu zituen atzo Hollandek, Eliseotik zuzenean egindako adierazpen batean. Lehen aldia da V. Errepublikako presidente bat ez dela bigarren agintaldi batera aurkeztuko. Erabaki horrekin, Frantziako lehen ministro Manuel Vallsi ateak ireki dizkio sozialisten primarioetara aurkezteko. Sarkozy, Juppe eta Hollande gabeko aro berri bat irekiko da Frantziako politikan, 2017ko udaberrian egingo diren presidentetzarako bozen ostean.

Frantziako presidenteak herritarren gutxiengoaren babesa du. 2012an hautatu zuten presidente, ilusio handiz betetako kanpaina baten ostean; Sarkozy garaitu zuen bozen bigarren itzulian. Bere agintaldiak aurrera egin ahala, ordea, babesa galduz joan da, soilik herritarren %7en babesa izateraino, inkesten arabera. «Nazioaren interes gorenak» aipatu zituen atzo Hollandek erabakia justifikatzeko: «Herrialde baten etorkizuna dago jokoan, ez pertsona batena. Erantzukizun osoa nire gain hartzen dut». Izan ere, haren hautagaitzak ezkerra are gehiago zatituko lukeen jakitun da. Proiektu batzuen arriskuaz ohartarazi du: «Ez dut nahi Frantzia garesti aterako diren abenturetan murgiltzerik nahi». Bere agintaldia defendatu du: langabeei lagundu diela nabarmendu du, eta gogorarazi Parisko klima aldaketaren aurkako akordioa eta sexu bereko bikoteen ezkontza eskubideak aurrera eraman dituela.

LR Errepublikanoak alderdiaren presidentegai François Filloni erasotzeko baliatu zuen atzoko adierazpena: «Bere programa atzerakoia da». Fillonek, ohar baten bidez, adierazi du azken bost urteotako «porrota» onartu duela Hollandek, eta aldaketa «ausarta» egiteko garaia iritsi dela. La France Insoumise mugimenduko presidentegai Jean Luc Melenchonek ideia bera erabiliz baloratu du Hollanderen erabakia: «Iragarpen hau porrotaren onarpena da. Hollandek ez du bere programa aplikatu». Presidentearen Ekonomia ministro izandako eta 2017ko bozetakopresidentegai Emmanuel Macronen arabera, erabaki «zaila, baina ausarta» hartu du presidenteak.

Primarioak, 2017an

Presidentegaia izendatzen azkenak izango dira sozialistak. 2017ko urtarrilaren 22an eta 29an egingo dituzte primarioak, eta, egun, zazpi hautagaik agertu dute primarioetan aurkezteko asmoa. Hollanderen bi ministro izandakoak, esaterako: Ekonomia ministro ohi Arnaud Montebourg eta Hezkuntza Nazionaleko ministro izandako Benoit Hamond. Oraingoz, Montebourg da ofizialki primarioetan izena eman duen bakarra.

Gainontzeko alderdiei dagokionez, Marine Le Pen izango da FN Fronte Nazionalaren presidentegaia, Sylvia Pinel PRG Ezkerreko Alderdi Erradikalarena, etaYannick Jadot EELV Europa Ekologikoa Berdeak alderdiarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.