Hong Kongeko demokraten erbeste sosegatua

Britainia Handiaren kolonia izandakotik Japoniara ihes egin zuten hiru gazte dira Sam Yip, Athena Tong eta Patrick Poon. Hango Segurtasun Nazionaleko Legea indarrean sartu zenetik hiru urtera, hirurek azaldu dute gaur egun nola dabiltzan eta Hong Kongen nola galdu diren libertateak.

Ezkerretik eskuinera: Patrick Poon, Sam Yip eta Athena Tong, Japoniako hiriburuan. JOSEP SOLANO.
Josep Solano
Tokio
2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Hong Kong Human Rights Monitor erakundeak, berriki egin duen txosten batean, kalkulatu du 100.000 lagunek baino gehiagok alde egin dutela Hong Kongetik, Pekinen errepresiotik ihesi. Errepresio hori, hain zuzen, duela hiru urte formalizatu zen, 2020ko ekainaren 30ean, Segurtasun Nazionaleko Legea indarrean sartzeaz batera. Txostenean, halaber, jakinarazi dute erbesteratu gehienak gazte profesionalak eta ikasleak direla, eta zenbait arrazoirengatik utzi dutela Hong Kong; besteak beste: beldur dira jazarriko ote zaizkien; adierazpen askatasuna galdu dute —hedabideak itxi dituzte, eta demokraziaren aldeko liderrak kartzelatu—; biltzeko eskubidea galdu dute; eta Hong Kongen autonomia ere gero eta txikiagoa da.

Herrialdetik alde egin duten gehienak gazteak dira. Horrek pentsarazten du haietako asko iragan hamarkadaren hasieran demokraziaren alde piztutako mugimenduko kide izan direla segur aski, eta kritikoak izan direla Txinako Gobernuaren esku hartzeekin. Gehienak Erresuma Batura joan dira —Hong Kongeko herritar gehienek oraindik ere bai baitute itsasoz haraindiko britainiar pasaportea—, baita Kanadara, Australiara eta Taiwanera ere.

Itzultzeko txartelik gabe hegazkina hartu duten horiek guztiak, ordea, galera nabarmena dira Hong Kongentzat: haietako asko, izan ere, hiriko buruzagi izan zitezkeen etorkizunean, edo akademikoak, edo arrakasta handiko enpresariak, eta haiek joan izanaren ondorio kaltegarriak nabaritzen hasi dira Hong Kongeko ekonomian, kulturan eta gizartean.

Alde egindako horietako hiru dira Sam Yip aktibista eta politikaria —gaur egun ikerlari dabil Tokioko Unibertsitatean—, haren emazte Athena Tong akademikoa, eta Patrick Poon kazetari eta akademikoa. Den-dena jaioterrian utzita, Japoniara joan ziren bizitzera. Yip hautetsi independenteetako bat izan zen Hong Kongeko 2019ko hauteskundeetan — Hong Kongen egin diren boz guztien artean, horietan baino ez zen benetan aukerarik izan tokiko ordezkariak libreki aukeratzeko—.

Haren iritziz, egoera askoz ere okerragoa da orain, Segurtasun Nazionaleko Legea ezarri zenetik, garai kolonialik okerrenetan baino. «Askatasun gehienak, bereziki adierazpen, prentsa eta manifestazio askatasunak, lapurtu egin dituzte Txinako Alderdi Komunistak eta Hong Kongeko herriko tokiko gobernuak», salatu du.

«Alderik handiena da konturatzen zarela jendea beldurrez dagoela zer pentsatzen duen esateko», egin du ñabardura Tongek, eta erantsi du jendea oso kontuz ibiltzen dela zer esan eta zer ez, gerta baitaiteke norbait arriskuan jartzea edo norbera izatea jazarpen politikoaren biktima. «Oso denbora laburrean, Hong Kong gizarte isilarazi bat bilakatu da, eta gobernuak nahi duena baino ezin da esan», kontatu du Tongek.

Poonek, berriz, azaldu du botere judiziala ere aldatu dela: «Lehen, harro geunden zuzenbide estatuaz; errespetua zitzaien abokatuei eta epaileei; orain, berriz, segurtasun nazionalekotzat edo protesta ekintzatzat jotzen diren kasu horietan dabiltza epaileak, Txina kontinentalean bezala». Poonek pena du ikusita nola hondatu den britainiarrengandik heredatutako zuzenbide estatua.

Auzi judizialak

Yipek hainbat auzi judiziali egin behar izan zien aurre Hong Kongen bizi zenean —besteak beste, 2019ko maiatzaren 24an indarkeria handiz atxilotu zuten, Txinako ereserkia nahitaezko bilakatzeko ordenantzaren kontrako protesta baketsu batzuetan, eta Poliziak larri zauritu zuen—, eta Tongek, alde egiteko erabakiaz mintzo, esplikatu du horren guztiaren ondoren oso argi ikusi zutela ezingo zutela sekula «bizimodu normalik izan, politikan aritzeagatik». Eta erantsi du: «Orduan, erabaki genuen Japoniara etortzea, sinesten dugun horretan segitu ahal izateko, eta Hong Kongen kausari laguntzeko esperantzaz».

Yipek beldur bat zuen bereziki: «Goizeko seietan txirrina aditzea, eta segurtasun nazionaleko Polizia sartzea nire ondasun guztiak bahitzera, pasaportea enbargatzera eta ni kartzelan sartzera».

Tongek kontatu du lanleku zituzten erakundeek zenbait abisu jasoak zituztela, haiek atxilotuko ote zituzten hurrena. «Garai hartan, noiznahi atxilotuak izateko arriskuan geunden; izan ere, aldi berean, ez dakizu oso ondo non dagoen marra gorria. Hori ere bazen alde egiteko arrazoietako bat, estres handia baita osasun mentalerako». Poonek giza eskubideen arloko gobernuz kanpoko erakunde batean lan egiten zuen, eta, dioenez, ia ezinezkoa bihurtu zitzaien lanean segitzea, fokupean jarri baitzituzten, eta CIAk finantzatzen zituela leporatu baitzieten: «Akusazio guztiz zentzugabea».

Eta honela segitu du: «Gure lanean jarraitu nahi dugu, Hong Kongen bezala, eta baita Txinan ere, bene-benetan nahi baitugu jendeak sentitzea lanean segitzen dugula giza eskubideen arloan. Eta ez dugu utziko ez Hong Kongen eta ez Txinako Gobernuaren mehatxuek eragin diezaguten: giza eskubideen alde lanean jarraituko dugu».

Zenbait informazioren arabera, Txinak ustez komisaria sekretuak dauzka munduko hainbat herrialdetan, baina demokraziaren aldeko hiru aktibista hauek diote oso seguru sentitzen direla Japonian, beste herrialde batzuekin konparatuta batez ere, besteak beste ez dagoelako estradizio itunik Txinaren eta Japoniaren artean. Yipek dio Txinak zenbait komunitateri zelata egiten eta jazartzen diela «errepresio transnazional» moduko baten bidez, hala nola tibetarrei eta taiwandarrei. «Baina, hala ere, ez digu eragotziko honetan jardutea, zeren Japonia oraindik ere leku aski segurua baita Hong Kongeko arazoak planteatzeko bai herrialdean bertan eta bai munduan».

Alde horretatik, Tongek azpimarratu du funtsezkoa dela lanerako erabiltzen dituzten gailuen segurtasuna zaintzea, eta ziurtatu du 2019tik hil edo bizikoa dela. «Adibidez, jende asko atxilotu dute Telegrameko taldeetako administratzaileei erreparatuz; hortaz, oso garrantzitsua da babestea bai geure informazioa eta bai besteekin dugun interakzioa, zeren, geure segurtasun digitala zaintzen ez badugu, arriskuan jar baikenitzake lankideak, are atxilotuak izateko arriskuan. Horregatik, guztiz funtsezkoa da enkriptazioaz baliatzea, eta, leku guztietan ditugun interakzioak zaintzeaz gainera, oso adi ibiltzen gara zer egiten dugun online», zehaztu du Tongek.

Segurtasun Nazionaleko Legea indarrean sartu eta hiru urtera, demokraziaren aldeko hiru aktibista horiek ez daude oso optimista Hong Kongen etorkizunaren inguruan, epe laburrera eta ertainera begira batik bat, kontuan harturik zeinen autoritario jokatu duen Pekinek Hong Kongen eskariekin eta manifestazioekin. Dena den, Poonek uste du ez dela gutxietsi behar diaspora guztiak egiten ari diren ahalegina: «Arazoak plazaratzen eta gure herrikideak defendatzen segitzen dugu, gauzak hobetzeko asmoz. Oroz gain, ezinbestekoa da gogoraraztea eta aldarrikatzea Txinako Alderdi Komunista eta Hong Kongeko Gobernua libertateak eta demokrazia zapaltzen ari direla». Eta nabarmendu du beraiek zortea izan dutela «errepresiotik eta autoritarismotik» ihes egin ahal izan dutelako. «Izan ere, jende asko oraindik ere behartuta dago han gelditzera».

Bizimodu berrirako nahia

Yipek azaldu du jende askok ez duela behar adina dirurik, benetako aukerarik edo logistika aukerarik; beste batzuek, berriz, oraindik ere prozedura judizialak dituzte bidean, eta ezin dute bizimodu berri bat hasi Britainia Handiaren kolonia izandako horretatik kanpo.

«Mundu guztiari gogorarazten jarraitu dezakegu jendea sufritzen ari dela oraindik Hong Kongeko komunitatean —eta Hong Kongen bertan—. Iruditzen zait hori lagungarria dela gauzak azaleratzeko, zeren, ahazten ez baditugu, auzi horiek argi egongo dira oraindik, eta mugimendu hau ez da berehala bukatuko; hortaz, etorkizunera begira, pentsatu behar dugu zer premia ditugun gure komunitateak ez ditzan arazo horiek ahatz eta gure hongkongdar sustraiak indartzeko, politikoki ez ezik kulturaren eta identitatearen esparruan ere», esan du politikari ohiak, irmo.

Bestalde, Tongek gogora ekarri du ezen, Segurtasun Nazionaleko Legea aplikatu den azken kasuetan, legearen jurisdikzio globala ezarriz aplikatu dela; jurisdikzio horrek baimena ematen du legea urratzen duten guztiei jazartzeko haiek Hong Kongera itzultzen direnean, nahiz eta legea beste herrialde batean urratu. «Diasporan bertan ere, jendeak arrisku horren zama dauka, nahiz eta Hong Kongetik kanpo egon. Gainera, Segurtasun Nazionaleko Legeak ez ditu betetzen gure ohiko legearen printzipio asko: esaterako, jendea modu arbitrarioan atxilotu dezakete, eta bi urte eta erdi giltzapean eduki, epaiketa hasi arte. Horrek, jakina, ekonomiari eragingo dio», kontatu du Tongek.

Bukatzeko, esan du diaspora horrek «asko aldatu» duela demografia, eta, beraz, bozketen emaitzak ere aldatuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.