Soto de la Vegako (Espainia) ilunabarra apokaliptikoa da oraindik ere, ingurua kiskali eta astebetera. Eguzkiak laranja kolore ikusgarria dauka, baina laino arraro batek inguratzen du, eta badirudi irentsi egingo duela halako batean. Dagoeneko ez dator jario beltzik zerutik, baina kea, iluna, usaina ez dago gainetik kentzerik: Bierzotik dator, haizeak ipar-mendebaldetik jotzen duenean, eta Europako Mendietatik, iparrak hozten badu, eta Zamoratik, hego haizea dabilenean. Hemen, hainbat familiak hartu dute ostatu senideen etxean, inguruko suteak apaldu bitartean, eta La Bañezan, hemendik bost kilometrora, joan den astean kiroldegia, ikastetxeak eta zahar etxeak prestatu zituzten ehunka pertsona hartzeko, hiruzpalau egunez.
Zamoratik sartu zen sua eremu honetara. San Esteban de Nogalestik arrapaladan joan zen Castrocalbon, Calzada de la Valderia, Felechares de la Valderia, Pinilla de la Valderia, Palacios de Jamuz eta beste hainbat eta hainbat herritara. Herri txikiak dira, hustuak eta zahartuak, nahiz eta udan emigranteen oinordekoek gaztetzen eta betetzen dituzten. Egunerokoan, ordea, gutxi dira, eta hara joan egin behar da, inor haiekin gogoratzeko. Errepideak zuloz josirik daude orain ere, hori ez da aldatu, baina bide bazterrak eta ibaiertzak erabat desitxuratu dira: haritzondoak eta makalak zeuden duela egun batzuk; orain, basamortu beltz bat da.
San Esteban de Nogalesera iritsi berritan, ezerezetik atera da emakume bat. Paseatzen ari da zakurrarekin. Premia du hizketarako; gogoa du barrena husteko, baina ez du izenik eman nahi. «Barkatuko didazue, baina ez du axolarik nor naizen. Abandonaturik utzi dituzten herri bateko biztanlea besterik ez naiz. Espainia hustua, nola nahi dute ba bizirik mantentzea? Politikari asko dauzkagu, baina bitarteko gutxi. Neurriak behar ditugu, berehala».
«Nik hemen geratu nahi nuen, amaren etxea defendatzen. Baina alde egin behar genuela esan ziguten, zigortu egingo gintuztela bestela»
VITORIANO MARTINEZ TURRADO Castrocalboneko herritarra
Lehenagotik ere ikusi ditu-eta haritzondoak kiskaltzen; ez hainbesteko indarrez, ordea. Jubilatua dago, eta bertan egin du bizitza osoa: «Mendi hauek maite ditut, animaliak; paraje hau da nire arnasa, eta orain, edonora begiratuta, ito egiten naiz».
Joan den astelehenean ikusi zituen lehen su printzak, baina baretu zela uste zuenean hasi zen okerrena, biharamunean. «Haize ekaitz bat hasi zen, etenik gabe norabidez aldatzen zena, eta etxera gerturatzen ikusi nuen, baina ez nintzen gai izan ezer egiteko. Koldarra naiz. Ura bota nezakeen, bizilagunek bezala, baina suak irentsitako lurretatik ihes egitea besterik ez nuen pentsatzen. Etxean geratu nintzen, eta suak ziztu bizian alde egin zuen hemendik, ez dakit nola».
Sasoi honetarako perretxikoak biltzeko «desiratzen» egoten da urtero, udazkenaren zain, «hementxe, lur erraustu honetan ateratzen ziren sekulakoak», baina «auskalo noiz arte» itxoin beharko duen.

Galeper batzuk daude kale bazterrean. «Begira, gaixoak nola dauden galduta. Ingurua hildako hegazti eta animaliaz josita dago. Pixka bat aurrerago egiten baduzue, kiratsa nabarituko duzue».
Aurrerago eginda, Castrocalbon herria dago, hustu zituzten herrietako bat. Casina madre Felisa dioen etxearen aurrean dago Vitoriano Martinez Turrado, Felisaren semeetako bat. «Kea zen okerrena, eta zerutik erortzen ziren ikatz itxurako txanponak. Guardia Zibila etorri zen bozgorailuarekin esanez etxea utzi behar genuela eta La Bañezara joan behar genuela. Babeslekuak jartzen ari zirela hantxe. Nik hemen geratu nahi nuen, amaren etxea defendatzen. Baina alde egin behar genuela esan ziguten, zigortu egingo gintuztela bestela». Bi egun egin zituzten hostal batean.
«Ezinegona». Horixe sentitzen du oraindik ere, eta begiak busti zaizkio igarotako uneak gogoratzean. «Bihotza uzkurtua nuen. Mezuak iristen zitzaizkigun. Paisano honen etxea kiskali da, paisano haren lurrak lehertu dira, oiloak barne. Sugarrak ikusten genituen auzoan. Bi bodega nola lehertzen ziren ere ikusi genuen. Suntsituta geunden». Hiru haritzondo eta hamar sagarrondo zituzten, eta dena erre da, baina «zorionez» ez zaie inor hil, eta etxea zutik dago.
Haserre dago, ordea. «'Dena kontrolpean dago', esan zuen presidenteak [Gaztela eta Leongoa, Alfonso Fernandez Mañueco]. Gezurra. Herrian geratu zen jendeak lan egin zuen etenik gabe, udaletxean zeuden tutuekin; bestela, etxe gehiago erreko ziren». Erre diren etxe gehienak abandonaturik daude, eta suarentzat bazka ezin hobea izan dira zurezko egiturak. Baina lur eremu zabaletako garia, zekalea eta oloa ere irentsi ditu. «Ez da ezer geratu».
«Penatuta» dago, ez bere herrian gertatu denagatik soilik, baizik eta eskualde guztia dagoelako «hilzorian». Eta ez zuen horrela behar. «Eragotz zitekeen. Hona etorri zirenean, kamioien eta beste gailuen erakusketa bat egin zuten. Berandu. Suteak hasi zirenean non zeuden?».
Oviedotik urtero joaten da amaren herrira senideekin egotera. Zazpi seme-alaba dira, «Espainian zehar barreiaturik», eta udaro elkartzen dira. «Herriko chiringuito-an txibiak eta muskuiluak jatea gustatzen zaigu, sagardoz bustirik, baina aurten ozpindu egin zaigu sagardoa».
Denek errepikatzen dute bitartekorik ez dela izan, eta herritarrei esker ez direla erre etxeak eta herriak. Castrocalbonen irteerako etxe zahar batean pintaketa bat egin dute: Gracias, héroes del pueblo. Vosotros solos lo salvasteis (eskerrik asko herriko heroiei: zeuek salbatu duzue).
«Sua nahierara zebilen unean iritsi zen laguntza, baina ordura arte zer?»
DUNIA CARRERA TURIENZO Nogarejasko herritarra
Herrietako mortutik atera, eta Nogarejasko gasolindegia beste mundu bat da. Taberna lepo dago, eta kafearekin ematen duten tortilla, izugarri ona. Dunia Carrera Turienzo tabernariak, gainera, bezeroak algaraka jartzeko dohaina dauka. Serio jarri da, ordea, lau orduz seme-alaben berri izan ez zuela kontatzean.
«Gasolindegian harrapatu ninduen, arratsaldeko seietan, eta gaueko hamarrak arte ezin izan nintzen hemendik mugitu. Etxean neuzkan senarra eta seme-alabak, baina ezin nuen haiekin hitz egin. Banekien etxetik gertu zegoela sua, eta nire bizitzako lau ordurik luzeenak izan ziren».

Senarra herriko gazteekin batera aritu zen sua itzaltzen. Dunia eta bezeroak ere ibili ziren suebakiak egiten gasolindegi inguruan. «Kontrolpean» utzi zuten sua etxera joan zenean, ustez, baina hurrengo goizean gasolindegira iritsi, eta Felechares, Pinilla, San Felix… ingurua sutan zegoen. «Sua nahierara zebilen unean iritsi zen laguntza, baina ordura arte zer?».
Gasolindegi kanpoaldean hiru basozain daude atseden hartzen. Gasolindegitik iparraldera ez dute joaten uzten, «arrisku handia dagoelako». Ez dute hitz egin nahi. Izena eman gabe hitz egitera animatuta ere, mutu. «Komunikazio bulegora deitu beharko duzue. Behin gehiegi hitz egin nuen, eta kontuak eskatu zizkidaten. Egia esango bagenu…». Intrigaz amaitu du haietako batek solasaldi laburra.
«Hartzen duzun bidea hartzen duzula, dena dago kiskalita. Ezin da ibili, ezin da arnastu: ezin da ezer egin»
DIANA ARES Palacios de Jamuzko herritarra
Palacios de Jamuz ikusi gabe ezin da amaitu odisea. Espainiako albistegietan herri hau izan zen Leongo protagonista. «Palacios de Jamuz kiskaltzen ari da», zabaldu zen. Ez da egia. Kale oso bat erre zen, hori bai, baina etxe abandonatuak dira denak. Diana Aresen aitaren etxea dago erre ziren eraikinetatik gertuen. Herenegun iritsi zen Ares herrira. Bidaia atzeratu behar izan zuen astebetez, aitak aginduta. Sekulako kiratsa dago oraindik ere, animalia hilena, besteak beste. «Nekazariek tresneria eta gauzak gordetzen zituzten etxe hauetan. Oiloak ere hementxe zituzten». Etxetik atera eta ez daki zer egin. «Hartzen duzun bidea hartzen duzula, dena dago kiskalita. Ezin da ibili, ezin da arnastu: ezin da ezer egin».
Eta gauza gutxi egin daiteke egoera aldatzen ez bada. «Ez da halakorik izan inoiz, baina suteak noiznahi egoten dira, eta ez dugu ikasten. Hemen urte osoan behar da jendea, basoak garbitzen. Ez udan soilik. Hau dena gertatu da suak bazka izan duelako, zikinkeria asko, baina lur hauek abandonatuta daude».
Etsipenaz gain, kezka ere badago, oraindik amesgaiztotik ez direlako esnatu. Zamorako lurrak borborka jarraitzen du oraindik. Hego haizea dabil gaur.