Dozena bat urte igaro dira Yemengo gatazka hasi eta huthiek herrialdearen ipar-mendebaldea kontrolpean hartzea lortu zutenetik, tartean Sana hiriburua bera. Barealdia ere izan du gatazka horrek, harik eta udan milizia xiita hegoalderantz egiten hasi zen arte, Itsaso Gorriko kostaldean zehar —irailaren erdialdean heldu zen Bab el-Mandeb itsasartearen tarterik estuenera—; orduz geroztik, matxinoek eta Yemengo estatu indarrek herrialdearen hego-mendebaldean egin dute talka, eta, orain, besteak beste, Taiz eskualdean dago gerra frontea, izen bereko hiria noren esku geratuko —herrialdeko hiririk jendetsuenetan bigarrena da Taiz—.
Halaber, Sana inguruan, zortzi eztanda zaratatsu entzun dituzte gaur, tokiko hedabideek eta zenbait lekukok Efe agentziari adierazi diotenez; Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizio militarrari egotzi dizkiete aire bidezko eraso horiek, eta huthien azpiegitura militarren kontrakoa izan dela zehaztu dute. Ondoren, Yemengo armadako bozeramaile batek sare sozialetan idatzi du «legitimoki» ari direla egiten helburu militarren kontrako «eraso estrategikoak» Sana inguruan.
Aurrez, Iranen aldeko milizia xiitak eraso bat egin du Saudi Arabia hego-mendebaldean: herrialdeko Defentsa Zibilak jakinarazi duenez, erorarazitako misil batek eraikin bat jo du Asir eskualdean, eta gizon bat zauritu da; beste jaurtigai batek, berriz, kalteak eragin ditu Najran hiriko eskola batean.
Saudi Arabiak tenkatu zuen soka, uztailean: huthiek salatu zuten Riadek Sanako aireportua bonbardatu zuela Irango hegazkin batek lur har ez zezan, eta, erantzun gisa, misil balistiko bat jaurti zuen Saudi Arabiako Abha hiriko aireportuaren kontra —aireko defentsa sistemek eraitsi zuten—. Horiek horrela, bertan behera geratu zen duela lau urte ezarritako su etena, eta matxino xiitek ohartarazi zuten Itsaso Gorrian nabigatzea eragotziko ziola Riadi. Uztailaz geroztik, 800 pertsona baino gehiago hil dira gatazka dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak asteon jakinarazi duenez.
2014an gatazka hasi eta hurrengo urtean sortu zuen Saudi Arabiak Yemengo Gobernuari laguntzeko koalizio militarra, besteak beste, zenbait herrialde arabiarrekin batera. Eta ikusita huthiek aurrera egin dutela Bab el-Mandeberaino heldu arte, Saudi Arabia kontraeraso bat ari da prestatzen, Itsaso Gorriko nabigazioa bermatze aldera; horixe kaleratu du bart Reuters berri agentziak, iturri ofizialak aipatuz. Esan diotenez, datozen asteotan abiatzekoak dira, azaroaren 3an Ameriketako Estatu Batuetan agintaldi erdiko bozak egin eta jarraian: Yemengo estatu indarrak frontean borrokatzekoak dira —baliteke 100.000 tropa mobilizatzea—, eta Saudi Arabia aire bidezko erasoak egitekoa da. Gainera, agentziaren arabera, bi aukera dituzte operaziorako: edo Bab el-Mandeb itsasartean zentratzea, edo erasoaldi zabalago bat egitea huthiek eta gobernuak kontrolatzen dituzten eremuen mugan zehar.
Yemengo armadako bozeramaile batek atzo gauean jakinarazi zuen bostehun operazio militar inguru egin zituztela azken orduetan, horietako gehienak Taiz eskualdean, eta guztira 1.500 matxino baino gehiago hil edo zauritu zituztela; ez zuen datu zehatzik eman hildakoen edo zaurituen zenbatekoaren inguruan. Horrez gain, armadako arduradun batek Al-Jazeera hedabideari gaur adierazi dio Taiz hiriaren ekialdeko sarbidea itxiarazi duela, argudiatuta huthiak «infiltratzen» saiatu direla —oztopatu duten errepideak nazioarteko aitortza duen gobernuaren kontrolpeko Taiz eta huthien menpeko Al-Juban hiria lotzen ditu, hedabideak zehaztu duenez—.
%75Yemengo Gobernuaren menpeko eremuetan zenbat familia dauden gosez, ehunekotan. Munduko Elikadura Programak atzo adierazi zuenez, Yemengo Gobernuaren menpeko eremuetan gosea pasatzen dute lau familiatik hiruk, gatazka dela eta —hamar milioi lagun inguru bizi dira eremu horietan—. Ohartarazi zuen «gose krisia» areagotu egingo dela, eta finantzaketa beharrezkoa dela artatzen dituen 1,4 milioi herritarri laguntzen jarraitzeko. Gainera, uztailetik hona, 150.000 lagunek ihes egin behar izan dute etxetik.