«Behatza katuan» dutela ohartarazi zuen atzo Yemengo huthien liderrak, Abdul-Malik al-Huthik, eta Ekialde Hurbileko gatazkan interbentzio militarra egiteko pronto daudela ere bai, baldin eta Iranen eta haren babespeko eskualdeko milizien kontrako erasoek bere horretan badiraute. Hilabete bete da gaur Israel eta Ameriketako Estatu Batuak errepublika islamiarraren kontra hasi zirenetik, eta, gaur, huthiek hitza bete dute: gatazka are gehiago zabaldu da, Yemengo miliziano xiitek misilez eraso baitiote bart Israeli.
Erasoaren ondoren, Yahya Saree huthien adar militarreko bozeramaileak prentsaurreko batean jakinarazi du misil balistikoak jaurti dituztela «etsaiaren» helburu militarren kontra, Israelek okupatutako Zisjordania hegoaldean. Israelgo armadak, ordea, adierazi du misil bakarra bota dutela Yemendik, eta Beer-Xeva hirian atzeman dutela aireko defentsa sistemek, Zisjordaniako mugatik hurbil. Gero, baieztatu du gurutzaldi misil bat ere bota dutela huthiek; hori kaleratu du The Times of Israel egunkariak.
Iranek Ormuzko itsasartea blokeatu izanak ekarri dituen ondorioak ikusita, huthien esku hartze militarrak kezka eragin du nazioartean, milizianoek zer egingo Adengo golkoa eta Itsaso Gorria lotzen dituen Bab el-Mandeb-eko itsasartearekin. Israelek Gazaren kontra ezarritako setioaren harira, huthiek itsasarte horretatik igarotzen ziren zamaontziak bonbardatu izan dituzte, nahiz eta gisako erasorik ez duten egin joan den urritik, hots, Israelek eta Hamas Palestinako talde islamistak zerrendarako su etena hitzartu zutenetik. Bada, huthien gobernuko Mohammed Mansur Informazio ministrordeak mehatxu egin du, eta jakinarazi Arabiar penintsularen mendebaldeko itsasarte hori ixtea dela Israeli kontra egiteko «aukeretako bat».
Huthiek lehenbizikoz egin dute eraso Israelen kontra otsailaren 28az geroztik, baina gatazkako gainontzeko aldeek haienari eutsi diote. Israelek Libanoko hiru kazetari eta beste herritar bat hil ditu herrialdearen hegoaldean auto batean zihoazela, ibilgailua bonbardatuta; horren berri eman dute herrialdeko hedabideek. Israelgo armadak argudiatu du kazetari horietako bat Hezbollah milizia xiitako kidea zela.
Joseph Aun Libanoko presidenteak hilketa horiek salatu ditu bere bulegoak kaleratu duen ohar batean, eta Israeli nazioarteko legedia urratzea leporatu dio: «Krimen krudela da». Libanoko Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, hilabeteko epean 1.189 lagun hil dira herrialdean, Israelek egindako erasoetan.
Masud Pezexkian Irango presidenteak abisatu die eskualdeko herrialdeei ez diezaietela utzi AEBei eta Israeli Iranen kontrako erasoak egiten beren lurretan, baldin eta «garapenari eta segurtasunari» eutsi nahi badiote. Sare sozialetan idatzitako mezu batean, azaldu du ez dutela «eraso prebentiborik» egiten: «Baina sendo erantzungo dugu gure azpiegiturei edo gure egoitza ekonomikoei eraso egiten badiezue».
Irango Guardia Iraultzailearen bozeramaile Ebrahim Zolfagarik jakinarazi du AEBetako armadaren laguntza militarra emateko ontzi bati eraso diotela goizaldean, Omango Salalah portutik «distantzia handi samarrera»; izan ere, Tasnim albiste agentziak jasotako oharrean, Zolfagarik gogorarazi du Iranek Arabiar penintsulako herrialde horren subiranotasuna errespetatzen duela.
Halaber, erantsi du Arabiar Emirerri Batuetako bi helburu ere bonbardatu dituztela, AEBetako 500 soldadu baino gehiago «ezkutatuta» zeudela horietan, eta «galera handiak» izan direla; AEBetako armadako Agintaritza Zentralak, ordea, gezurtatu egin du Dubain halako erasorik egon dela, eta «gezurrak fabrikatzea» leporatu dio, sare sozialetan idatzitako mezu batean. Bestalde, Iranek sei misilekin eta hainbat dronerekin eraso zion atzo Saudi Arabiako Prince Sultan base militarrari, eta dozena inguru soldadu estatubatuar zauritu zituen, horietako bi larri, The New York Times eta The Wall Street Journal egunkariek bart kaleratu dutenez.
Diplomazia ere badago
Pakistan bitartekari ari da gatazkako aldeen artean, Washingtonek eta Teheranek oraingoz ez baitute zuzenean negoziatzeko intentziorik. JD Vance AEBetako presidenteordeak iragarri duenez, gatazka «aurki» amaitzekoak dira, baina Donald Trump presidenteak «beste pixka bat» luzatzea espero du, errepublika islamiarra «neutralizatzeko» asmoz: «Bermatzeko, behin handik joanda, luzaroan ez dugula halakorik egin beharko berriz», esan du Vancek MAGA mugimendu trumpzaleko kide Benny Johnsonen podcastean gaur.
Aldeen jarrera ikusita, ezer baino lehen, Pakistanek tankera hartu nahi dio egoerari Ekialde Hurbileko zenbait herrialderekin batera: Ishaq Dar Atzerri ministroak Islamabaderako gonbita egin die Saudi Arabiako, Turkiako eta Egiptoko bere homologoei; bihar eta etzi biltzekoak dira, Pakistango Atzerri Ministerioak gaur ohar bidez jakinarazi duenez. Hakan Fidan Turkiako Atzerri ministroak zera esan zuen atzo, telebista kate batean: «Gerra honetako negoziazioak norantz doazen eztabaidatuko dugu, lau herrialde hauek zer iritzi duten egoeraz, baita zer egin daitekeen ere». Era berean, Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroak adierazi du Pezexkianekin hitz egin duela gaur telefonoz, ordubetez baino gehiagoz.
3.100Trumpen kontra zenbat manifestazio egitekoak diren gaur AEBetan. No Kings (Erregerik ez) lelopean, 3.100 manifestazio baino gehiago antolatu dituzte gaurko Ameriketako Estatu Batuen luze-zabalean, Donald Trump presidentearen politiken kontra egiteko, baita Iranen aurkako erasoaldia salatzeko ere. Presidenteak boterea eta eragina «modu autoritarioan» pilatzen duela ohartarazi dute antolatzaileek.