Yemengo defentsa indarrek hiriburua berreskuratzeko erasoaldia abiatu dute

Sana huthien esku dago 2014tik. Riadek salatu du huthiek Saudi Arabiako lau probintzia bonbardatu dituztela, eta 70 lagun baino gehiago zauritu. Aurrez, Riad buru duen koalizio militarrak milizia xiitari eraso egin dio.

Gizon batzuk armak eskuetan, garai bateko buruzagi huthiak irudikatzen dituzten koadro batzuen ondotik igarotzen, Sanan, Yemenen, atzo. YAHYA ARHAB / EFE
Gizon batzuk armak eskuetan, garai bateko buruzagi huthiak irudikatzen dituzten koadro batzuen ondotik igarotzen, Sanan, Yemenen, atzo. YAHYA ARHAB / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko irailaren 8a
11:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Yemengo Gobernuaren defentsa indarrek erasoaldia abiatu dute Sana hiriburua berreskuratzeko. Matxino xiiten esku dago hiriburua 2014az geroztik, eta kontraerasoa abiatu du gobernuak. Atzo jakinarazi zuten Saudi Arabiaren babesa baliatuta misilekin eta droneekin erasoak egin zituztela huthien eremuen aurka Taizen, Al-Baydan eta Al-Jawfen —azken hori da Sana hiriburura iristeko bide nagusia—, eta «borroka gogorrak» izan zituztela nabarmendu zuten.

Huthiek atzo salatu zuten Saudi Arabia buru duen koalizio militarrak eraso egin ziela. Gaur adierazi dutenez, gutxienez 11 lagun hil ziren Al-Jawf probintziako espetxe baten aurka egindako eraso batean, eta desagertuta dauden beste hogei pertsonaren bila ari dira. Riadek ez du horren inguruan ezer esan, baina gaur salatu dute huthiek aire bidezko erasoak egin dituztela Saudi Arabiako hainbat probintziatan.

«11 martiriren gorpuak berreskuratu ditugu, eta beste 20 pertsonaren bila ari gara hondakinen artean», adierazi du huthiek Al-Jawfen daukaten Defentsa Zibileko zuzendari nagusi Hasan Sabolak gaur, Al-Masirah telebista katean. Atzo izan zen erasoa, eta, hasieran zazpi hildako izan zirela jakinarazi bazuten ere, jada 11 zenbatu dituzte, eta gehiago ere izan daitezkeela ohartarazi. 

Hori dela eta, Sabolak ohartarazi du «Yemenen aurkako erasoa» izan dela, eta ez dela «zigorgabe» geratuko. «Hamabi urtez, Yemengo gure herri maiteari eraso egin eta blokeoa ezarri dio Saudi Arabia etsai kriminalak, eta azken hiru egunetan modu basati eta bidegabean egin dio eraso gure herriari», diote huthiek sare sozialetan zabaldutako ohar batean.

Bada, Saudi Arabiak gaur goizean salatu du huthiek hainbat eraso egin dituztela herrialdeko lau probintziatan. Haren esanetan, misilak eta droneak erabili dituzte eraso egiteko, eta «energia instalazioak» eta zibilak zituzten helburu. Iturri ofizialen arabera, 70 lagunetik gora zauritu dira eraso horietan, eta suteak piztu hainbat energia instalaziotan. «Erresumak ez du zalantzarik izango bere interesak babesteko eta bere betebeharrak betetzeko, Yemenen eta eskualde osoaren segurtasuna lortzeko», esan du Faisal bin Farhan Al-Saud Saudi Arabiako Atzerri ministroak gaur, prentsaurreko batean.

Londresek debekatu egin du zisjordaniako kokaguneekiko merkataritza jarduera

Israelek Zisjordanian ezarritako legez kanpoko kokaguneekiko merkataritza jarduera debekatu du Erresuma Batuko Gobernuak. Horren berri eman du gaur Komunen Ganberan Ed Miliband Atzerri ministroak. Zehaztu du kokaguneetatik inportatzea galaraziko dutela, eta zigortuko dituztela kokaguneekin harreman komertzialari eusten dioten enpresak eta norbanakoak. Isaac Herzog Israelgo presidenteak esan du agerraldi batean Londresen jarrera «kalkulu akats bat» dela.

Yemengo Gobernuak eta Qatarrek ere huthien erasoa gaitzetsi dituzte. «Eraso hori ekintza lotsagabea da, eta Saudi Arabiako herritarren eta aktibo nazionalen segurtasuna, subiranotasuna eta egonkortasuna amaitzea du helburu», salatu du Yemengo Atzerri Ministerioak sare sozialetan zabaldu duen ohar batean. Qatarrek Itsaso Gorrian hainbat merkantzia ontziri «etengabe» egin dizkieten erasoak ere salatu ditu, eta eskualdeko «herrialdeen segurtasunaren aurkako mugimenduak» direla azpimarratu.

Tentsioa, gora

Uztailaz geroztik gora egin du tentsioak Riaden eta Yemengo matxino xiiten artean. Yemengo gerra 2014an piztu zen, huthiak Yemengo Gobernuaren aurka matxinatu baitziren, eta 2022an iritsi zen tregoa, NBE Nazio Batuen Erakundeak bitartekari lanak egin ostean. 

Aurtengo uztailean, ordea, biek ala biek liskarren bidea hartu zuten berriro. Azken hilabeteetan, Saudi Arabiako eta Yemengo gobernuek salatu izan dute huthiak Iranen mesedetan ari direla eskualdean. Izan ere, Riadek Yemengo Gobernua babesten du, eta, kontrara, Teheran eta huthiak aliatuak dira. Huthiek daukate Yemengo mendebaldearen kontrola.

Azken egunetan Yemengo matxino xiitek salatu dute Saudi Arabiak armak eta airetik eraso egiteko baliabideak eman dizkiela Yemengo indar armatuei, eta ohartarazi dute «helburu argia» daukatela biek ala biek: huthiak kontrolpean dauzkaten eremuetatik botatzea.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA