Irakurri serie honetako artikulu guztiak
Kamioien joan-etorria etengabea da Neuquenen (Argentina). Batzuk zisterna kamioiak dira, eta beste batzuek metalezko lau edukiontzi erraldoi dituzte, hareaz beteta. «Legez, estalita egon behar dute ontziek, baina, ikusten duzuen bezala, beti estali gabe daramatzate», azaldu du Martin Alvarez Mullallyk kamioi bat pasatu berritan, Neuquen hiritik Añelora bidean; Opsur Observatorio Petrolero Sur behatokiko ikertzailea da Alvarez Mullally, eta azalpenok, besteak beste, Euskal Herritik Argentinara OMALek gonbidatuta joandako ordezkariei eman dizkie. Izugarrizko lautada eremua da Patagoniako iparraldea, lasaia izan behar zukeena, baina ahotsa behartu gabe hitz egite hutsa zaila da han, kamioien zarata dela eta.
Petrolioaren eta gas naturalaren ezohiko ekoizpenak sortzen du mugimendu hori, Euskal Herrian aurreko hamarkadan gizartearen erantzun handia eragin zuen teknika batek: frackingak. Ohiko hobienak baino askoz prozesu konplexuagoak dira fracking bidezko ustiaketak; labur azalduz, erregaiak ez daude poltsa handi eta iragazkorretan pilatuta, baizik arroka iragazgaitzetan. Horrek ezinbesteko bihurtzen ditu haustura hidrauliko izeneko prozesuak, eta askoz ur, harea eta lehengai gehiago behar dira hobiak ustiatzeko; hau da, inbertsio gehiago. Hori dela eta, ezohiko erreserbetako hobien errentagarritasuna eta ekoizpena oso goiztiarra da, oso handia hasieran, baina azkar egiten du behera.
Ustiatzeko behar den baliabide mordo horrek hainbat ingurumen arazo sortu ditu Argentinako Vaca Muertan, baita erantzun soziala ere, nahiz eta Argentinan gutxiengoa izan petrolio ustiaketaren kontra dauden pertsonak eta mugimenduak. Zenbait probintziatako zorupean dago Vaca Muerta formazio geologikoa, baina Neuquenen dago zatirik handiena. Silizioa duen harea da, urarekin batera, fracking prozesuetan gehien behar den lehengaia. Eztandekin eta uraren presioarekin arrokan sortutako pitzadurak irekita mantentzeko erabiltzen dira, eta harean barrena xurgatzen ditu hobiak petrolioa eta gas naturala, kapilaritatez hasieran, eta punpa bidez presioa galdu ostean.
90.000.000
Zenbat ur litro behar den, batez beste, ezohiko erregai hobi bat irekitzeko. Ohiko erregai hobietan baino askoz lehengai gehiago behar dira ezohikoetan, fracking teknika erabiltzen dela eta. Batez beste, Vaca Muertako hobi bakoitzeko 90 milioi litro ur behar dira zuloa egiteko.
2.500 eta 3.500 metroko sakoneran dago gutxi gorabehera Vaca Muerta haitza, nahiz eta lekuaren arabera aldatu egiten den. Sakonera horretaraino egiten dituzte zuloak, eta gero, horizontalki, beste hiru kilometro izan ditzakete. Zuloaren bolumena zenbaterainokoa den irudikatzeko, 15.000 tona harea sartzen dituzte hobi bakoitzeko. Tona bakoitzak 200 dolar inguru balio du; hau da, hobi bakoitzak hiru milioi dolarreko inbertsioa behar du soilik harea ordaintzeko. Vaca Muerta ustiatzen hasi zirenean, Kanadatik inportatzen zuten gehienbat harea, baina orain Argentina erdialdean ekoizten dute gehiena, Parana ibaiaren ertzean, Entre Rios probintzian.
Petrolio zabortegiak
Hobiaren ustiaketa amaitzen denean, harea atera egiten dute, zuloak beste material batzuez ixten dituzte, eta ekoizpen fasean erabilitako harea hondakin bihurtzen da. Gainera, ez da hondakin sinple bat, petrolioz kutsatuta baitago. Bada, harea horiek tratatu egiten dituzte prozesu mekanikoen, termikoen edo biologikoen bidez, eta gero zabortegi erraldoietan uzten dituzte botata. Barre artean, Alvarez Mullallyk azaldu du «ekoparke» deitzen diela Añelo udalerrian (Neuquen, Argentina) dauden tratamendu plantei eta zabortegiei.

Neuquen probintzian, bereziki Neuquen eta Añelo udalerrietan, bizilagun askoren haserrea piztu dute hondakinak kudeatzeko azpiegiturek. Hala, 2015ean 2263 dekretua onartu zuen Neuquengo Gobernuak, petrolio zabortegien kokalekua zehazteko: udalen mugetatik gutxienez zortzi kilometrora egon behar dute.
Bada, gaur egun oraindik, Neuquenen eta Añelon hainbat zabortegi eta tratamendu planta daude hori baino hurbilago, batzuk martxan eta beste batzuk geldirik. Añelon, Treater, Comarsa eta Indarsa enpresek plantak eta zabortegiak dituzte debeku eremuan; are, Indarsak hondakindegi bat du udalerriaren mugen barruan bertan, eta 2024an sute bat izan zen han.
Neuquengoa, auzitara
Neuquen hiriaren parterik handiena Neuquen eta Limay ibaien ertzen artean dago, eta hiriaren ekialdean elkartzen dira biak, Rio Negro ibaia osatuz. Iparraldean labar bat du hiriak, 50 metro inguru garai dena, eta goi lautada zabal bat hasten da han. Hegoaldean eta ekialdean ibaia muga fisiko bat denez, eta mendebaldera jada gehiago hazi ezin denez, hiria goi lautadan ari da hazten. Industria enpresa asko daude han, modu antolatuan eta ez-antolatuan osatutako auzoak ere bai, eta erdian, ia hogei hektareako orban beltz bat. Comarsa enpresaren petrolio zabortegi bat da.
Bizilagunen egunerokoan arazo handiak sortu ditu zabortegiak hasieratik, eta APDH Giza Eskubideen Asanbladaren Neuquengo filiala Ingurumen Abokatuen Elkartearekin batu da epaitegietan zabortegiaren kontra egiteko; APDH entzute handiko elkartea da Argentinan, 1976ko diktaduraren gehiegikerien kontra egiteagatik. Arrayin Navarrete APDHko kidea da, eta zabortegiaren ondoan eman dizkie instalazioari buruzko azalpenak OMALek Argentinara eramandako euskal delegazioko kideei, tarteka petrolio usain kirasduna dakarren ufada bat iristen den bitartean.
Esan duenez, behar bati erantzuteko sortu zuten zabortegia: «Fracking teknikarekin, hondakin gehiago sortzen dira, eta hazkundea horrenbestekoa izan zen, ezen tratatu gabe pilatzen hasi baitziren». Duela urte batzuk, Neuquengo Comarsan labe erraldoi batzuk zituzten, tratamendua egiteko, baina 2018an itzali zituzten, ingurumen inpaktuengatik eta bizilagunen kexengatik. Baina erdiko urrats bat ere egon zen, hondakinak egunez erre ordez gauez erretzeari ekin baitzioten.
«Kasua judizializatuta dagoenez, hondakinak lekualdatzeko plan bati ekin zioten, eta Añeloko zabortegira eramaten hasi ziren»
ARRAYIN NAVARRETE Neuquengo APDHko kidea
Hondakindegiak probintziako legedia urratzen du, ez baitago udalerriaren mugatik zortzi kilometro baino urrunago. Horregatik, APDHk eta ingurumenaren aldeko abokatuek auzitara jo zuten, eta, oraindik epaiketa martxan dagoenez, hondakinak metatzeari utzi zioten: «Kasua judizializatuta dagoenez, hondakinak lekualdatzeko plan bati ekin zioten, eta Añeloko zabortegira eramaten hasi ziren», aipatu du Navarretek. Añeloko zabortegia ere legez kontrakoa da halere, udalerritik gertu dago eta.
Baina zenbateko kaltea sortu dezake petrolio zabortegi batek herritarrengan? Labeak oraindik piztuta zeudela, arnasteko arazoak handitzen hasi ziren hirian, eta osasun zentroetako itxaron gelak jendez betetzen hasi ziren, «umez batez ere». Horregatik hasi zen zabortegiaren kontrako kanpaina; are, mugimendu horrek bultzatu zuen aipatutako 2263 dekretua onartzea.
Hala ere, zabortegian 300.000 tona hondakin ere metatu dituzte, eta oraindik 210.000 tona inguru daude mugitzeko zain; gutxi gorabehera zazpi milioi dolar beharko dira soilik zabortegiko hondakinak lekuz aldatzeko. Eta, azaldu dutenez, zabortegia mugitzearen atzean hirigintza proiektuak daude, hiria asko ari delako hazten. Hondakindegiaren hesiaren ondoan, esaterako, probintziak hogei hektarea inguruko eremu bat urbanizatu du —argindar sarea eraman, espaloiak markatu, farolak jarri...—, eta lurrak prest daude nahi duenak bere etxea egiteko, baina zabortegiarekin zer gertatuko den zain daude oraindik. Are, kutsatutako hareak dauden lekuan estadio bat egiteko proiektu bat ere mahai gainean dago.

Kudeatzaileak, akordio bila
Duela lau urte inguru hasi zuen kasuak epaitegietako bidea, eta, abuztuan, Neuquen hiriko berme epaile Juan Manuel Keesek erabaki zuen epaiketa publiko bat egitea kasua ebazteko, hala Comarsaren jabearen nola bi kudeatzaile ohiren kontra. Bruno Vadala da kasua daramaten APDHko abokatuetako bat, eta Navarreteren ostean hark hartu du hitza. Azaldu duenez, lehen arazoa zigor kodea eta justizia sistema da, ingurumenaren kontrako delitua ez baitago tipifikatuta Argentinan. «Herrialdeko dolar fabrika izango balitz bezala saltzen ari dira Vaca Muerta, baina alde hau ez da ikusten. Buenos Airestik ez da ikusten».
«Bi gizon dira inputatuak, baina udala, probintzia eta YPF dituzte beren alde. Denak dituzte atzean laguntzen»
BRUNO VADALA APDHko abokatua
Neuquengo probintzian soilik bi pertsonak egiten dute ingurumen fiskaltzan lana, eta haiek hasi ziren kasua ikertzen. «Biek bakarrik ez dute ia denborarik; horregatik, normalean, halako kausak ez dira inora heltzen. Beste kasu txikiago batzuk izan dira, eta ia beti artxibatu dituzte. Neuquenen, ingurumen epaiketak normalean ez dira urrun iristen», azaldu du Vadalak. Hala ere, oraingoz behintzat, fiskaltza lan ona egiten ari dela uste du: «Zintzoa izan behar dut: fiskaltza oraingoz zentzuz ari da jokatzen. Esan zuen akordiorik ez zela egongo, epaiketa egitea nahi baitzuen».
Izan ere, azaldu duenez, akordio bat egiteko proposamen bat baino gehiago egon dira. Izatez, bi pertsona fisiko dira kudeatzaileak eta, beraz, erantzuleak, baina hondakinak batez ere YPF Yacimientos Petroliferos Fiscales petrolio enpresa publiko-pribatuak sortu dituenez, azken finean hura da horren erantzulea. Gainera, zabortegian bertan eta inguruan hirigintza proiektuak daudenez, Vadalak uste du interes handia dutela epaiketa ez egiteko eta akordio bat adosteko. «Bi gizon dira inputatuak, baina udala, probintzia eta YPF dituzte beren alde. Denak dituzte atzean laguntzen».